Jose Angel Oria

Belgikak ez dio eutanasia aplikatuko kartzelan daukan bortxatzaileari

Hasiera bateko iragarpenen arabera, bihar aplikatu behar zioten eutanasia Frank Van Den Bleeken presoari, baina medikuek azken orduan atzera egitea erabaki dute argitu ez dituzten arrazoiengatik. Belgika munduko herrialde aurreratuena da eutanasiari dagokionez (Herbehereekin batera), baina oraingoz urrats hori ez ematea eta beste bide batzuei eustea erabaki du.

Frank Van Den Bleekenek 52 urte ditu eta bere bizitzaren erdia baino gehiago giltzapean darama. Zenbait emakume bortxatzeagatik eta horietako bat hiltzeagatik kartzela zigorra ezarri zioten 1980ko hamarkadan eta dagoeneko 26 urte daramatza espetxeetako gabezia psikiatrikoak jasaten, herrialdeko kartzelek ez baitute bera bezalako gaixoak tratatzeko baliabide egokirik.

Van Den Bleekenek berak eutanasia aplika ziezaioten eskatu zuen 2011n, urte askotan Herbehereetako espetxe batera eramateko eskatzen egon ondoren. Bere gaixotasuna tratatzeko egokia den herrialde horretako establezimendu psikiatriko batean sartzeko eskatzen zuen, bere gaixotasuna sendatzea ezinezkoa delakoan. Gainera, berak dio oraindik ere bere burua arriskutsutzat kontsideratzen duela gizartearentzat. Beraz, aske geratzeko aukera ere baztertu egiten du. Hala, Herbehereetako establezimendu psikiatriko horretara eramateko eskatu zuen, baina inolako arrakastarik gabe. Bi estatuak ados jartzen ez zirenez, Belgikako Justizia Administrazioak iaz erabaki zuen lekualdatze horri baimenik ez ematea.

Beste aukerarik ikusten ez zuenez, Frank Van Den Bleekenek 2002ko lege bat jarri zuen mahaiaren gainean. Horren arabera, «sufrimendu fisikoa edo psikikoa etengabe eta jasanezina» pairatzen dutenean, Belgikako herritarrek eutanasia aplikatzeko eskatzeko eskubidea dute.

Presoaren egoera aztertu zuten hiru psikiatrek beren oniritzia eman zioten eutanasia aplikatzeari, pazientearen sasoiak hobera egingo ez zuelakoan. Medikuetako bat ere prest zegoen Brujas hiriko espetxean Van Den Bleekeni eutanasia aplikatzeko. Noiz egin ere erabakita zegoen: bihar.

Adingabeen eutanasia

Baina gaur zortzi nazioarteko hedabideek gaiaren berri izan zutenean, egoera aldatzen hasi zen. Eutanasia baimentzen duen legea jarri zuten komunikabideek jomugan eta Belgikak atzera egin du. Hedabideen presioarengatik? Oraindik ez dakigu zergatik.

Adingabeen eutanasia zigorgabetu zuen Belgikak orain ia urtebete, lagunduriko heriotza arautzen duen legea onartuta. Baina hori gehiegi da nazioarteko hedabide askorentzat eta horregatik oso gogor salatu zuten.

2002az geroztik dago onartuta eutanasia Belgikan, eta hori adingabeei zabaltzea zen Belgikako goiko ganberak aztertu eta onartu zuena, Parlamentuko batzordearen eta Senatuaren babesa jaso ondoren. Hala ere, baldintza zorrotzak ezarri zituzten eutanasia adingabeei aplikatzeko. Gaixoek «oinaze fisiko jasanezin eta arinduezinak» dituztenean, heriotza «saihetsezina» denean eta gurasoen eta psikologo talde baten baimena jasota bakarrik aplika dezakete eutanasia medikuek.

Belgikako legediaren arabera, ez dagokio Gobernuari eutanasia kasu zehatz bat baimendu ala ez erabakitzea, gaia aztertu duten medikuei baizik. Frank Van Den Bleekenen kasuan agintariek ez zuten ezer esan, joan den asteartean Justizia ministroak medikuen erabakiaren berri eman zuen arte.

Ganteko zentro batera

Ministroak ez zuen gauza handirik argitu. Erabakia medikuen sekretu profesionalarekin lotu zuen Koen Geensek. Erantsi zuen bortxatzailea Belgikako mendebaldeko Gante hiriko zentro psikiatriko berri batera eramatea erabaki dutela, presoak berak orain arte baztertu izan duen aukera. Erantsi zuen Herbehereetako agintariekin izan dituzten azken komunikazioen arabera, aurki posible izango dela herrialde horretako zentro espezializatu batera eramatea, egonaldi luzeak hartzeko prest dagoen leku batera alegia. Birgizarteratzeko aukerarik ez duten eta gaixotasun mentalak jasan dituzten presoak era egokian tratatzeko instituzio bat hemendik sei hilabetera abian jartzeko konpromisoa hartu zuen Koen Geens ministroak.

