Integrazioa sustatu, aurreritziak nokeatu
Kolpe bakoitzarekin integraziorako eta berdintasunerako urrats txiki bat eginez, egoera zailean bizi diren gazteei aisialdirako eta bizitzarako aterabidea eman asmoz sortu zen Salam boxeo taldea, Kolore Guztiak elkarte interkulturalaren proiektua.

Hona etortzea niretzat paradisuan egotea bezalakoa da». El Mehdi Kazem gaztearen hitz hauek ezin hobeki laburbiltzen dute Salam boxeo taldearen filosofia eta bere kideentzako duen esanahia. Gazte-gazterik atera zen El Mehdi Marokotik eta jaioterria atzean utzita iritsi zen Euskal Herrira. Hasierako garaiak ez ziren samurrak izan berarentzat, kalean bizi behar izan baitzuen. Egunean zehar egitekorik ez izateak are gogorragoa egiten du kalean bizitzeak berezkoa duen zailtasuna. Egoera iraultzeko bidean, El Mehdik ezinbestekoa izan du bere garaian Kolore Guztiak elkarteak eskaini zion laguntza.
2006an jaio zen Kolore Guztiak elkarte interkulturalak etxerik gabe dauden edota bazterketa arriskuan dauden neska-mutilekin egiten du lan. Erakundeek ere era horretako babesak eskaintzen dituzte, baina programa instituzionalak hemezortzi urtetik beherako gazteentzako izan ohi dira.
Aurrez egindako lan horri segida emateko jarri zuten martxan Kolore Guztiak elkartea. Egun, bi programa nagusi jorratzen ditu. Alde batetik, sei harrera pisu dauzka herrialdean barrena barreiaturik eta bertan 18 eta 24 urte bitarteko gazteak daude. Bizilekua eskaintzeaz gain, lan integrala egiten du elkarteak bertan bizi diren gazteekin: formakuntza eskaintzen die, egunerokoan jarraipena egiten diete... Beste alde batetik, badago bigarren egitasmo bat, kalean bizi diren gazteei zuzendutakoa. Kasu honetan, informazioa ematen zaie eta beren egoeraren inguruko jarraipena egiten da.

Karmelo Gonzalez hezitzaileak azaldu digunez, bestelako ekimenak ere sortu dira Kolore Guztiak elkartearen inguruan, aipatutako bi egitasmo nagusi horien osagarri. Tartean, Baraka antzerki taldea eta Salam boxeo taldea daude. Azken honen gonbita onartu eta beraiekin ring-ean sartu gara, egiten duten lana gertutik ezagutu eta bertan parte hartzen dutenen bizipen eta sentsazioetan murgiltzeko asmoarekin. Benda eta eskularruak jarri beharrean, kamerarekin igo da GAUR8 eta gazteekin kolpeak trukatu beharrean, galderak eta erantzunak bota dizkiogu elkarri, gustura asko.
Gurekin hitz borrokaldia izatera Salam taldean boxeoan ari diren El Mehdi Kazem, Imanol Alonso eta Fran Martinez gazteak bildu dira, baita Karmelo Gonzalez hezitzaile eta boxeo taldearen sustatzailea ere. Kazem eta Gonzalez dira taldearen entrenamenduak antolatzearen ardura dutenak. Ismail gaztearekin ere eginda genuen zita, baina ez du gure hitzordura heltzerik izan. Kalean bizi da bera, Errenterian, eta handik hona mugitzeak suposatzen dion zailtasunak eragotzi dio garaiz iristea.
Gonzalezen boxeorako afizioa izan zen talde hau sortzeko aitzakia eman zuena. Harrera pisuetako batean zeuden lagunekin hasi zen lehen kolpeak trukatzen eta kirol hau agian modu antolatuago eta irekiago batean egiteko ekintza aproposa izan zitekeela otu zitzaien.
