Virginia ENEBRAL
ERRESISTENTZIA FEMINISTA PALESTINAN

Okupatutako lurraldeak eta Euskal Herria kooperazio sarea josten

Basauriko emakumeen etxean, Marienean, elkarrekin bildu ziren joan den asteburuan Zisjordaniako eta Euskal Herriko hainbat erakunde feminista. Parean jarrita kooperaziorako sare bat josten hasi dira, batzuek zein besteek baitute helburu parekidetasuna zimendu izango duen jendarte eredu bat eraikitzea. Emakume palestinarrek beren egunerokoaren testigantza latza ekarri zuten jardunaldiotara, okupazioaren eta jendarte patriarkalaren kontra borrokatu behar baitute aldi berean.

Okupazioak eragin bikoitza dauka emakumeengan
Okupazioak eragin bikoitza dauka emakumeengan

Palestina hitza entzutean okupazioa, indarkeria eta blokeoa etortzen zaizkigu burura. Hala ere, Palestinako lurralde okupatuei erresistentzia, elkartasuna eta jabekuntza ere badarie, borroka hori, halaber, feminista ere baita. Kooperazio elkartasun sare baten oinarriak ezartzeko helburuarekin, pasa den asteburuan Marienea Basauriko emakumeen etxea Zisjordaniako eta Euskal Herriko erakunde eta elkarte feministen arteko topaketaren lekuko izan zen. Gazako zerrendari inposatutako blokeoak bertako Emakumeentzako Ikerketa eta Aholkularitza Legalerako Zentroko (CWLRC) eta Emakumeen Gaietarako Zentroko (WAC) ordezkariak Basaurin izatea galarazi zuen. Nazio Batuen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak (UNRWA) sustatutako “Sareak ehuntzen” proiektuaren baitan, aurtengo jardunaldiak 2013an emakume euskaldunek Palestinara egindako bisitaren jarraipena izan dira.

«Okupazioak emakumeengan eragin bikoitza eta ezberdina du», azpimarratu zuten bildutako ordezkari palestinarrek. Horrenbestez, bi esparru ezberdinetara bideratu behar dituzten ahaleginak. «Alde batetik, beste guztiak bezala patriarkala den jendarte palestinarrean emakumeen aurkako indarkeria ageri da. Bestetik, Israelek inposatzen duen apartheid sistemaren ondorioak daude», salatu zuen Sawsan Zaher Emakumeentzako Laguntza eta Aholkularitza Legalerako Zentroko (WCLAC) zuzendariak. Kontrolguneetan izandako arazoengandik lana galdu eta gero gizonezkoek emazte eta alabei ordainarazten dieten frustrazioa edota preso dauden senarrak askatu arte euren zain egoteko emakumeei ezartzen dieten betebehar soziala eragin bikoitz horren adibide dira. «Emakumeen aldeko eta okupazioaren aurkako auzien inguruan batera egin behar dugu lan», esan zuen Manal Tamimi aktibistak –Nabi Saleh herrian indarkeria eza oinarri hartuta lan egiten duen Erresistentzia Batzordeko bozeramailea da–.

Basauriko topaketetan izandako hiru emakume palestinarrek argi azaldu zuten borroka biderik eraginkorrena emakumeen jabekuntza bultzatzea dela. «Gainera, baliabide mugatuak ditugunez, andreek formakuntza jaso eta gero beren herrietan lan egin dezaten saiatzen gara», ziurtatu zuen Ohaila Shomar Emakume Guztiak Elkarrekin Gaur eta Bihar (SAWA) elkarteko zuzendariak. Arabieraz “elkarrekin” esan nahi du sawa hitzak, eta, hala, elkarteak eguneko 24 orduetan eskuragarri izaten den telefono bidezko aholkularitza zerbitzu bat du. Doako 121 telefono zenbakiaren bidez, edozein indarkeria salatzeko deitzen duten emakume eta umeei laguntza psikologikoa eta lege aholkularitza ematen diete, beti modu anonimoan. «Milaka dei jasotzen ditugu, gehienak etxean gertatutako bortxakeria kasuak salatzeko, batzuk oso gogorrak. Jendarte palestinarrak etxeko indarkeriatzat hartzen du, familia gaitzat. Auzia arlo pribatutik publikora atera eta arazo sozial bihurtzea lortu behar dugu», nabarmendu zuen Shomarrek. «Gainera, ezin dugu ahaztu ez dagoela inolako babes sistemarik kasu hauetarako, emakumeek behar duten babesa ziurtatzetik oso urrun gaude oraindik».

