Dabid LAZKANOITURBURU

Ukrainian, matxinadatik gerra hotzera

2013ko amaieran hasi zen, Ukrainako hiriburuko Maidan plazan, Gobernuaren aurkako matxinada. Mendebaldeko potentziek, AEBen gidaritzapean, esku hartu eta matxinada estatu-kolpe bihurtu zen. Errusiak, erantzun gisa, Krimea berreskuratu eta ekialdeko Donbassen Kieveko exekutibo berriaren aurkako matxinoei lagundu zien. Urte baten buruan, oligarkek jaun eta jabe jarraitzen dute. Kieven, Poroshenko, txokolateen magnatea da errege. Donbassen Ahmetov oligarkak (Shaktar Donetsk futbol taldearen jabea) agintzen du. Mendebaldearen eta Errusiaren artean beste gerra hotz bat sumatzen da, arriskutsua oso. Moskuren gas-gerrari petrolio-gerrarekin erantzunez, Errusia amildegira begira jarri dute. Hori da gerra hotza. Gerra beroa Donbasseko biztanleek pairatzen dute. Militarrek eta boluntarioek ere bai, baina hori euren aukera da. Ez zibilena. Negu gorrian, Kievek diru iturri guztiak eten dizkie. Ukrainan bertan desplazatu edo Errusiara ihes egindakoak milioi bat dira. Hildakoak, 5.000 inguru. Europan bertan. XXI. mendean.