Akordatzen naiz

Bruno Bettelheim psikiatra austriarrak denboraldi bana igaro zuen Dachaun eta Buchenwald-en, eta berehala ohartu zen familia handietako juduek eta, bereziki, tarteka otoruntza handiak egiteko mahai baten bueltan biltzen zirenek erresistentzia handiagoa zutela eremuko baldintza muturrekoak eramateko orduan. Baldintza gogor horietan amore emateko zorian zirenean, otordu horiekin gogoratzen omen ziren eta beren golkorako esaten omen zuten etorriko zirela egun hobeak. Besteak, familia urrikoak, abaildu egiten ziren.
Beti izan naiz Eguberri zalea, baina isil-gordean neraman zaletasuna, ingurukoei kurtsia, kitscha edo modernotasunaren aurkakoa irudituko zitzaielakoan, baina Bettelheimen testua irakurri nuenetik, lotsarik gabe agertzen naiz familiako ospakizun handi horien alde.
Badakit familiak bi aurpegi dituela, babes adina zama ematen dituela, eta oreka mantentzeko, ludiak eguzkiarekin egiten duen bezala, orbita eliptikoa mantentzea dela onena, komeni denean gerturatu eta komeni denean alde eginez. Nik gaztetandik urruti samar ibiltzeko zoria izan nuen, eta horregatik, beharbada, estimatu ditut horrenbeste egun berezi horiek.
Umetako Gabon gauari buruzko oroitzapenak aletzen hasita, Georges Perec-i “Je me suviens” hartan bezala, oroitzapenak datozkit erreskadan (Sarrionandiak ere bide beretik idatzi zuen “Akordatzen”). Akordatzen naiz gau horretan baserriko argi guztiak piztuta egoten zirela, eta gauez bertara zihoanak etxe sorgindu batean sartzen zela pentsatzen zuela. Akordatzen naiz bi bisigu potolo egoten zirela arraskaren gainean sabaitik zintzilik, eta ama bizi zen artean, kosta egin zitzaigula ohitura hori kentzea, nahiz eta bisiguaren prezioa zeruetara igota zebilen, amarentzat, bisigurik gabe, ez baitzegoen gabon afaririk. Akordatzen naiz osaba solteroa etortzen zela Eibartik opariekin, berandu samar bazen ere, trenean etorri ohi zela, andregaia bilatu eta ezkondu zen arte. Akordatzen naiz sukaldea kez eta jaki usainez betetzen zela, eta gau horretan aitonak ez zuela lanik egiten, urteko beste gau guztietan artoa edo baba lekak aletzen aritzen baitzen, uste baitzuen lan astun baten nekea lan arinago bat eginez kentzen zela. Akordatzen naiz tripako mina sentitu arte jaten genuela turroia, eta ondoren xanpaina edaten uzten zigutela sabela arintzeko, eta burua arintzen zitzaigula. Akordatzen naiz gau horretan kantuan egiten genuela, baina hainbeste senidetatik ez zegoela bakar ere ondo kantatzen zuenik.
Urteak igaro eta umeak iritsi zirenean, akordatzen naiz afal aurretik lagun bat Olentzeroz jantzita etortzen zela gure umeengana, eta ni (ni ere Olentzeroz jantzita) joaten nintzela lagunaren etxera eta umeak aho zabalik uzten nituela, egunean zehar zer egin zuten asmatzen nielako. Akordatzen naiz gure etxeko egongelan eta haienean baso bat ardo egoten zela, kriantza bat, eta hura edan ondoren opariak banatzen genituela.
Guk, tamalez, ez genuen Olentzerorik umetan, erregeak etortzen baitziren, eta akordatzen naiz adinean gora joan ahala, erregeetan sinestetik errege izatera igarotzen ginela bat batean, eta eskuetan farolak hartu eta oheko estalkiekin jantzita ibiltzen ginela eta ni harro sentitzen nintzela anaia eta arreba txikiagoak engainatzeko gai nintzelako.
Gaurko familiak txikiagoak dira, nuklearragoak, baina gurean tribua mantentzen da: lehengusuekin urtean zehar afariak egiten jarraitzen du,t eta Eguberri egunean hogeita hamar bat lagun bilduko dira baserrian. Adituek diotenez, zaila da aurrerantzean Europa mailako gerrarik izatea, jendeak gaur formazio gehiegi duelako fusila hartu eta frontera joateko. Baina, badaezpada, komeni da gure ilobek eta bilobek otordu handien oroitzapena memorian iltzaturik eramatea.