«Boxeoa kirol erakargarria zen gazteetako batzuentzat –azaldu du–, eta pentsatu genuen merezi zuela jarduera osasuntsu bat egitea, norbaitek zuzendua eta helburu batzuk aintzat hartuta». Gure jendartean hain errotuta dauden aurreiritzien erruz, izango da uste duenik ezinezkoa dela balore batzuk, adibidez integrazioa eta berdintasuna, boxeoaren bitartez sustatzea. Azaletik haratago begiratuta, baina, elkarteak dituen helburu eta baloreei ezin hobeto doitzen zaie boxeoa. Elkartasuna, parean dagoenarekiko errespetua, laguntasuna edota kiroltasuna dira, hain zuzen, jarduera honen giltzarri.
2013. urtean sortu zen taldea eta bi urte hauetan lortutakoaz harro mintzo zaigu Karmelo Gonzalez, dagoeneko 40 gazte inguru pasatu baitira berak martxan jarri zuen boxeo eskola xume horretatik.
Halako egoeran dauden gazteekin lan egiteak badu bere zailtasuna eta parte hartzen duten gazteen artean talde egonkor bat sortzea ez da erraza izaten. «Estabilitatea zaila da. Gurekin dauden gazte gehienak etorkinak dira eta askotan bizilekua aldatzen dute, formazio ikastaroren bat egitera joaten dira edo lanen bat aurkitzen dute», dio Gonzalezek, nahiz eta nabarmendu duen azken sei hilabeteetan, gazteen konstantziari esker, talde nahiko egonkorra osatzea lortu dutela.
Lan gogorraren emaitzak
Beste kirol jarduera batzuek bezalaxe, konpromiso maila handia eta jarraikortasuna eskatzen du boxeoak. Ekinaren ekinez, Salam taldea ere egindako lanaren fruituak biltzen hasi da.
«Boxeoan aurrera egin eta zerbait lortu nahi badugu, lan handia egin beharra daukagu. Konpromiso hori edukitzea eta nolabaiteko diziplina horren baitan lan egitea positiboa izan da gazteentzat». Gainera, egunerokoan pilatzen duten «karga emozionala» arintzeko ere balio izan diela argitu du hezitzaile eta Salam boxeo taldearen arduradunak.
Ildo horretan, egiten duten lana integrala da. Afera ez baita gimnasio batera joan eta hiruzpalau instrukzio jasota kamiseta izerditzea, kirola egite hutsetik haratago doan jarduera bat da.
Beasaingo harrera pisuan hezitzaile lana egiten duen Gonzalezek azaldu digunez, gazteen artean harremana era berezian sustatzen da. Talde izaera oso presente izanik, bertan egindako harremanari esker, ring-etik kanpora dauzkaten arazoen gainean hitz egin dezakete eta bizipenak konpartitu ditzakete.
Horrez gain, badira beste premisa batzuk kirol jarduera honetan parte hartu nahi duten neska-mutilek errespetatu behar dituztenak, funtsean, entrenamendu saioetara inolako substantziarik kontsumitu gabe joatea eta saioetan ikasitakoak kalean ez erabiltzea, esaterako.
«Kaleko bizi-baldintzak oso gogorrak dira eta ez da zaila gatazkaren baten aurrean gaizki erantzutea», esan du Karmelo entrenatzaileak, baina berehala argitu digu taldea sortu zutenetik ez dutela mota honetako inolako arazorik izan.
Lehiatzea helburu ez duten arren, gazteetako batzuek ikasitakoa ring baten gainean frogatzeko grina izan dute. Haien artean, El Mehdi Kazemen kasua dago. Salam taldearekin lanean hasi zenean, kalean bizi zen eta gogor lan eginez erabaki zuen lehiaketaren mundura jauzi egitea. Salam gimnasio ofiziala ez denez, Anoetako boxeo taldeak eskaintzen die nahi duten lagunei lehiaketarako pauso hori emateko aukera.
Kazemena ez da marka makala; ofizialki lehiatu zen lehen aldian Gipuzkoako txapeldunorde izatea lortu zuen. «Ilusio handia eman zidan, nire helburuak lortzeko pauso handi bat izan zen», dio, harro.
