Ramon Sola

Varoufakis Nafarroan

Bakoitza bere neurrian eta bere munduko txokoan, baina bada antzekotasunik Greziako egoeraren eta Nafarroakoaren artean. Ikus dezagun, bestela, zer dioten datu hotzek eta fiskalizazio erakundeek, han eta hemen. Greziako Estatistika Agintaritzak honako errealitate hau marraztu berri du: populazioaren %23 pobreziaren mugaren azpitik bizi da (haurren %28) eta bi milioi eta erdi lagunek 5.023 euro baino gutxiago patrikaratzen dituzte urtean (hileko 400 euro inguru, beraz). Nafarroari dagokionez, Kontu Ganbarako presidentea den Helio Robledak halaxe aurreikusi du etorkizun hurbila ‘‘Diario de Noticias’’ egunkarian: «Oso kezkagarria da hurrengo Gobernuak jasoko duen egoera. Bideragarritasunik aztertu gabe eraiki diren azpiegiturek benetako hipoteka eragin dute: biztanleko zorra 5.000 eurokoa da, asko, baina behin egin dena eginda, orain eragiteko tartea oso murritza da».

Ibili badabiltza, ordea, Syrizakoak, egoeraren larritasunaren aurrean kikildu gabe. Abian dira. Alexis Tsipras lehen ministroaren gainetik, Yanis Varoufakis Finantza ministroak hartu du iritzi publikoaren aurrean ardura nagusiena; hala, berea izango da arrakasta ala porrota. Kinka honetatik Greziaren salbatzaile ala traidore gisa aterako da Varoufakis; edo biak batera, auskalo.

Momentuz, bi dohain txalogarri erakutsi dituela nabarmenduko nuke. Batetik, komunikaziorako gaitasun ikaragarria, bai kanpora begira bai eta bere herrikideei gauzak garden azaltzeko orduan ere. Honatx irakurri dudan Varoufakisi egindako azken elkarrizketatik ateratako zenbait pasarte argigarri: «Ez dakit lan hau egin ahal izango dudan, ez dizut bermatuko arrakasta izango dudanik»; «Pistola baten mehatxupean ari gara lanean»; «Krisialdian aberastu diren banketxeak txikitu egingo ditugu. Nola? Ez dakit, baina hondoratuko ditugu»… Eta, horrekin batera, lehentasunak zehazten badakiela ageri du Varoufakisek: horra hor Gobernu berriaren lehen lege egitasmoa, 300.000 familiari argindarra eta jakiak dohainik ematea helburu duena. Greziakoa, gauza guztien gainetik, krisialdi humanitarioa baita une honetan, pertsonen bizitzak dira jokoan.

Nafarroan ere, gero eta gertuago ikusten da greziar erako iraultze baten aukera, erregimena gainbehera dator-eta, hondoa joaz, Osasunaren usteltze sinestezina seinale nagusi. Ez dakit alternatiba bultzatzen duten indarrek (EH Bildu, Podemos, Geroa Bai eta I-E) boto berri asko eskuratuko dituzten, baina UPNren boto txartela hartu ohi duten milaka eta milaka herritarrek ez dutela oraingoan horrela egingo argi suma daiteke (zer esanik ez PSN zein PPren kasuan). Nafarroako Kutxaren eskandaluak beren buruei zer pentsa ematen bazien, Osasunarekin gertatu denak horien guztien bihotzean jo du, bete-betean. Eta bata zein bestea UPNko gobernuek izorratu dituztela ez du inork ukatzen.

Tenore horretan, Varoufakis bat (ez bera bezalako pertsona bat, berea bezalako estrategia bat baizik) sortu beharko da Nafarroan, gaur-gaurtik hasita hobe, biharko lanari era egokian heltzeko. Batetik, nafar jendarteari argi azalduz hauteskundeen bueltan datorren agertokia Robledak erakutsitakoa dela, latza baina adarretatik heldu beharrekoa. Bestetik, lehentasunak ondo eta egoki finkatuz. Egiteko horretan aurrea hartu du EH Bilduk, abenduan Labriten aurkezturiko ‘‘Herri borondatearen garaia’’ proposamena aski egingarri, zentzudun eta zehatza baita. Abantailatxo bat badu Nafarroak Greziarekiko: hango krisialdi humanitarioa oso zabal eta sakona bada, gurean ez da hain muturrekoa. Aldiz, beste krisialdi bat eransten zaio, demokratikoa: erabakitzeko eskubiderik eza, eskubideen aurkako erasoak, lehen eta bigarren mailako herritarren arteko banaketa... Hori bai, demokratizazioak behintzat ez du aurrekontu handirik eskatzen, doakoa da.

Oso aipatua izan da aste hauetan Syrizako boto-emaile batek adierazitakoa: hauteskunde programaren %5 betetzea aski izango litzatekeela. Ez dut uste Varoufakis horrekin ados dagoenik, baina %100era iristeko %5etik hasi behar dela argi duela esango nuke. Nafarroak ere %5etik hasi beharko du, ezinbestean, aldaketa. •