Sarri artio
Gertakizun hutsa izateaz gain, idazle baten eginbeharra da noizbait idazteari uztea. Baina, gurean bederen, ez dirudi eginbehar argia denik norbaiti idazteko proposatzen zaionean (demagun zutabe bat). Esateko zerbait daukan norbaiti komunikatzeko bide bat eman eta, batzuetan, “plaza en propiedad” bat eman zaiola dirudi. Kritikak edo zuzenketak egiten –partzialak zein osokoak– batere iaioak ez garelako, segur asko. Era horretan, batetik, komunikabideak ez du kolaboratzaileak aldatzeko modurik eta, bestetik, idazleak ez du hobetzeko erarik. Azkenik, irakurleak neurtzen zaila den apatia batez enoratzen du aipatu iritzi-esparrua, lagun, burkide, maitalegai eta abarren Facebookeko gorako erpuruen gainetik.
Beharbada, argi azaldu beharko litzateke hasieratik edozein iritzi gune froga bezala abiatzen dela eta bi aldeen partetik bertan behera gera daitekeela noiznahi. Badakit ez dela erraza. Editoreoi kostatzen zaigu esaten «aurreko egunekoa ez zitzaidan gustatu; erretorikoegia zara; obsesiboegia zara urliarekin...». Baina, esan bezala, mesede eskasa guztiontzat. Zorionez, batzuetan ez da horrelakorik gertatzen eta zutabegile batek urtetan eusten dio mailari eta funtzioari. Monzó eta Millás datozkit burura, eta gurean Anjel Lertxundi, nabarmen batzuk aipatzearren.
Entzun eta irakurri dudanez, askoz zorrotzagoak dira editore anglosaxoiak. Hala bazan edo ez bazan, faltan botatzen ditut norbanakoei, komunikabideei eta, finean, herriei izpiritu kritikoa zorrozten dizkioten antzeko praktika arruntak (aitor dezadan ezagutzen dudala kolaborazioa eteteko proposamena egin ondorengo zutabegile hainbaten erreakzioa eta, beraz, badakidala ez dela erraza. Baina horrelakoak naturaltasunez egin ezean ez da inoiz inorentzat erraza izango). «Idazten duzuna ez zait gustatu/gustatzen» esateak ez du «Ez zaitut atsegin» esan nahi. Halaber, historiagatik beti oso autokontzientea izan den gure kultura eta komunitatea paranoiara eta paralisira joan daiteke beldurraren beldurrez, baita kritika azalekoegi batek dakarren kritika faltaz ere.
Brendan Behan idazle irlandarraren iritziz, «idazle baten eginbehar behinena bere aberriaren ospea belztea da, egiten ez badu, ez da egiazko idazlea. Jesusen izenean, nola arraio egingo du besteen aberriaren kontra aurretik berearen aurka egiten ez badu?». Uste berberarekin hasi nintzen ni hemen idazten eta bospasei urte joan zaizkit oharkabean. Iritzia eman dut axola zitzaizkidan gai gehienez eta, segur banago ere noiz edo noiz faltan botako dudala huntaz edo hartaz aritzea, segur naiz ere ez ditudala faltan botako argitaratzeko asteko asteazkenetako estutasunak. Kartzelako lagunei luzatutako zilbor heste honen hutsunea nozituko dut, pentsatu nahi dut gutunez ehunduko ditudala berriak.
Aurreko batean “hegemonia” hitzarentzat moratoria bat eskatu nuen hemen. Beharbada nik ez dut hitz hori soilik deskantsatzen utzi behar. Patxi Zubizarretak “50” eleberrian John Berger idazlearen hitzak ekartzen dizkigu gogora: «Isiltasun aro bat beharko genuke, hitzak egurasten utzi, lugorrizko aro bat hitzentzat, barruan zutena, mamia, eta barruko ideia beren onera etorri arte. Isiltasun aro bat, mesedez. Hartara, hitzek berreskuratu egingo lukete beren barruko muina. Hartara, ez litzateke hain erosoa izango askatasuna ahoskatzea. Ez litzateke hain erraza berdintasuna esatea. Mina emango lukete hitz horiek ahoan».
Idazteari uzten ez badiot, ez da beste norbait idazten hasiko. Zutabe hau idazten jarraitzen badut errepikatzen hasiko naiz eta zailagoa izango da gauza bakoitzaz pentsatzen dudana berritzea. Iritzi txoko honi eusten badiot, irakurtzeari utziko diote orain arte gustura irakurri dutenek zein disgustura baina erlijiosoki irakurri dutenek ere.
Hain adikorki hartu nauen talaia honi agur esateko ordua da, eta eskerrak ematekoa era batean zein bestean lagundu didatenei eta nirekin disfrutatu dutenei. Jota zaharrak dioen bezala: “Allá va la despedida/ que echamos en la Ribera:/ que los que están en la cárcel/ a la próxima estén fuera”. •

