joseangel.oria@gaur8.info

Punk ezkertiarren eleduna kartzelan dute, irregulartasunez jositako epaiketaren ostean

Hiru urteko kartzela zigorra betetzen ari da Aleksei Sutuga «Socrates» errusiar punka. Bera herrialdeko komunitate punk antifaxistaren eleduna bihurtuta zegoen azken urteotan eta bere aldekoek diote horrexegatik espetxeratu duela Vladimir Putinen erregimenak. Kremlinen aurkako jarrera oso garesti ordaintzen da Errusian.

Besoak tatuatuta ditu. Burua, larru-arras moztuta. Ezagutzen dutenek diote Socratesek Greziako filosofoaren tankera duela, hari bezala, bere ideia politikoek agintariekin arazo ugari sortu baitiote. Azken urteotan bera bihurtu da Errusiako komunitate punk antifaxistaren aurpegirik ezagunena, eleduna nolabait, itxura bereko baina kontrako ideologia duten taldeak, neonaziak barne, toki askotan sortzen diren garaian. Putinen erreinuan punk taldeak, ezkerrekoak zein eskuinekoak, nolabaiteko eragina izatera iritsi direla esaten dute adituek.

Orain ia urtebeteko gau ilun batean izandako istiluetan oinarritzen dira agintariak Socrates kartzelan edukitzeko. Musikariak eta beste hiru «konplizek» Sbarro kafetegian zeuden gazte batzuei eraso egin zieten, agintarien bertsioaren arabera.

Gazteak adierazi du egia dela bera erasotzaileekin egon zela gau hartan, besteek bera ezagutu baitzuten, mugimendu antifaxistaren aurpegi ezagunenetakoa delako. Baina berak alde egin eta gero hasi omen ziren istiluak beste lokal batean. Horien berri izan zuenean, borroka geldiarazten lagundu zuen.

Zona.media webguneak aztertu du Socratesen aurkako salaketa. Espetxeetako giza eskubideen bortxaketak dokumentatzen dituen webguneak irregulartasun ugari aurkitu zituen kasu horretan. Socratesen erasoa jasan zutela esan duten hiru gizonak neonazi ezagunak direla nabarmendu du, eskuin muturraren ekimen askotan esku hartutakoak. Baita antifaxisten aurkako makina bat epaiketatan lekuko moduan ere. Eta epaiketan erabili diren dokumentu ofizialetako datak ez dira zuzenak. Horregatik diote Socrates giltzapean edukitzeko propio egindako prozesu zikina izan dela bere aurkakoa.

Hipotesi hori indartzen du Sutugaren abokatuei gertatutakoak. Apelazioa aurkeztu zuten epaileen erabakiaren aurka, baina ez zieten onartu beranduegi aurkeztu omen zutelako, epea bukatuta zegoela, alegia. Beraiek salatu dute Gobernuak aldez aurretik ezarritako epeak aldatu egin zituela, beste epaiketa bat ez egiteagatik. Socrates kartzelan nahi zuten, eta kitto!

Kremlinen aurkako jarrerak espetxeratu du antifaxista. Herrialdeko faxisten aurkako komunitatean gero eta zeregin garrantzitsuagoa zuen Sutugak eta hori ordainaraziko diote orain.

Presoen alde telebistan

Azken urtean hazi da bere protagonismoa. Urte hasieran ere espetxean zegoen, baina aske geratu zen Putinek erabaki zuen amnistia zela-eta. Pussy Riot taldeko kideak ere orduan askatu zituzten. Emakume punk horiek hedabide askoren arreta bereganatu zuten eta Socratesek berak Errusiako TV Rain telebista katean hitz egin zuen, elkarrizketa batean. Presoen eskubideen aldeko kanpaina egin zuen Errusiako telebista independente bakarra omen den katean.

Espetxean eduki zuten beste aldi batean bere aldeko diru bilketa egin zen sarean, eta berak Errusiako antifaxistei zuzendutako eskutitzak idatziz erantzun zuen. Mugimenduko webguneetan berehala zabaldu zituzten idatziak, faxisten aurkakoek baliabide ugari baitituzte sarean. Bertan hedatzen dituzte homofobiaren, arrazakeriaren eta totalitarismoaren aurkako mezuak. Talde horietako askok lotura ideologikoa dute Mendebaldeko Sharp eta Rash bezalako taldeekin. Horiek bezala, errusiarrek ere punk musika, fanzineak, pelikulak eta beste gauza asko egiten dituzte, ia beti antifaxisten kontuekin lotutakoak.

Errusiako hedabideetan lanean neonazi batzuk ari direla esateko arrazoiak ere badituzte antifaxistek. Socratesen aurkako azken zigorra oinarritu zuten Ridus sareko berri agentziak banatutako irudi batzuetan. Epaiketa apirilean hasi zen arte ez ziren ezagutzera eman argazki horiek eta hori susmagarria da ezkertiarrentzat. Uste dute Ridus eta agintariak elkarlanean aritu direla, Socrates espetxera sartzeko. Gainera, gogorarazten dute Andrei Gulutin Ridus webguneko editoreak lotura zuzena duela eskuin muturrarekin. Joera politiko horretako Gangs of Moscow eta Right Hook taldeetako bateria-jotzailea izan zen Gulutin, eta Russian Way taldearekin ere oso harreman zuzena izan zuen. Azken talde horretako buruak Born talde neonazia sortuko zuen gerora.

Musikarien aurkako jazarpena ez da berria Errusian. Esaterako, Mendebaldeko heavy metal taldeen musika zentsuratu egiten zen Sobietar Batasunean, garaiko agintariek neonaziak izatea leporatzen baitzieten. Ironiaz batzuek lotu zituzten Kiss taldearen bi «s» horiek naziekin.

Ezerosoa atzerritarrentzat

Orduko ezjakintasuna atzean geratu da. Pussy Riot taldeko nesken kartzelaratzeak munduari jakinarazi zion Putinen erregimenaren aurkako taldeak egon badaudela Errusian eta oso garesti ordaintzen dutela beren ausardia. Antifaxistek gogorarazten dute beste ekintzaile asko ere espetxera sartu izan dituztela. Nabarmentzen dituzte Aleksandr Kolchenko Krimeako manifestariaren eta Aleksei Olesinov ikaslearen kasuak. Gainera, ezkerreko punk taldeen kontzertuak Errusiako Poliziaren mehatxupean egoten dira beti.

Atzerriko punk taldeek esaten dute ezinezkoa dela Errusian kontzertu bat egitea, segurtasun zerbitzu egokia kontratatu gabe, oso ohikoak baitira eskuin muturrekoen eta antifaxisten arteko borrokak, tragikoak kasu batzuetan. Indarkeria erabiltzeko joera leporatzen diete herritarrek, faxistei zein antifaxistei, eta horrexek eragiten du punk musikak oso jarraitzaile gutxi izatea Errusian. Pussy Riot da talderik ezagunena eta berak ere zazpi abesti baino ez ditu aurkeztu, eta oso entzule gutxiren aurrean, gainera.