Gorka Elejabarrieta

2014

Duela urtebete, “Gerezien denbora” izenburua zuen artikulua idatzi nuen eta bertan 2014ak ekarriko ziguna asmatzen, edo hobe esanda, aurreikusten saiatu nintzen. Orain, balantzea egiteko unea da eta lerro hauek orduan idatzi nuenaren eta ondoren gertatu denaren arteko konparaketa egiteko erabili nahiko nituzke.

2014a Europaren etorkizunerako erabakigarria izango zela aurreratu nuen. Eskoziako erreferenduma agendan zehaztuta zegoen, emaitza zein izango zen inork jakin ez arren, argi zegoen eta horrela gertatu da, eskoziar herriak bere etorkizuna erabakitzeko aukera izango zuela. Emaitza ez zegoen batere argi duela 12 hilabete, inkestetan ezetza gailendu arren baietza izugarrizko gorakada izaten ari baitzen. Eta horrela gertatu zen, nahiz eta baietza asko igo, ezetzak irabazi zuen eta ondorioz Eskoziak Erresuma Batuko kide izaten jarraituko du. Eskoziarrek erabaki dute, eta erabaki horrekin ados egon edo beste emaitza bat nahiago izan, zoriondu beharra dago. Gaur zer nahiago duten erabaki dute eta etorkizunean erabakitzen jarraituko dute. Ezetzak ez ditu Eskozia eta Erresuma Batuaren arteko harremanak eta itunak zeuden bezala utzi eta erreferendumaren biharamunean David Cameronek Estatuaren erreforma bati ekingo ziola adierazi zuen. 1998ko Ostiral Santuko akordioarekin egin bezala, oraingoan ere erreforma hori integrala izango da eta Irlandako Iparraldearen eta Galesen egoera eta estatutuak ere aldatuko ditu. Eskuduntza gehiago lortuko dituzte hiru herriek, eta baliteke Ingalaterrak ere autonomia propioa eskuratzea prozesu honen ondorioz.

Kataluniaren kasuan egoera oso ezberdina zen eta izaten jarraitzen du. Duela urtebete, erantzunak baino galderak genituen, eta 12 hilabete hauetan prozesua bera argitzen eta indartzen joan da. Estatu espainolaren jarrera zein izango zen nahiko argi zegoen eta dago: Erresuma Batuak edo Danimarkak daukaten jarrera demokratikoa ikusi eta jarraitu beharrean, posizio ez-demokratiko eta autoritarioa du, arrazoiaren eta printzipio demokratiko guztien aurka, eta hala, Europa bera ere lotsarazi du. Hori esanda, eta bi aldeen jarrerak aurretik ezaguturik, ez zegoen oso argi Kataluniak zer bide egingo zuen, eta argi daukat, urtebete geroago, Kataluniak bere etorkizuna modu demokratikoan erabaki ahal izateko aurrerapauso sendoak eman dituela. Erronkari herri bezala eutsi eta erantzun dio Kataluniak: mobilizazio izugarriak bultzatu, eta erabaki judizialen kontra, modu oso masiboan bozkatu du.

Flandrian eta Belgikan unionista sutsuen amesgaizto handienak bete ziren, eta prebisioei jarraituz, N-VA alderdi flandriar abertzaleak hiru hauteskundeak irabazi zituen egun berean, maiatzean: Belgika, Flandria eta Europako hauteskundeak. Belgikako Gobernua osatzeko akordioa erdiestea zaila izan arren, aurreko legealdian ez bezala, N-VA alderdia koalizio-gobernuan sartu da. Orain, koalizio konplexu eta aurrekaririk gabekoa Flandriaren independentziarako bidean aurrerapausoak emateko erabiltzeko gai den erakutsi beharko du N-VA alderdiak. Estatuaren erreforma, estatu konfederala eta independentzia dira, abertzaleen ustez, independentziarako bide orrian eman beharreko ondorengo pausoak.

Europako hauteskundeetan, ezkerrak eta estaturik gabeko herrietako ordezkariek iraganean baino diputatu gehiago lortu dituzte, baina eskuina gailendu da berriz, eta eskuin muturrak ordezkaritza zabala lortu du. Panorama beldurgarria, datozkigun erabaki garrantzitsuak kontuan harturik. Junckerren Komisio berriak, aurrekoen bide beretik, neoliberalismoan sakonduko du, gehiengoaren interesen kontra, gutxi batzuenen alde. TTIP, fracking-a, herrien eskubideak… ugari dira beste Europa baten alde borrokan jarraitzeko arrazoiak eta 2014a urte gazi-gozoa izan da ildo horretan. Hainbat prebisio positibo bete dira, baina txarrenak ere bai. Abenduaren 5ean, Nelson Mandelaren heriotzaren lehen urteurrena bete zen; martxoan, Tony Bennek utzi gintuen. Asko dira 2014an joandakoak, baina jaio ere jaioko ziren borrokalari batzuk; etorkizunak esango digu zenbat diren. Haientzat, eta bereziki, Txitxurentzat. •