Gorka Zozaia

Arimen gaueko udatxoa

Eneee, zelako parrastada jasaten ari garen udazken bero honen harira! Veroño ere bataiatu dute gaztelaniaz. Ezbairik gabe, udazkenean bero egiteak hedabideen estaldura osoa behar du, tenperaturaren datuak alderatzeko, osasunerako ondorioez ohartarazteko, fenomeno harrigarri honen zergatietan sakontzeko... Ez dakit egunotako beroak baino gehiago lelokeria zaparrada horrek ez ote didan eragin buruko mina! Eguraldiarena, noski, beti da jendearen burua kakazteko aitzakia ona... edo alderantziz, nahi bada; isilune deserosoak gai hutsalekin –baina informazio onenarekin– betetzeko irrikaz diren datu kontsumitzaileengan pentsatuz egiten dute lan ordainezin hau hedabideek. Tira, gortinak astintzearren bada ere, inoiz ez da soberan eguraldia berrietan.

Nik ere, nola ez, aukera profitatu nahi dut «udespuela» honen gaineko informazio apurrak konpartitzeko. Akaso igogailuko elkarrizketan ez da denborarik izango jakintza hau konpartitzeko, baina tira, inoiz ez dago soberan gauzak zergatik gertatzen diren jakitea. Sakontzeko batere asmorik gabe, gainetik azalduko dut, beraz. Poloko eta hegoaldeko (tropiko-azpikoa, Saharako labetik datorrena) aire masa handiak lehian izaten dira urtean zehar; udan, hegoaldekoak gailentzen dira eta neguan, aldiz, polokoak. Lehia hori udaberrian eta udazkenean ageri da nabarmen, eta horregatik gertatzen dira tenperatura aldaketa bortitzak. Aurtengo uda gehiago luzatu izana (azken hamarkadako joerari eutsiz) berokuntza globalarekin lotu liteke, eguzkia faltan izaten hasi arren, hego haizeak tenperatura igoera orokorra lagun baitu lehia horretan.

Hau esanda, berehala hasiko da baten bat «klimaaaaa aldaketaaaaa» histerikoki oihuka, eta ez nuke nahi euforia hori konpartitu. Ikusi berri dut EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko EKAIA aldizkariaren azken alean ere gaia tentuz aztertzen dutela, eta koordinatzaileak baieztatzen duenez, «klima aldaketari guztiaren errua leporatzeko ohitura txarregia dugu». Ez dut hemen, eta berriro, meloi hau irekiko, baina, egunotako beroari dagokionez, zera esan dezaket:

1.- Berri batean jasotzen denean ezdakitnon ez zela halako berorik erregistratzen ezdakitnoiztik, tortillari buelta ematen diot nik: «Kontxo! Orduan, ezdakitnoiz (bota 150 urte) bero bera egin zuen!». Esan gabe doa berrehun bat urteko erregistro eskasa dugula...

2.- Zer esaten digute udatxo edo «veranillo» izeneko bero-boladek? Izan Mielena edo Martinena, irailetik azarora maiz daude horrelakoak, hainbeste, non tradizio linguistikoa ere baden, tenperatura erregistratzen hasi aurretik kulturan zizelkatua.

 

Arazoa baina, ahanztura da; alegia, behinola kulturan zizelkatutakoa zaparradak nola higatzen duen eta mundializazioak gainetik nola margotzen duen. Gaurko eguna dugu horren lekuko. Gehienontzat, “Santu Guztien Eguna” dena, gero eta gehiagorentzat “Halloween” izeneko jai eguna da, kanposantuekin bainoago mozorroekin, limosnarekin eta kalabazekin loturiko ospakizuna. Oroitzen dut olatua iristen hasi ahala arrotz iritzi geniola. Bada, Halloween, literalki, Santu Guztien Bezpera, Europako leku askotan ospatu izan da, baita hemen ere. Gure aiton-amonetako batzuek ezagutu dute mozorrotu, etxez etxe eskean ibili, eta kalabazak ostu, hustu eta barruan kandela bat jarrita bide bazterrean uzteko ohitura. Alta, bi belaunaldiren ondoren, nik usaindu ere ez dut egin, Oier Araolazaren artikulu bat irakurri nuen arte. Paradoxikoki, apika neolitikotik zizelkatzen hasitako arrastoa kristautasunaren margoz estali zena, orain, mundializazioak ekarri digu bueltan, kontsumismoaren zelofanean bilduta.

Nola ez, beste behin jausten naiz zutabetxo honetako zulo beltza den jakintzaren eraikuntzaren (edo zientziaren) hausnarketa putzura. Apenas dut jada bertan igeri egiteko lekurik, eta datuen zaparradaren eta informazioaren erronkan beste batean sakonduko dut. Bitartean, alzheimer kultural honen aurka gure onena ematea dagokigu, bestela, konturatzen garenerako, «Halloweeneko klima aldaketa» izenburua jarrita, veroñoa delakoa izango baitut hizpide lerrootan, urtaro hau udaren azkena, udazkena, dela ahaztuta. •