Bestalde, herrixka bakoitzeko beharrak zeintzuk diren jakiteko datu-base bat ere garatu dute, datuak sailkatzeko hamabost indarkeria mota bereiziz. «Dei gutxiko lekuetara ere joaten gara geure burua ezagutzera emateko». Izan ere, leku batean dei gutxi baldin badira, herrian erakundearen berri ez dutela uste dute, ez indarkeriarik ez dagoela. Gazteak ere kontuan izaten dituzte, haiek baitira etorkizuneko gakoa. «Helduen jokaera aldatzea zaila izaten da, horregatik, jendarte hobea eraiki nahi badugu, gazteekin landu behar ditugu giza eskubideak», adierazi zuen Shomarrek.

Jarduerarik gabeko parlamentua

«Emakumeen bazterketan garrantzi handia duen esparrua da legedia». WCLAC zentroak argi ikusten du hori, eta, horregatik, aholkularitza eta laguntza juridikoa eskaintzen die emakume palestinarrei. «Estatus Pertsonaleko Legeak ez du emakume eta gizonen arteko berdintasuna aintzat hartzen. Gainera, alor horretako auziak ez dira auzitegi zibiletan epaitzen, xaria edo lege islamiarra oinarri duten epaitegietan baizik», azpimarratu zuen Zaherrek.

Emakumeen eskubideen aldeko taldeek legeria eraldatzeko proposamenak egin arren, ezinezkoa izan zen Palestinako Parlamentuan aldaketok gauzatzea, Hamas eta Al-Fatah alderdien arteko desadostasunen ondorioz. «Zuzenketak izoztuta geratu dira». Itxaroten geratu beharrean, ahalegin guztiak abokatu eta epaileen formakuntzara bideratu dituzte. «Legeei ikuspuntu feminista eman nahi diegu, kode penala emakumeen aurka ahalik eta gutxien ezar dadin».

WCLAC zentroak, baina, ez ditu okupazioaren ondorioak ahazten, eta, hala, kolono edota soldadu israeldarren indarkeria jasan duten emakumeen kasuak ere biltzen ditu. «Ezin dugu alde batera utzi militarizazio bortitz baten menpe gaudela».

Erresistentzia baketsua

«Gure existentzia erresistentzia da», aldarrikatzen du Shadia Mansour hip hop abeslari britainiar-palestinarrak, eta horixe bera da Nabi Saleh herriko biztanleen apustua. Ramallah hiritik 20 kilometrora kokaturiko herrixka horretan orain dela sei urte kolonoek iturburu bat bereganatu zutenetik, ostiralero manifestazio bat egiten dute emakumeek, gizonezkoek eta umeek. Indarkeriarik erabili gabe. «Palestinarrak mundu osoan izan gara kritikatuak, terroristak edota bortitzak garela argudiatuz. Nahiz eta guk biolentziarik erabili ez, Israelgo agintariek armekin erantzungo dutela frogatu nahi dugu. Horrela, nazioarteko komunitateari mezu bat bidaltzen diogu: arazoa okupazio da», ohartarazi zuen Manal Tamimik Basaurin.

Indarkeria ezaren aldeko apustuak emakumeengan ere badu bere aparteko eragina. Senarrak lan egitera herritik kanpo joaten direnean, kolonoek emazteak etxean bakarrik geratzen direla aprobetxatu eta herrixkari eraso egiten diote. Eta ez hori bakarrik. «Imajinatu zer den egunero-egunero zure senarrari, neba-arrebei, seme-alabei, lagunei.. zer edo zer gerta dakiekeen beldurrez bizitzea. Edota baita zure buruari ere, noski. Gainera, kolonoek sexu jazarpena mehatxu bezala erabiltzen dute, manifestazioak bertan behera utz ditzaten herritarrek. Andreak zapaltzen dituzte gizonak zigortzeko, beloa edota arropak kenduz, edota atxilotu eta bortxatuko dituztela mehatxatuz. Noizbait gertatuko balitz ez litzatekeela lotsagarria izango defendatzen dugu guk», aldarrikatu zuen Tamimik.

