Nagore Amondarain

Kultura urbanotik gidaturiko auziak

Irailaren bukaeran jazo zen, Arratia bailarako Dima herrian. Udazkenaren hasiera izaten da marihuana landareak jasotzeko sasoia. Ohikoa da landa eremu askotan landare honen haztea, eta ohikoak sasoi horretan ematen diren lapurretak ere. Telebista eta egunkari batzuetako lehen lerroetara eraman zen gertaera, lapurretak izan zituen ezaugarriak tarteko. Ustezko delitugileak lapurrak izan ordez, Dimako sei herritar izan ziren. Bilbotik, beren beregi landareak ebastera, etorriak ziren lapurrak harrapatu eta ustez jazarri zituztelako izan ziren atxilotuak sei dimoztar hauek. Lapurreta egin zuten bi gazteak adin txikikoak izateak, albisteari dimentsio handiagoa eman zion. Eta horrekin batera, bi adingabeak mendian biluzik utzi izanak ere lehen planoa bereganatu zuen. Ez naiz sartuko baloratzen lapurrak harrapatzeko moduak neurriz kanpokoak izan ziren, bai ala ez. Ez dut jarri nahi hor arazoaren muina, albisteak sakon aztertzeko alderdi asko zituelako, nire ustez.

Landa eremuetan ez ezik, gero eta zabalduago dago marihuana landatzea, ikustea baino ez dago albiste izaten diren ezkutuko etxebizitzak edozein hiriburutan, argi artifizialarekin jartzen diren marihuana haztegiak, alegia. Baina landa eremuan, landatze eta kontsumo moduetan, bestelako kultura bat zabaldu dela esango nuke. Landatzearen helburua, komertzializatzea izan ordez, norbanakoaren kontsumoa izaten da, eta, zelan ez, doako banaketa. Kontsumo soziala, beraz, lagunartean oparitzen diren poltsatxoak. Belar hau diruaren truke lortzen duen bati harrigarria suerta dakioke ohitura hau, baina, gertatu, gertatzen da. Hori baino gehiago, ikustearren landa eremuetan zelan sozializatua dagoen, harrigarria bainoago bitxia da, nola ibiltzen diren baserritarrak beren seme-alaben kontsumorako landareen aldaxkak ateratzen edo zeinek landare hobeak atera, bata besteari, erronkak jartzen.

Urterokoak izaten dira, beraz, hiriguneetatik etorrita, gauzatzen diren lapurretak sasoi honetan. Herrietako zein auzoetako asmo txarrik gabeko lanek, lapurreten tentsio garaiarekin egiten du topo. Barbaro edo gaizkile bezalako adjektiboak erabili ziren telebistako saio batean gertaera honen azaleko balorazioak egiterakoan. Zigor kode bat aurrean dela egiten diren balorazioak, aintzat hartu barik kultura urbanoaren eta landa eremukoaren arteko talka baino ez dela gertaera bera. Hitzez konpondu nahi izanez gero, nork bere ardurak onartuz konponduta legoke auzia, baina errudun bat nahi izaten da horrelakoetan, norberaren bekatuak zuritzeko.

Gogoan dut nola izan zuten etxeko atxiloaldian gure aitona, 80 urte beteak. Hiritik perretxiko bila etorritakoek jarri zioten salaketa, hau da: bere lurretara perretxiko bila sartu ziren haiek. Baserriko hesitura zabalik utzi eta perretxikotan jardun ziren bilbotarrak, aitonak hainbat alditan hesitura ixteko eskatu zien arren, baserriko bere ataritik, egurra mozten ari zela. Ikusirik ardiek ihes egiteko arriskua zutela, hesiturara aizkora sorbaldan zuela jaitsi zen, berau ixteko asmoz. Hiriko perretxiko biltzaileek mehatxu gisa hartu eta salaketa tramitatu zuten, ondorioa horixe izanik: asteburuko atxiloaldia etxean. Hitzez konpondu zitekeen hura (nork bere erantzukizuna onartu eta konpondu ordez) zigor kodearen aurrera eramatea zaie batzuei eraginkorrena. Epaile batek deliberatu dezan, kultura urbanoaren, zirrikiturik gabeko, tintaz idatziriko legea eskutan, baten alde eta bestearen kontra. •