Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa

Mendialdearen hustuketa

Mendialdean dauden herriek hutsik geratzeko arrisku bizia dute. Hirietako berotxoa dugulako gustuko, mendian bizitzeari deserosoa deritzogu. Arabako, Nafarroetako eta Zuberoako mendialde isolatuenetan aspalditik azaleratzen ari den arazoa dugu, bertako zerbitzu publikoen eskasiarekin eta lehen sektorearen gainbeherarekin oso lotuta dagoena. Gero eta zaharragoak diren mendialdeetako baserritarrek ezin izan baitiote nekazaritza industrialaren aukerari biderik eman, haien baratzetako orografia malkartsu eta klimatologia bortitzagatik. Baina baita gobernuek gidatutako politika gehienak, erdigunean, hots, hiriaren hegemonian oinarrituta antolatutakoak, urbanizazio ustez jasoaren ideologia nonahi hedatzen joan direlako ere, eta mendialdea kulturalki ere baztertzen.

Espainian arazo berdina dute. Horregatik sortu berri dute batzorde berezi bat Senatuan, mendialdeetako despopulatzea saihesteko, Paco Boya politikari sozialista arandarrak sustatuta. Helburua ez da subsidio-politika onberak indarrean jartzea, baizik eta aberastasuna lortzeko neurri egokiak biltzea; ekonomikoa soilik ez den aberastasuna, alegia, epe laburreko ohiko pentsamolde espekulatibotik harago doan oparotasuna, bizi-kalitate iraunkorra eskaintzea beste ziorik ez duena. Beste helburu interesgarri bat litzateke demografiaren lurralde-banaketa orekatuago bat erdiestea; hiriek gero eta biztanle gehiago erakartzen dituzten zulo beltzak izaten jarraitu ez dezaten.

Mendialdeetako herriek badituzte hainbat abantaila, uste osoz bultzatu beharko direnak demografikoki berpiztuko badira. Ekonomiaren lehen sektoreko eremu espezializatu batzuetarako (gertuko nekazaritza ekologikorako) egokiak izateaz gain, hirugarren sektorerako ere aukerak badituzte. Esaterako, zona horiek mendi-turismoaren esklusibotasuna dute, orekaz sustatu beharko dena, kirol batzuen kudeaketa arduratsuarekin batera.

Asturiasen bereziki larria da mendialdeetako despopulatzea (haren lurralde-azalera osoaren %80 da mendia). Horregatik gonbidatu zuten aipatutako batzordera, pasatu den urtarrilaren 19an, Jaime Izquierdo Vallina aditu asturiarra, zeinak antzinako mendiko baserritar komunitateen aktiboen eguneratze estrategiko baten alde hitz egin baitzuen, batik bat lur komunalen kudeaketa kolektibo adimentsua aldarrikatuz. Euskal Herrian ere piztu (edo soilik berpiztu) genezake.

Bukatzeko, ideia garrantzitsu bat: guztioi dagokigun arazoa da aipatutakoa. Baita kalekumeoi ere. Ikuspegi egoista batetik defendatu daiteke hori, mendialdeetako nekazari eta abeltzainak izan direlako hain gustuko dugun (eta asteburuetan disfrutatzen dugun) bertako paisaia orain arte mantendu (landu, babestu, kudeatu) dutenak; mendialdeetako herriak jendez husten badira, zeinek garbituko ditu mendiak, soldatapeko funtzionario batzuek? Hala ere, oinarrizko eskubideen ikuspegitik ere defendatu beharko lirateke mendialdeetako herritarrak, landa-eremuan bizitzeko eskubidea baitago jokoan. •