20/12/2014

Faxismo berriak
Antton Izagirre

Batek baino gehiagok harriduraz har lezake egun Europan ezarri eta orokortu den sistema politiko-ekonomikoa faxistatzat jotzea. Egia da kontzeptuaren zentzu hertsian ez ginatekeela zuzentasun osoz arituko, baina pentsamendu totalitarioen ezarpenaz ari bagara, ez gara iragan mendeko eredu zaharkituaz ari, herriak eta gizakia menperatzeko garatu den sistema ekonomiko finantzario berriaz baizik.

Eredu polizial eta militarrak menderatutako eredu faxista haietatik botere ekonomiko eta finantzariek ezarri duten aginte eredura, badago alderik, baina funtsean gizarte oso baten pentsamoldea eta jokamoldea kontrolatzeko eta elite politiko ekonomikoaren helburuetara makurrarazteko neurriko sistema eraiki dute.

Mendebaldeko Europan XXI. mendean gailendu den eredu ekonomiko-finantzarioak kontrolpean hartu du botere politikoa, sakoneko aldaketarako ia aukerarik gabe uzteraino desitxuratu du; klase ertainari eta langileriari ezarri zaizkien mugek erreakzionatzeko aukerarik gabe uzteraino desaktibatu dituzte. Sistema horrek gure gizartean ezarri duen eredua geratzeko etorri dela dirudi.

Bitartean, gizarte aldaketa guztietan aktiboenak izan ohi diren sektoreak, langile mugimenduak, ikasle mugimenduak edota intelektualak, ez dira sistemari oldartzeko kemenik erakusten ari. Indarrak aldaketara bideratu ordez, sistemara egokitzera behartuta daude. Langabezia, zabor kontratuak, miseriazko soldatak, etxegabetzeak, pobrezia eta karitatea hedatzen ari diren neurri berean, aberastasuna esku gutxiagotan ari da pilatzen. Egoera horretan 68ko maiatzeko espiritua aipatzeak zer beharko ote luke izan, nostalgia hutsa ala aldarrikapena? •