Aldekoak ere, aurka?

Edonola ere, eztabaidak bizi-bizirik jarraitzen du Belgikan, nahiz eta 2013an 1.800 laguni aplikatu zitzaien eutanasia. Eliza katolikoaren inguruko elkarte batzuek exijitu dute 2002ko legea berehala aldatzeko eta bere aplikazioa hobetzeko neurriak hartzeko.

Van Den Bleekenen kasuan eutanasiaren aldekoek ere bat egin dute aurkakoekin. Bortxatzaileari eutanasia aplikatzea onartzea legea oker erabiltzea dela uste dute. «Mozorrotutako heriotza zigor baten tankerakoa izango litzateke, instituzio egokiak edukitzeko nahikoa inbertsiorik egin ez izanak eragindako zigorra», adierazi zuen Alexis Deswaef Belgikako Giza Eskubideen Ligako presidenteak. «Gehiegi esatea al da konponbide horrek gure gizartea basakeriara era arriskutsuegian hurbiltzen duela?», galdetu zuen.

Tankerako argudioa erabili du Eugen Brysch Alemaniako Pazienteak Babesteko Fundazioko presidenteak bortxatzaileari eutanasia aplikatzearen aurkako posizioa azaltzeko: «Pazientea hil, tratamendu egokia eskaini beharrean. Horixe da Belgikan eutanasiaren aplikazioaren atzean dagoen logika hotza».

‪Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Estrasburgoko Auzitegia ere deituak, askotan salatu du Belgikako Estatuaren jarrera, kartzelan dituen gaixo mentalei tratamendu egokirik ez eskaintzeagatik. Espetxeetan edukitzen dituzte preso horiek, gaixotasunik izango ez balute bezala, eta hori Estrasburgok hamalau aldiz salatu du. Egungo agintariek esaten dute aurki lortuko dutela egoera bere onera ekartzea.

Belgikako hedabideek azken bolada honetan eskaini duten informazioaren arabera, Frank Van Den Bleekenen adibideak eragin du beste hamabost presok ere eutanasia eskatzea. Eta kopuru horrek gora egin dezake hemendik aurrera, gaixotasun mentalak jasan dituzten 1.000 preso inguru baitaude Belgikan gaur egun. Ikusi egin beharko da azken momentuan atzera egin izanak zer-nolako eragina izaten duen preso gaixo horien egoeran eta gogoan.

Sufritzen jarraitu behar

Frank Van Den Bleekeni 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten 1989an. Geroztik espetxe arruntetan eduki dute. Medikuek diote gaixotasun mentalak jasaten dituela. 2001ean eman zuen ezagutzera bere eskaria: tratamendu psikiatriko egokia, sufrimendua arintze aldera. Herbehereetako zentro espezializatu batera eramateko eskatu zuen, baina, hori lortu ez zuenez, 2011n eutanasia aplikatzeko eskatu zuen. 2014ko irailean azken argi berdea eman ziotenean, bazirudien azkenean lortuko zuela horrenbeste aldiz eskatutakoa, baina sufritzen segitu beharko du.

Txaleko islatzailea jantzi eta protestara

Iazko otsailean onartu zuen Belgikako Parlamentuak adingabeen eutanasia zigorgabetzea. Alderdi Sozialistaren, liberalen, ekologisten eta N-VA alderdi flandestarraren babesa jaso zuen legeak. Kontrako botoa eman zuten CdH alderdi kristau-demokratak eta Vlaams Belang eskuin muturreko formazioak. Diputatuak bozkatzen hasi zirenean, ikusleei erreserbatutako harmailetan zegoen gizon bat altxatu eta «hiltzaileak!» oihukatzen hasi zen, aretotik kanporatu zuten arte. Batez ere Eliza katolikoak eta eskuineko erakundeek kritikatu zuten lege berria.

Ordurako lehen mobilizazioa egina zuten eutanasiaren aurkakoek. 2014ko urtarrilaren 12an manifestariak Bruselako Eutanasia Zaintzeko Batzordearen egoitzaren aurrean elkartu ziren, txaleko islatzaileak jantzita. Txilibituak erabili zituzten protestaldiari indar gehiago emateko. Legeak zalaparta eragin zuen atzerrian ere.