13/12/2014

 
Palestinako ordezkaria

Palestinar herriak Europan duen ordezkaria dugu eta Euskal Herrian izan berri da. Palestinarren adiskidetzea guztiz beharrezko ikusten du. Berehala, gainera, denborak Israelen alde egiten duelako.

«Palestinarrak bateratu ezean, benetan zaila izango da beste Intifada bat abian jartzea»
Dabid LAZKANOITURBURU
Bigarrena

«Palestinako Estatuaren aitortzak ondo daude, baina beldur naiz ez ote dizkiguten trukean palestinarroi baldintzak inposatu nahiko»

Gori-gori dago giroa, azkenengo 70 urteotan bezala, Palestina okupatuan. Eguneroko ogi dira liskarrak. Azkenaurrekoan Palestinako Aginte Nazionaleko ministroa zen Ziad Abou Eïn erail dute soldadu israeldarrek. Kolonia juduen auziaz eta Zisjordaniako harresiaz arduratzen zen ministroa olibondoak landatzen ari zen ehunka lagunekin batera Ramallah hiriko kolonia baten ondoan, soldaduek jipoitu eta erail zutenean. Badirudi esku beltzen bat hautsak harrotzen ari dela Palestinako egoera leherrarazteko.

Testuinguru horretan izan dugu Euskal Herrian azken egunotan Jehad K. Suleiman Rashid, Palestinarekin Elkartasunerako Europako Erakundeko presidentea. Mundu Bat erakundeak antolatutako “Beste bake prozesuen esperientzietatik ikasten” jardunaldietan parte hartu du Palestinako ordezkariak eta Sortu alderdiarekin ere bildu da. Palestinako egungo egoera ikusita, elkarrizketako lehen galdera ekidinezina da.

Zure iritziz, III. Intifadaren atarian gaude?

Palestinarrak herri-mobilizazioaren alde daude, baina palestinar buruzagitzaren barnean badirudi batzuk ez daudela ados, agian onargarriak izan daitezkeen irtenbideak zaildu egingo lituzkeela iritzita. Ez dut, beraz, oso argi ikusten, besteak beste Palestinako Aginte Nazionalak eta Israelek segurtasuna elkarlanean koordinatzen jarraitzen dutelako, eta, horrek, noski, ez duelako laguntzen.

Zail ikusten duzu, beraz, beste Intifada bat abian jartzea?

Ez dut beste batzuen optimismoa zapuztu nahi. Esate baterako, Mustafah Bargoutti doktorea Intifada jada hasi dela ziur da. Baina nik ez dut garbi ikusten. Are gutxiago negoziazio mahaian esertzeko dei egiten ari diren honetan. Ameriketako Estatu Batuak ildo berean presionatzen ari dira eta egunotan izan dugu Gobernu frantsesaren, hain zuzen Laurent Fabius Atzerri ministroaren saiakeraren berri ere.

Horra iritsi nahi nuen. Fabius ministroak Parlamentu frantsesak Palestinako Estatua onartu zuen momentua aukeratu zuen negoziazio berriak iragartzeko. Ez al du horrek agerian usten europar agintarien asmoa palestinarren altxamendua nola edo hala oztopatzea baino ez dela?

Baliteke atzetik horrelako zer edo zer egotea. Agian denbora irabazi nahiko dute, bide batez arabiar munduko hainbat estaturen nahia asez. Baina argi dago ezin dutela eta ezingo dutela palestinarrok gure eskubideak aldarrikatzea ekidin.

Nola hartu duzu azken hilabeteotan Europan Palestinako Estatua aitortzeko eman diren urratsak?

Modu positiboan baloratu behar dugu beti, baina horrek ez du esan nahi, positiboa izanda ere, palestinarron nahiak asetzen dituenik. Izan ere, eman den benetako aitortza bakarra Suediarena izan da. Beste guztiak Parlamentuen aitortzak izan dira, eta, gainera, ez dira lotesleak. Positiboak dira baina ez dira nahikoa; gainera, etorkizunean palestinarroi trukean baldintzak inposatu nahiko ez ote dizkiguten da susmoa.

