Eleno Alkain eta Saioa Aginako

Hitzak dastatuz

L o egiten eta jaten pasatzen ditugu jaio osteko hasierako hilabeteak. Tartean, irudi askotarikoak agertzen zaizkigu begien parean, forma eta kolore ezezagunak ekartzen dizkigutenak. Belarrietatik soinu eta zarata korapilatuak barneratzen ditugu. Ahoa bihurtzen da inguratzen gaituzten objektu kontaezinak ezagutzeko bitartekaria, eta, gerora, eskuak eta atzamarren zentzua ikasten dugunean, sua zein ura ukitzeko jakin minak hartzen gaitu, aldi berean, sudurrak gurasoen beso baregarrietara gidatzen gaituela. Eta horrela, pausoz pauso, supituki agertu garen munduaren kodeak eta arautegia ikasten goaz, konturatu gabe; soilki barneratuz.

Zentzumenek laguntzen digute betekizun horretan. Haur eskolan, gure bost zentzumenen funtzioak ikasten ditugu. Txanogorritxuren ipuin ezagunaren pasarte batean esaten den bezala, begiak ikusteko, belarriak entzuteko, sudurra usaintzeko, eskuak ukitzeko eta ahoa dastatzeko erabiltzen ditugu. Berezkoa dugu. Hala ere, magia iruditu arren, musika ikusi, zaporeak haztatu, pertsona baten izaera usaindu edota orgasmo bat koloreetan bizitzeko ahalmena duten pertsonak ere badira munduan. Gertakari hau, gutxi batzuk duten trebetasuna, sinestesia izenarekin ezaguna da.

Ez da horren aspaldi, aipatutako ahalmena azaleratzeak edo adierazteak erietxe batean giltzapetzeko arriskua zekarren; ez zegoen sinestesiaren inguruko ikerketarik eta, ondorioz, gaixotasunek sor zezaketen haluzinazioekin nahasten zuten sinestesia. Ordutik, zientziak aurrerapauso handiak egin ditu eta, ikerketa askorik ez duen fenomenoa izan arren, gaur egun badakigu zentzumenetatik ateratako informazioa prozesatzen dituzten garuneko ondoz ondoko eremuen aktibazio gurutzatuaren ondorioa dela. Alabaina, bigarren zentzumen bat gehitzen zaio, zentzumen bakarrari egozten zaion kinadari. Grekoa menderatuz gero, hitzean bertan dugu adiera: syn: lotura eta aisthesis: hautemate edo sentsazio.

Sinestesia mota ezberdinak aurkitu ditzakegu, batzuk besteak baino arruntagoak. Horien artean dago hitza eta dastamena elkarlotzen dituena; alegia, hitz bat ahoskatu, eta zapore bat datorkigu gogora, oharkabean. Beste mota bat da hizkiak, ikurrak edo zenbakiak koloretan ikusten dituzten pertsonena. Halaber, arrunt antzekoa da pertsona batek musika entzutearekin batera koloreak ikustea, doinuaren maiztasunaren arabera.

Sinestesia modu orokorrean azaldu eta gero, erraz konturatuko gara eskura ditugula sinestesiatik gertu dauden eta guztiok erabiltzen ditugun baliabideak egunerokotasunean. Adibidez, literaturan, baliabide erabilienetako bat da metafora. Metaforan, sentsazioak eta sentimenduak adierazi eta indartzeko sinestesia izeneko baliabidea erabili dezakegu; esaterako, soinu bat ziztatzailea dela esaten dugunean. Zenbait ikerketek erakutsi dutenez, gizaki guztiek forma berdinarekin eta oso antzekoarekin lotzen ditu soinuak, soinu mota gorabehera. Gertakari hau frogatu nahian, W. Köhler psikologoak experimentu bat egin zuen XX. mendearen bigarren hamarkadan. Bi forma ezberdin erakusten zituen: bata, punta zorrotzekoa; bestea, biribildukoa, eta bi izen “takete” eta “baluba” aipatzen zituen. Izen bat forma bakoitzarentzat, baina zein zeinentzat? Zuk zein aukeratuko zenuke? Bada, %90ek “takete” erabiltzen zuen forma zorrotzarentzat eta “baluba”, aldiz, biribilduarentzat. Harrituta? Antza, garunak forma eta soinuetatik ezaugarri abstraktuak ondorioztatzeko gaitasuna dauka.

Imajinatu ezazue zenbat zirrikitu ezezagun dauzkan garunak oraindik ere, nork aurkituko zain. Irudimenari hegan egiten uzten diogun bitartean, zergatik ez margotu Vivaldiren “Lau Urtaroak” edo dastatu Kirmen Uriberen olerkien zaporea? Zentzumenekin gozatu, jolastu eta garatu? •