Saioa Iraola

Burujabetza feministaz

Burujabetzaren ideiak abstraktua, urrunekoa, kanpoko indarrek eskainia… izan behar zuela, irakurtzen nituen mezuek eraginda: Euskal Herriak burujabetza behar du! Baina zein da, nor gara Euskal Herria? Nola lortzen da hori, ez bada, hain zuzen, subjektuon jardunaz, herritarrok osatutako herriaren jardunaz? Maiz jaso dut herriak soilik izan behar duela burujabetza subjektu gisa, estatu propioek ohi bezala, eta behin burujabetza administratibo, politiko zein kulturala lortutakoan, eskumenen gaineko eskumena izanik, hasiko garela herria subjektua osatzen dugun subjektuon burujabetza prozesuez jarduten, eztabaidatzen.

Eta nire ustez, burujabetza prozesuak, soberaniak, bide eman behar digu buru-gorputzen jabetzatik –jabe izatetik–, kolektiboki, nazio eta herri gisa burujabe izatera pasatzeko. Ez dagoelako burujabetzaren subjektu soil eta bakar bat, botere politikoari eta Euskal Estatuaren sortze prozesuari baino loturik ez dagoena. Aitzitik, horrek bidelagun izan behar ditu beste hainbat prozesu, euskal jendartea osatzen dugun herritar oro burujabe izan eta askotariko zapalkuntza sistemetatik osatuta-sendatuta egoteko, aske izateko, burujabe izateko. Bestela, zertarako balio diezaguke emakumeoi Euskal Herri burujabe batek, baldin eta ez badugu aske sentitzerik emakume gisa, langile gisa, lesbiana gisaeta gorputz ez arautu batean bizi garen aldetik?

Nola irudikatzen eta desio dugu burujabetza? Askotan hitz egin dugu herriaren burujabetzaz; demokraziaz, herriaren botereaz; soberaniaz, botere politikoaz. Ez ordea, hainbestetan, nola irudikatzen dugun edota zertarako dugun beharrezko. Feministok burujabetza prozesua zehazten hasiak gara eta horretan sakontzen jarraituko dugu… Bagoaz, badatoz, “Jostorratzak dantzan ditugu, Euskal Herriaren burujabetza feministarantz”, VI. Emakume Abertzaleon Topaketa Feministak. Abenduaren 13an Ondarroan ikusiko dugu elkar! •