Isidro Esnaola

Egiazko kapitalismoa

Egunerokoan murgilduta ibiltzen gara. Gure gorroto, nahi eta gure harrikadekin kontent. Askotan gure mundutxotik harantzago ez dugu ezer ikusten, kabestrua edukiko bagenu bezala. Zaila izaten da albo batera jartzea eta beste ikuspegi batetik gauzei begirada bat botatzea; ikusten ez duguna ikustea. Edo ikusten dugun hori besteei erakustea. “Nightcrawler” pelikularen egileak hori lortu du: gure gizarteari begirada sakon eta kezkagarria botatzea.

Film horren argumentua nahiko sinplea da: protagonistak gauean zeharkatzen du hiria gertaerak grabatzen. Zenbat eta morbosoagoak irudiak, orduan eta hobeto. Horiek lortzeko bidean, protagonistak ez du inolako mugarik errespetatzen. Hala ere, hori baino interesgarriagoa iruditu zait protagonistak bere negozioa nola kudeatzen duen ikustea. Enpresa gestionatzeko edozein liburuk esaten duen moduan aritzen da. Oso argi gelditzen da filosofia hori protagonistaren eta bere soldatapeko langilearen arteko harremanetan. Negoziazioak ekonomiako manualek esaten duten modukoak dira. Kontratatzeko garaian, bere burua saltzeko eskatzen dio, langilea saiatzen da, baina uste sendorik gabe. Gazte horrek soldata bat behar du bizi ahal izateko eta hori lortzeko edozein gauza egiteko prest dago. Protagonistak badaki hori horrela dela, baina hala ere negoziazio simulazio hori egiten du, manualak dioen moduan, azkenean huskeria bat ordaintzeko.

Lanean, protagonistak etengabe eskatzen dio enpresan gehiago inplikatzeko, arazoen aurrean soluzio berriak emateko; ez bere zereginak betetzea soilik, baizik eta ekarpenak egitea proiektu komunari. Langileak apenas kobratzen du eta jakina entusiasmo handirik ez du jartzen. Nagusiak esaten dio aldiro baloratuko dutela lanaren hobekuntza, baina balorazio hori ez da inoiz iristen. Gero eta argiago gelditzen da formaren ikuspuntutik negoziazio aske bat dagoela, baina funtsean langileak ez duela inolako negoziazio ahalmenik. Momentu batean gauzak aldatzen dira eta langileak indar posizio batetik ekiten dio negoziazioari, ustez nahi duena lortzen du, baina azkenean hor bukatzen da beraien arteko harremana. Negoziazio libre eta askean baino elkarren arteko xantaian oinarritzen da bien arteko harremana; hori bai, oso ondo apainduta ekonomia arloko hizkerarekin.

Telebista katearekin antzeko zerbait gertatzen da. Normalean irudiak saltzen ditu eta kateak ezartzen du prezioa. Gutxi gorabeherako kopurua finkatzen du, lortu dezakeen ikusleen kuotaren arabera. Erreportaje mamitsu batekin agertzen den egunean, berak bakarrik lortu duena, orduan erabat aldatzen da negoziazio egoera. Momentu horretan protagonistak botere posizioan ikusten du bere burua eta berak egindako materiala erosi ahal izateko drakoniar baldintzak ezartzen dizkio kateari. Jakina, telebistak onartzen ditu puntu guztiak, irudi horietan interes handia duelako. Oso agerian gelditzen da merkatu baldintzetan lortzen dena ez dela kalitatezko produktu bat, beste inork ez duen produktu bat baizik. Araudirik gabeko testuinguruan benetan dirua eta indar posizioa ematen duena monopolio bat izatea dela. Eta horretara bideratzen dituzte beraien indar guztiak telebista kateek eta berri biltzaileek, batere kezkarik gabe gainera.

Harreman pertsonaletan filosofia berari eusten dio protagonistak. Dena truke bat besterik ez da. Truke horretan beste pertsonaren puntu ahulak bilatzen ditu eta horiek erabiltzen ditu, gupidarik gabe. Beste harremanetan erabili duen xantaia estrategia bera errepikatzen du. Merkatuaren filosofia hori nahikoa du protagonistak bere bizitza antolatzeko eta “arrakasta” lortzeko. Pelikulak aurrera egin ahala burutik eginda dagoela gero eta argiago gelditzen da, baina ez hainbeste protagonista, pertsonaia horrek pertsonifikatzen duen kapitalismoa baizik. Egiazko kapitalismoaren deskribapen ezin hobea eta beldurgarria. •