Iratxe Urizar

Kaxa hutsak Saharan

Aurreko urtearen bukaeran, oihartzun handiko kanpaina bat egin zuten giza eskubideen defentsan aritzen diren hainbat elkartek, Saharar iheslari baten estradizioa ekiditeko. Gizon hori Ali Aarrass zen eta Marokok luzatutako eskaeraren aurka hainbat helegite tarteratu ziren, bertan zuen tortura jasateko arrisku handi eta erreleagatik. Gai hauei buruz ezagutza duen Epaitegi Nazionalak kasua aztertu eta azkenean bidaltzea erabaki zuen. Estraditatua izan zen eta hamabi egunez tortura latzak sufritu zituen. Nazio Batuetako Torturaren Aurkako Komiteak eta Giza Eskubideen Komiteak ez bidaltzeko behin eta berriro eskatuta ere, Espainiako gobernuak entzungor egin eta, gaur egun, espetxetik atera dezaten kanpaina dago abian. Gertatutakoaren gaineko espainiar erantzukizuna ere eskatzen da.

Kasu honek, duda gabe, gure artean oso ezaguna egin den Hassanna Aalia ekartzen digu burura, Saharako herriaren eskubideen aldeko militantea. Orain aipatutako kasua horren hurbil izanda ere, gobernu espainiarrak bere asilo eskaera ukatu berri du. Gazteak sufritutako torturen frogak aurkeztu zituen, eta bere aurka egindako berme gabeko epaiketan hamabi urteko kondena du Marokon zain. Buruko ile guztiak lazten zituen Aaliari berari zuzenean entzuteak Marokora bidaltzean zer gerta zekiokeen azaltzen.

Azpimarratu beharra dago asilo eskubideari buruz ari garela hemen, norberaren herrian jazarria izateagatik ihes egin behar eta beste herri batean babesa eskatzearen eskubideaz, herri honek oso ondo ezagutzen duen errealitate batez, hain zuzen ere. Ondo dakite euskal herritarrek torturatik ihes egin beharra zer den, sorterria eta maite dituzten horiek atzean utzita, baina baita kanpoan, gure errealitatetik urruti egon arren, berotasunez, elkartasunez hartu gaituztenek ere. Nazioarteko hitzarmenetan ez ezik, estatu barneko legedian ere aurreikusten den eta bete beharreko eskubide bat da hau. Honen harira eta ziurrenik Melilla eta Ceutatik ailegatzen zitzaizkion salaketa latzengatik, Nils Muižnieks Europako Kontseiluko goi ordezkaria bertaratu egin zen, beren beregi aztertzeko eufemistikoki “beroan bueltatzea” deitzen dena. Esamolde horren benetako esanahia, sartu eta inolako epaiketarik edo prozesurik gabe pertsona hori inoiz sartu izan ez balitz bezala bueltatzea da.

Goi ordezkariak ikusitakoa larria izan zen, baina are larriagoa izan zen gobernu espainiarra, bere jarduera hori aldatzen ahalegindu ordez, legeztatu nahian zebilela ikustea (baita egin ere). Estrasburgon bueltan bere izenean publikatutako artikulu batean irakurri daiteke Marokoko mugan ikusi zuenaren laburpena: «Espainiak ezin du ilegala den zerbait legalizatu». «Asilo eskubidearekin bukatzeko lehenengo pausoa baino ez da hau», esaten zuen. Bazter hauetan ondo dakigu azken urteetako ohitura oso zabaldua dela hori: eskubideen urraketa hori aldatu baino, espainiar gobernuak hura legeztatzea eta legearen aurka dabilela dioten salaketak modu horretan gelditzea. Lege aldaketa horiek, gainera, une honetan abiadura bizian egiten dira, nahi beste eta nahi bezalako aldaketa horiek posible egiten dituen gehiengo absolutu hori laster aldatuko dela ikusita, ziurrenik.

Baina ez hori bakarrik, gobernu zentralaren jardueraren beste adibide bat da beste ezeren gainetik interes ekonomiko edo politikoak lehenestea (ezin ahaztu dezakegu Saharako herriaren autodeterminazio eskubidearen gaineko diskurtso batek zer nolako barne eztabaidak sor litzakeen eta bereziki une honetan, espainiar erresumaren ideia hori inoiz baino kuestionatuago dagoenean). Bere nahi hori, hainbat tokitan publikatutako irudi harrigarrietan islatzen da, esaterako: Francisco Martinez, Espainiar Estatuko Segurtasunerako idazkaria, Marokoko Lurraldearen Zaintzarako Zerbitzuaren zuzendari nagusiari, Abdellatif Hamouchiri, domina bat ematen, sari gisa. Marokoko goi agintari honek Frantziatik alde egin zuen, auzitegiaren agindu batekin bere bila joan zirenean, oso tortura latzengatiko salaketa bat zela-eta deklaratzera deitu zutenean.

Espainiar gobernuak Saharako herriak pairatzen duen egoeraren gaineko erantzukizuna du; are gehiago, aurkezten diren asilo eskaerei entzungor egin eta arriskuen gainetik bestelako interesak lehenesten baditu, entrega burutzean pertsona horri gertatzen zaionaren erantzukizuna bere egin behar du.

Larunbat honetan, zita bat dugu Bilbon. Gure herriak beren eskubideengatik borrokatzen diren herriekiko elkartasuna adierazteko. Baina bereziki, jazarri politikoen asilo eskubidearen alde. Herritik urrun bizi behar izanik ere, berotasun hori sentitu dezaten. •