Nabi Saleh herriko biztanleek argi dute indarkeriarik gabeko erresistentziarekin jarraituko dutela. «Oso gogorra da, baina palestinarrak izate hutsagatik prezio altua ordaintzen dugu jada. Beraz, hobe borrokatuz ordaintzen badugu!». Momentu oro irribarretsu agertzen zaigun borondate hautsezineko emakume honek Marthin Luther King berak ezagun egindako hitzak bereganatu eta «amets bat» zuela onartu zuen: «Egunen batean munduko beste hainbat herritan duten ohiko bizimodua izatera heltzea».

Estatu bakarra

Indarkeriarik gabeko erresistentziaren bidean, palestinarrek bitarteko boteretsua proposatzen dute: Israeli boikot ekonomiko, politiko, kultural eta akademikoa egitea bultzatzen duen nazioarteko BDS kanpaina. Horri lotutako bestelako mugimendu bat ere bada, One Democratic State (ODS), gatazkaren konponbiderako gakoa estatu demokratiko bakarra eratzea dela defendatzen duena. Nabi Saleh herrian bat egiten dute ideia horrekin. «Gure lurralde historikoen %22 soilik kontrolatzen ditugu egun, eta, gainera, kolonoen errepideak, hesia eta gainontzeko guztiak kenduta, lurren %2 bakarrik geratuko lirateke. Gure gune erlijiosoetara joatea ezinezkoa litzaiguke muga horiek onartuta, baita aireportu edota itsasora irteera izatea ere. Izan ere, Israelek jarraituko luke mugen gaineko kontrola izaten, ez guk».

Tamimik Palestina judu, kristau eta musulmanak elkarrekin bizi izan diren lurraldea dela gogoratu zuen. 1890eko biltzar sionista ospatu zen arte. «Baldintza berak ditugun bitartean, mugarik gabe, askatasun berdinekin, pertsona bakoitzeko boto banarekin, ez da arazorik izango, ezta izena erabakitzerako orduan ere. Azken batean, herri demokratiko batean biziko gara».

Mariaenean igarotakoak intentsitate handiko bi egun izan ziren. Euskal eta palestinar elkarteek elkar ezagutu eta lan, kezka eta ikuspuntuak partekatu ondoren, etorkizunera begirako konpromisoak etorri ziren; alegia, palestinar gatazka feministaren bozgorailu izatea, bertako emakumeek jasaten duten indarkeria salatuz eta palestinar herriaren askatasuna aldarrikatuz. Gurari bakarra geratu zen betetzeke: Ohaila Shomar, Manal Tamimi eta Sawsan Zaherrek Euskal Herriko elkarteen proiektuak aurrez aurre ikusteko aukera izatea.

Ohaila Shomar, Manal Tamimi eta Sawsan Zaher

«Gure askatasunean sinisteak ematen digu indarra»

Atze-oihala okupazioa delarik, Ohaila Shomarrek, Manal Tamimik eta Sawsan Zaherrek erakunde feministetan egiten dute lan Palestinan, sexuen arteko parekidetasuna lortzeko helburuarekin. Entzutea, aholkularitza eskaintzea edota emakumeen ahotsa entzunaraztea: dena da erresistentzia.

Zergatik da hain garrantzitsua elkarte feministek Palestinan egiten duten lana?

Shomar: Feminismoa zer den jakin ez arren, emakumeok paper garrantzitsua izan genuen aurreko bi intifadetan. Bigarrenaren ondoren, ordea, emakumeen mugimenduak atzerantz egin zuen. Hala ere, bestelako jendarte mota bat eraikitzea posible dela aldarrikatzen dugu oraindik ere.