Ring-era Anoetako taldearekin igo den arren, oso argi dauka Kazemek bere jatorria. «Ni Salamekoa naiz –nabarmendu du, irribarretsu–. Dakidan guztia hemen ikasi dut, lehiatzera Anoetakoekin joan naizen arren».
Orain, ikasitakoa Salameko kideei transmititzen aritzen da, buru-belarri. «Astean behin klasea nik emateko aukera eman dit Karmelok eta, modu horretan, nire esperientzia kideekin konpartitu dezaket», azaldu du.
Gaur egun, El Mehdi bere kideetako askorentzako «erreferente polita» dela aitortu digu Gonzalezek. «Zerotik hasi zen, gauzak oso zail izanda, eta gaur egun bizitza normalizatu bat izateko behar diren helburuetako asko lortu ditu».
El Mehdi Kazemen jarrera hau, gainera, ez da kasu bakan bat. Imanol Alonsok sei hilabete daramatza taldekide gisa. Fran Martinez lagunaren bitartez ezagutu zuen Salam eta poz-pozik mintzatu da hain epe laburrean egindako aurrerapenaz.
Laguntasuna eta kiroltasuna
«Laguntza ematen digutenean, gure mentalitatea aldatu egiten da eta jasotako laguntza hori beste bati ematen saiatzen gara». Hitz horiekin azaldu digu Alonsok Salametik atera duen ikasgaietako bat.
Ez dago ados, gainera, jendeak boxeoaz duen irudiarekin. Beste zerbait da beraren ustez. «Ez da
beste pertsona bat besterik gabe jotzea. Boxeatzen dugunean –adierazi du–, pentsatzen dugun gauza bakarra geure burua hobetzea da». Aitortu digunez, batek baino gehiagok galdetu dio ea bertan ikasitakoak kalean borroka egiteko balio izan dion. «Guztiz kontrakoa esango nuke nik, hemendik erlaxatuago ateratzen gara, lasai, eta kalean ahaztu egiten ditugu borrokak».
Kirol mailan izan dezakeen balioaz gain, oso nabarmena da bai Salam taldeak bai Kolore Guztiak elkarteak egindako lana oso baliagarri zaiela gazteei, kultura asko ezagutzeko parada ederra daukatelako.
Nork bere jatorria eta sinesmena edukita eta besteena errespetatuz, bai Salam-en entrenamenduetan bai Kolore Guztiak-en etxebizitzetan eta sustatzen dituzten gainerako ekintzetan bizikidetza erabatekoa daukatela nabarmendu digute. Fran Martinezek, esaterako, urteak daramatza jatorri arabiarreko pertsonekin etxebizitza partekatzen eta, inolako arazorik izan ez duela kontatzeaz gain, haiekin ikasitakoak asko balio izan diola esan digu. «Jende berria ezagutzen dugu, lagun berriak egiten ditugu... Kultura gehiago izaten laguntzen digu».
Sorreratik izan duen bide oparoarekin ez dira konformatzen Salameko gazteak. Hala, etorkizunari begira hainbat erronka dauzkatela esan digu Karmelo Gonzalezek. Lehenik eta behin, esku askoren arteko lankidetzari esker sortutako boxeo taldeari eustea eta hura kontsolidatzen jarraitzea dute helburu.
Salam taldean, emakume gehiagoren parte-hartzea sustatzea eta azpiegiturak apurka-apurka hobetzea ere espero dute. Gainera, integrazioaren arloan lan egiten duten bestelako eragileekin harreman estuagoa izan eta Gipuzkoako Aldundiak ematen dien sostengu ekonomikoaren osagarri izango diren bestelako finantzazio bide batzuk bilatzea ere badaude beren egitekoen zerrendan. Galtzak bete lan, beraz.
Dilin! Bukatu da Salam boxeo taldearekin ring gainean izan dugun topaketa berezi hau. Bukatu da gure borrokaldi bitxia, oraingoz bederen. Salam boxeo taldearen bidea, aldiz, ez da inola ere bukatu, indartsu begiratzen baitiote etorkizunari. Oparoa izan dadila.

