Isidro Esnaola

Plutokrazia ala demokrazia

Urte batzuk daramatzagu krisia gora eta krisia behera. Hala ere, oro har, herri honetako eragile politiko, ekonomiko eta sozialek aurreko eskema berdinekin funtzionatzen jarraitzen dutela iruditzen zait. Ez dakit zergatik gertatzen den hori. Batzuetan pentsatzen dut azkar ahazten ditugula gauzak; beste batzuetan, aldiz, iruditzen zait ez dugula bizitako esperientzien inguruan inolako hausnarketarik egiten, eta, ondorioz, ez dugula inolako irakaspenik ateratzen. Denborak aurrera egin ahala akats berdin-berdinak errepikatzen ditugu behin eta berriz.

Aste honetan, adibidez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ, PSE eta PPren botoekin Aldundiaren foru arau bat aldatzea adostu dute; aldaketaren eraginez, bankuek dituzten aktibo fiskal geroratuei aurre egiteko Aldundiaren asmoa oztopatu dute alderdiok. Iluna benetan kontua. Modu erraz batean azaltzeko, honela azal dezakegu: bankuek, beren galerak kontabilitatean apuntatzeko garaian, zuhurtasun printzipioa albo batean uzten dute, eta, horren ordez, esne saltzailearen ipuina jarraitzen dute. Hau da, galerak apuntatu beharrean, galera horien etorkizuneko balizko efektua apuntatzen dute kontabilitatean. Etorkizuneko balizko efektu hori izan daiteke, adibidez, mozkinak izanez gero irabazi horiengatik zerga gutxiago ordaintzea. Esne saltzailea eredu, oraindik lortu ez dutena zenbatzen ari dira. Hori gutxi ez eta bankuek etorkizuneko aurrezki horiek euren kapitala kalkulatzeko ere erabiltzen dituzte.

Dirudienez, Europako Banku Zentraleko buruzagiek esne saltzailearen ipuina ezagutzen dute eta bankuei esan diete egiten dutena ez dela zuzena, bankuaren kapitala kalkulatzeko ezin dutela zenbatu etorkizuneko balizko dirurik. Hori egin ahal izateko norbaitek bermatu behar duela diru hori benetan jasoko dela, nahiz eta irabazirik eduki ez. Edozein kasutan. Hori horrela, zeinengana jo dute bankuek? Administrazioarengana. Hau da, enpresa pribatuek berme publiko bat eskatu diote Administrazioari. Beste modu batean esanda, guztion ondasuna abal moduan erabilita, banku pribatuei bermeak ematea eskatu dute. Bitxia. Ba horri gehitu behar zaio Espainiako Bankaren Elkarteak berak Madrilgo Vallecas auzoko desjabetze baten harira honakoa esan berri duela hitzez hitz: «Abal bat sinatzea ez da adiskidetasunarekin edo seme-alabekiko maitasunarekin zerikusia duen zerbait». Espainiako Bankaren Elkarteak, beraz, oso argi du abalak ematerakoan arriskuak oso ondo neurtu eta sentimenduak albo batera utzi behar direla. Business is business.

Alabaina, politikariak ez dira iritzi berekoak, batez ere, bermeak guztion kontura ematen dituztenean. Horrela, bai Estatuan bai Bizkaian, bankuei berme hori inolako baldintzarik gabe eman zieten; adiskidetasunagatik, beharbada. Nazioarteko Diru Funtsak, bere aldetik, gaiaren inguruko iritzi propioa du. Ondo ikusten du berme hori ematea, baina, era berean, planteatzen du neurriak hartu behar direla; alde batetik, arriskuak txikiagotzeko sektore publikoarentzat, eta, bestetik, tokiko ekonomian eragin positiboak lortzeko. Horren haritik, PSOEko diputatu Valeriano Gomezek kongresuan nabarmendu bezala, Nazioarteko Diru Funtseko ordezkariak sozialistak hain justu ez direla kontuan izan behar da... Espainiako Bankaren Elkarteak ere antzeko zerbait eskatu zuen; hori bai, besteentzat, ez bere buruarentzat! Kontuak kontu, nahikoa zentzuzkoa dirudi berme bat ematerakoan baldintza batzuk zehaztea. Gipuzkoako Foru Aldundiak gai horren inguruan aurkeztutako foru arauak, hain zuzen, abalarekin batera baldintza batzuk ezartzea aurreikusten zuen. Eztabaida horri aurre egin aurretik, baina, EAJ, PSE eta PPk beste bide bat hartu dute. Bide batez, emendakin baten bitartez eskatzen zutena eman diete bankuei: guztion eta baldintzarik gabeko bermea.

Istorio honetan, gainera, kezkagarriena ez da banku batzuei abal bat eman izana inolako baldintzarik eskatu gabe. Larriena da interes publiko eta orokorra defendatu beharko luketen alderdi politikoetako ordezkariak, berriz ere, interes pribatuen aurrean makurtu direla. Hori bai dela demokraziaren osasunaren neurgailu garrantzitsua. Okerrena, jarduteko era horrek beste krisi batera garamatzala... •