Garazi Goia

Distira

Pasa den urrian Patrick Modiano idazleari Literaturako Nobel saria eman ostean, azken bi hilabeteetan idazle frantsesen nobelak irakurtzeko aldartean ibili naiz; konpultsiboki liburu bat bestearen atzetik irakurtzen pasatzen dudan fase horietako bat izan da. Batzuetan pasatzen zait hori. Sorpresa atseginak topatu ditut bidean.

“El Pais” egunkarian duela gutxi zutabe batean irakurri nuen Frantzian literatura ez zela amaitzen Sarte edo Camusen idatziekin, nahiz eta haiek definitu zuten existentzialismo edo noveau roman garai haren ostean literaturan gainbehera bat hasi zela askok pentsatu. Modianori emandako Nobel sariarekin, esan daiteke distira hura berriro sortu dela eta idazle frantsesak galdutako protagonismoa irabazten hasi direla, hainbat urte beste batzuen itzalean pasatu ondoren.

Frantziako kulturaren testuinguruan, beti harritu nau batez ere telebistan kulturak duen presentziak. Ohikoak dira, adibidez, intelektual anitz azaltzen diren debateak eta antzeko saioak prime time garaian; batek pentsatuko luke ez direla ikusle gehien erakarriko duten programak, baina printzipioak mantentzean datza akaso, arriskuak hartzean. Lehen aipatu dudan artikulu berean esaten zuen kazetariak, datorren urtean Frantzian 7.000 milioi euroko aurrekontua izango duela Kultura Ministerioak. Konparaketa moduan, Erresuma Batuan, Arts Council deitzen den erakunde entzutetsuak, 840 milioi baino ez ditu jaso arteen arlo ezberdinetarako. Eta, Espainian, adibidez, 750 milioi eurokoa izango da kultur jardueretarako hurrengo urteko aurrekontua, Frantzian baino ia hamar aldiz gutxiago.

Modianoren lanetara itzuliz, bere liburu bat bakarrik irakurri dut eta ez zen konbentzituta eta ilusioz hasi nuen liburu horietako bat. Istorioa ez da memorian iltzatuta geldituko zaidana edo bere bigarren liburu bat irakurtzera bultzatu nauena; baina, gauza sinpleak sofistikazio puntu batez kontatzeko duen trebezia izan da atentzioa eman didana, bere estilo zuzen eta argian azalduta. Estilo zuzen horren harira, badago Frantzian idazle belaunaldi bat literatura burutsu eta ezberdin bat sortu duena. Horien artean aipatzekoak dira Annie Ernaux, Jean Echenoz eta Emmanuel Carrere adibidez, Michel Houllebecq eta Amelie Nothomb bezalako fenomeno literarioetatik pasatuz.

Annie Ernauxen liburu bati buruz pare bat gauza aipatu nahiko nituzke, duela gutxi izan dut-eta lehenengo aldiz bere lanak irakurtzeko plazera. Frantsesez “La place” izenburuduna da liburua, irakurri ez baduzue benetan gomendatzen dudana. Hain zuzen, lehen aipatzen nuen belaunaldi horrek egin duen literatura ezberdinaren isla da, estilo ziztatzaile batekin, narrazio iradokitzaile eta probokatzaile batean oinarrituta, teknika konplexuen beharrik gabe. Modianoren liburuak ez bezala, honek harrapatu ninduen, hasiera-hasieratik. Emakume batek bere aitari buruz hausnarketa intimoa egiten du, askorentzat debekatuta legokeen marra edo muga hori zeharkatuz, sentimenduak biluztuz, aita-alaben arteko erlazio hotza deskribatuz. Aitaren heriotzak sortutako erreakzioak naturaltasunez kontatzen ditu. Aldi berean, Ernaux hezi zen lekuari eta inguru sozialari buruz kritika onesta egiten du, hainbat aurreiritziri eta besteen ikuspuntuari entzungor. Klase sozial ezberdinen arteko hartu-emanetako dinamikak ere modu esplizituenean ditu kontagai, generalizazioetan erori gabe. Bere lan autobiografikoena dela esaten da. Arriskuak hartzen dituzten idazleak atsegin ditut. Horietako bat da Annie Ernaux.

Liburuaren hasieran azaltzen den aipu batekin bukatuko dut gaurko artikulua, Genetek behin esandakoa da: «Literatura akaso ez da salbazioa edo askapena izango, baina bai azken errekurtsoa». Ederra iruditu zait. •