Fabius bera aktore kolonialista da, erreakzionarioa eta Israelen aldekoa. Frantziak inposatu zuen duela 90 urte, Britainia Handiarekin elkarlanean, Ekialde Hurbilaren zatiketa Sykes-Picot akordioaren haritik. Eta Estatu frantsesa ari da gidatzen egun II. Sykes-Picot egitasmoa, arabiar mundua berriro ere zatitzeko asmoz. Aktore berdinak dira eta objektibo bertsuak dituzte gainera.

Mundua arabiarra pairatzen ari den egoeraz ari zara?

Noski, Simon Peresek eta Henry Kissingerrek aurreikusi zutena gertatzen ari da. Beste Ekialde Hurbil bat behar dute, geopolitikoki guztiz ezezaguna. Horretarako arabiar nazioa gehiago zatitu behar dute, badakitelako arabiar munduak paper garrantzitsua izango lukeela inperioen esku erori gabe gizartea aldatzeko modeloek aurrera egingo balute.

Nola gauzatzen da plan hori palestinarren kasuan?

Behin eta berriz errepikatzen dute Mendebaldeko potentziek ez dutela begi onez ikusten alde bakarreko erabakirik, baina palestinarren erabakiei buruz ari dira beti, noski, ez Israelen inposizioen gainean. Eta horrek ematen dit niri beldurra, Palestinako Estatuaren aitortzaren truke ez ote duten bilatzen palestinarrok statu quo-a onartu eta indar okupatzailearen aurkako autodeterminazio borroka betiko alboratzea. Eta hori ez da zilegi, palestinarroi autodeterminazioa eta subiranotasuna errekonozitu behar zaizkigu, are gehiago 1967ko mugek 1947an Palestinari onartzen zitzaizkion lurren herena baino ez dituztenean barne hartzen. Horrela, bada, aitortza ez da positiboa izango presio kolonialistak ezkutatzen baditu.

Bi estatuen soluzioa bideragarria dela uste duzu oraindik?

Faltan botatzen dudana zera da: palestinarrok politika ahulei behingoz uko egin behar diegu. Ameriketako Estatu Batuei eta bere negoziazioen aldeko mezuei ez diegu kasurik egin behar, negoziazio horiek Israelen mesederako baino ez direlako. Horrela, Israelek denbora irabazten jarraitzen du. Gogoratu behar da 70eko hamarkadan denborak palestinarron alde egiten zuela, baina orain Israelen alde egiten duela.

Ez duzu uste Israelgo Estatua nora ezean dela, denboraren gestioa ere galtzen ari dela?

Israel ez da bakarrik eroriko, Hegoafrika bakarrik erori ez zen bezala. Jendea kalera irten zenean erori zen. Horregatik da inportantea Intifada. Israel sekula ez da Intifada batera ohituko.

Egia da Hegoafrikak apartheid-aren azken urteetan gizateriaren aurkako krimenak ugaldu egin zituela eta Israel ere horretan ari dela, baina horrek ez du esan nahi epe laburrean Hegoafrikako gauza bera gertatu eta Israel ere eroriko denik. Argi dago epe luzera Israelgo hurrengo belaunaldien aurka doala Estatu sionistaren politika, baina epe luzera. Egun oso eroso daude.

Eroso norekin eta zergatik?

Interes komunak ditu arabiar erregimen batzuekin. Horientzat Iran da etsaia, ez Israel. Daesh erakundeak berak ere argi utzi du bere etsaiak Siriako ateoak direla, ez israeldarrak. Azken finean eurek, baita AEBek ere, eratu dute Daesh erakundea. Al Assad siriar presidentea kargutik botatzea zen helburua. Orain euren arteko interesek talka egin dute eta bonbardaketa selektiboei ekin die Washingtonek. Baina argi dago Daesh erakundearekin amaitzeko modu bakarra Siriako erregimen legitimoarekin eta Irakeko erregimenarekin elkarlanean aritzea dela.

Nola ikusten duzu Irakek bizi duen egoera?

