24/01/2015

Grezia, Gerezia
Gorka Elejabarrieta

Grezia Europako beste herritarrentzat eredu bilakatzeak arriskuan jarriko luke egungo «statu quo»-a. Greziaren beldur dira, domino efektuaren beldur ere bai. PIIGS estatuetan hauteskunde urtea da

Ekonomia anglosaxoiek PIGS akronimoa modu peioratibo peioratiboan erabiltzen dute, Portugal, Italia, Grezia eta Espainiako ekonomi eredu eta lurraldeak adierazteko. Badira aurreko taldeari Irlanda gehituz azken urteetan PIIGS ere erabiltzen dutenak. Estatu hauetako ekonomia eta politika aztertzera sartu gabe, egia da estatu hauetako herritarrak direla krisia modu gordinenean pairatzen ari direnak. Troikaren eta munduko botere finantzario nagusien mesedetan bultzaturiko politikak mesede gutxi egin die herritarrei, langileen eskubideen eta zerbitzu publikoen deuseztatzea, eta ondoren edo batera, eskubide zibil eta politikoen murrizketa ere ekarri du, besteak beste. Pobrezia eta langabezia, eta hori guztia gertatzen ari den une berean aberatsenak aberatsagoak izango direla esaten digute, lotsarik gabe. Oxfam-ek aste honetan argitaratu duenez, 2016an munduko populazioaren %1ek gainerako %99k baino aberastasun handiagoa izango du.

Bihar hauteskunde orokorrak egingo dira Grezian, eta Europa osoa Alexis Tsipras zuzentzen duen Syriza alderdiari begira dago. Inkestek iragarritakoa betetzen bada Syriza alderdi ezkertiarra izango baita alderdi bozkatuena eta Tsiprasek, politika neoliberal hauekin moztuz, 180 graduko norabide aldaketa egingo duela iragarri du behin eta berriro. Hauteskundeak irabazi eta gobernua eskuratzea ez datoz automatikoki bata bestearen atzetik, baina Greziako kasuan, alderdi bozkatuenak 50 diputatu “estra” eskuratzen ditu eta horrek Syriza gehiengo absolutua lortzera hurbildu lezake. Gehiengo absolutu hori ez lortzekotan, ez dirudi Syrizak beste alderdiekin akordio orokorrak egiterik izango duenik, ezta KKE alderdi komunistarekin ere. Horrek unean uneko aliatuak bilatzera behartuko luke, eta beraz, egonkortasuna eta aldaketa zaildu eta motelduko lituzke. Horregatik hauteskunde hauetan boz bakoitzak berebiziko garrantzia izango du.

Europako botereak, Eskoziako erreferendumaren harira egin bezala, mehatxu eta beldur kanpaina zabaltzen ari dira, Syrizak gobernua eskuratu eta agindutakoak betetzekotan Greziarenak egingo duela adieraziz. Haien beldurra hori izanik ere, nire ustez, Greziako kasu isolatutik haratago doa. Syrizak, indarrean dauden politika neoliberalen kontra, gauzak beste modu batean eta emaitza hobeagoekin egin daitezkeela frogatu dezake, herritarren interesen defentsan oinarrituriko bide berri bat has dezake, eta Europako gainerako herritarrentzat eredu bilakatzeak arriskuan jarriko luke egungo statu quo-a. Greziaren beldur dira, domino efektuaren beldur ere bai. Kontuan hartu behar dugu aipaturiko PIIGS estatuetan hauteskunde urtea izango dela 2015a, irailean Portugalen, azaroan Espainiar estatuan eta 2016ko apirilean Irlandako hegoaldean egingo dira hauteskunde orokorrak eta estatu hauen panorama, eta ondorioz Europarena, dezente alda daiteke.

Ezkertiar eta abertzaleontzat Europako panorama eta argazki politiko orokorra desertuaren parekoa izan da hainbat urtetan, eta oraingoa ere ez da batere positiboa. Europako azken hauteskundeek marrazturiko parlamentu berrian eskuinak nagusi izaten jarraitzen du eta ezkerrak beharko lukeen indarra baino txikiagoa dauka oraindik. Europar Batasunaren norabidea oraindik ere neoliberalismo basatian oinarritzen da eta Ameriketako Estatu Batuekin martxan jarri nahi duen TTIP (Merkataritza eta Inbertsiorako Itun Transatlantikoa) akordioa horren adierazle argia da. Hala ere, badira esperantzarako arrazoiak ere, Europako estaturik gabeko zenbait herriren azken urteotako aurrerapausoak horren adierazle argiak dira, baita Europako hainbat lekutan ezkerrak izan dituen emaitza onak ere. Hitz-joko merke bat eginez, esango nuke gaur Greziak europarren Gerezia sinbolizatzen duela, Europara “gerezien denbora” datorrela. Gure gaurko esperantza hori bihar errealitate bilakatu dadila. •