Zaher: Egia da. Ez dugu hori errepikatzerik nahi, eta, horregatik, elkarte feministen lana beti garrantzitsua izan bada ere, orain askoz gehiago da. Palestinar estatuaren aitormena lortzea dugu helburu, trantsizioan murgilduta gaude, baina demokrazia ezin da inolaz ere emakumeen eskubideak sustatu gabe eraiki.

Tamimi: Dudarik gabe. Bidea luzea da eta gu urratsez urrats aurrera goaz, palestinarren eta emakumeon askatasuna lortu arte.

Zer-nolako eragina dauka okupazioak emakumeengan?

Tamimi: Bikoitza. Alde batetik, okupazio orok edozeinengan daukana, eta, bestetik, emakume izate hutsagatik jasaten duguna.

Zaher: Ez da bakarrik bikoitza, baizik eta, genero-rolak direla eta, ezberdina ere bai. Etxeak suntsitzen dituztenean, andreen lurraldea hondatzen dute, baserri guneetan batez ere. Ezin dugu ahaztu, era berean, jendarte patriarkal batean bizi garela eta soldadu israeldarren gizon palestinarrekiko indarkeria emakumeok ere pairatzen dugula. Beraz, okupazioa bikoitza edo hirukoitza dela esan genezake.

Shomar: Bat nator, andre palestinarrek aldi berean jasaten dute Israelen eta gizonen okupazioa.

Nola ikusten duzue emakumeen aurkako indarkeria agenda politiko matxistak lehentasuna okupazioari ematen dionean?

Zaher: Kolonizazioaren, okupazioaren zein apartheid sistemaren menpean bizi izanda, emakumeen eskubideen aldeko borroka bigarren mailakotzat jotzen da. Lehenengo auzia independentzia da; gero gaude gu. Gizonek ez dute borroka biek batera joan behar dutela ulertzen.

Shomar: Izan ere, andreen arazoak ez dira aintzat hartzen, nazioa baita lehentasuna.

Tamimi: Zoritxarrez, horixe da gertatzen dena. Hala ere, indarkeria biak ezin ditugu guztiz bereizi, hainbat lotura baitaude bien artean

Eta gatazkaren baitan gertatzen diren ausazko atxiloketak…

Zaher: Ez dago palestinar bakar bat ere familiako norbait kartzelan ez duenik, ezta izango ez duenik ere. Gainera, presoak trukerako txanpon gisa erabiltzen dira Palestina eta Israelen arteko negoziaziotan. Eta nola egiten diote horri aurre andreek? Gizonezkoak direnez atxilotu gehienak, emakumeek denbora luzea igarotzen dute bakardadean, zaintze lanak haien gain hartzera behartuta daude eta ezin dira dibortziatu; gainera, ikasteko edota etxetik kanpo lan egiteko aukerak urriak dira. Eta horrek guztiak dituen ondorio emozional eta psikologikoei buruz inor gutxi aritzen da.

Tamimi: Seme-alabak atxilotzen dituztenean amarentzat erabat gogorra izaten da. Eta aukera hori dagoela pentsatze hutsa ere bai. Nire semearen klaseko 13 urteko mutil koskor bat atxilotu ostean, semea hurrengoa bera izango zela pentsatzen bizi izan zen luzaroan. Beldur hori ikusteak nahigabetu egiten zaitu. Nire segurtasunak ez dit axola, baina seme-alabenak bai.

Hain muturrekoa den egoeran nola mantentzen duzue borrokarako grina?

Zaher: Zaila da hain gogorra den egoera batean esperantza mantentzea, baina, borroka, borroka besterik ez delakoan gaude, aurrera jarraitzea besterik ez zaigula geratzen.

Tamimi: Ez da batere erraza, bereziki umeak inguruan direnean. Ni naiz haien eredua; beraz, haien aurrean negarrik ez egiten saiatzen naiz. Egunen batean pertsona askeak izango direla eta beste edozein umek bezala denbora jolasean pasatuko dutela pentsatu nahi dut. Sinesmen horrek ematen dit indarra. Oraingo sufrimendu eta nekeak ez du garrantzirik ametsa errealitate bihurtuko bada. Aurrera egitea da, beraz, aukera bakarra.

Shomar: Palestinarrak gara eta badakigu maitasuna eta amestea zer den.