Ez dut nahi inolaz ere Irak zatitzea. Daeshek zabaldu dizkie berriro Irakeko ateak estatubatuarrei eta horrek argi erakusten du jatorrian talde hori Washingtonek eratutako munstroa dela. Ezin dugu ahaztu Irak zela Israelek mundu arabiarrean zuen bigarren guda-lerroa. Lehena duela 40 urte suntsitzea lortu zuen Israelek, Camp Davideko akordioekin, Jordaniarekin hitzartutako akordioarekin eta Siria neutralizatuz. Azken urteetan bigarren lerro hori suntsitzea lortu du. Hemen betiko kontua da palestinarrok beti galtzaile ateratzen garela.

Nola ikusten duzu Israel estatu judu bilakatzeko Netanyahu lehen ministroaren egitasmoa?

Asmo horren atzean ez dago Likud alderdia bakarrik, hauteskundeak aurreratu dituztela-eta laboristak eta beste talde batzuk aurka daudela esanez aritu arren. Ezin da ahaztu Netanyahu Jabotinski intelektual sionistaren jarraitzailea dela, eta Menahem Begin bera ere bazela. Azkenean estatu judua eta sionismoa gauza bera dira. Formak aldatzen dituzte baina helburua bera eta berdina da. Sistema eguneratzen dute, makinari olioa bota, baina ideiek bere horretan jarraitzen dute. Ariel Sharonek esan zuen moduan, «palestinarrik onena hildako palestinarra da». Baina Golda Meier bera ere ados zegoen zera esan zuenean: «Haurrek ahaztu egiten dute, nagusiak hil egiten dira, eta, guk, berriz, guk aurrera jarraitzen dugu».

Israel esklusiboki estatu judu bihurtzeak honakoa dakar: arrazakeria eta garbiketa etnikoa. Eta hori ordainduko dutenak 1948ko palestinarrak dira, hau da, egungo Israelgo Estatuaren mugen barnean bizi direnak. Gazaren aurkako azken erasoaldian oso kezkatu azaldu zen Israelgo Armadako Estatu Nagusiaren burua. Bere ustez askoz larriagoa da Israelgo palestinarren mugimendua Gazakoa baino; Israelgo bizkarrezurreko minbiziarekin alderatu zuen. Izan ere, 1948ko palestinarrek diotena argi dago: ez daude alde egiteko prest eta aurrez alde egin beharko luketenak beren herrialdera itsasontzi eta hegazkinetan etorri zirenak dira. Israeldarrak, hain justu.

Hamas berak ere gauza bera aldarrikatzen du, ofizialki besterik ez bada ere...

Ofizialki bai, baina tamalez Hamasen ezkutuko helburuak oztopo bilakatu dira palestinarren arteko adiskidetze prozesuan. Hamas prest dago urteak eta urteak emateko palestinarren arteko akordiorik gabe, erregimen islamikoa eratzea lortu bitartean. Eta hori kanpotik bultzatutako zerbait da.

Horrek guztiak min handia egin digu. Izan ere, bi aldeek ahalegin sendoa egin beharko lukete adiskidetze akordio batera iritsi eta okupaziorekin amaitzeko. Palestinako herriak erakutsi duelako dagoeneko banaezina dela. Eta herriak gauza bakarra eskatzen du: palestinarrak adiskidetu daitezela, hori baita palestinarron indarra, bestela Israelek bere horretan jarraituko baitu, palestinar onen eta gaiztoen artean bereizketa interesatua egiten.

Beraz, eta amaitzeko, barne arazo larriak ikusten dituzu zuk, batzuen zalantzak eta besteen lehentasunak tarteko, palestinarren etorkizuna bermatu ahal izateko...

Oro har bai, baina Hamasena arazo estrukturalagoa dela uste dut. Qatarren menpe daude eta Jaled Meshaal bera ere Dohan bizi da Hamasek Siriako Anaia Musulmanen alde egin zuenetik. Egia da Hamasekoak ere Anaia Musulmanak direla, baina palestinarrak ere badira eta nazio interesak alderdi interesen gainetik jarri behar dira beti. Hamasek horretan kale egin du, lehentasunak ezartzerako orduan kale egin du, palestinarrok ezin baitugu egungo egoera gehiago jasan. Eta hori da lehentasun garrantzitsuena uneotan.