Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Gure monorraila

Monorraíl ¿Qué he dicho? ¿Cómo se llama? Monorraíl. Eso es, ¡monorraíl!». Momentu eta atal gogoangarri ugari utzi dizkigu “The Simpsons” telesail amerikarrak, baina, bat aukeratu beharko banu, argi dut: “Marge monorrailaren kontra” atal borobila da, ederki uztartzen dituena umorea, absurdua, kritika politikoa, mugikortasun politika, hiria, gizartea.

–Según dicen arma mucho alboroto. –Verá, señora, pues yo ni lo noto. Parke batean hondakin nuklearrak isurtzeagatik 3 milioi dolarreko isuna ordaindu beharko du Montgomery Burns-ek, eta diru horrekin zer egin erabaki beharko dute herritarrek. Progresoaren izenean, eta Springfield mapan kokatzeko, monorrail garraio sistema eraikitzea erabakiko dute ia aho batez. Izan ere, «Brockway, Ogdenville eta North Haverbrook mapan daude jada», monorrailari esker.

–¿Hay posibilidades de que el raíl se doble? –Ninguna amigo mío, es de acero doble.

Atala testuinguruan kokatuz, oso ohikoak bihurtu ziren monorrail sistemak AEBetako hirietan. Tranbiak desagertuz joan ziren pixkanaka, baina monorrailak bazuen “abantaila” bat tranbiak ez zuena: airean zihoan, esan nahi baita, ez ziola autoari inongo enbarazurik egiten. Disneyland eta Disney World bezalako aisialdi guneetan erabili zen lehenik; hirietan ondoren, logika bezain arrakasta zalantzagarriz.

–¿Qué haremos nosotros los descerebrados? –Los contrataremos como empleados.

Detroit hirikoa, “people mover” izenez maltzurki bataiatua, adibide paradigmatikoa da: 4,7 kilometroko ibilbide zirkularra du, eta, frekuentzia kontuan hartuz gero, elkarrengandik urrunen dauden bi geltokien arteko distantzia azkarrago egiten da oinez, monorraila hartuta baino. Errentagarritasun ekonomikoa bezain urria du errentagarritasun soziala apenas inor mugitzen ez duen “people mover” honek.

–Acaso lo envía usted el diablo. –No, señor, sé de lo que hablo. Mike Davis geografo kritiko-apokaliptikoak Las Vegaseko adibidea aipatzen du “Hiri hilak. Ekologia, hondamendia, matxinada” liburuan. Kontatzen du, turismoaren gaineko zergaren %8ko igoeraren aurrean, kasino eta hotelen lobby indartsuak diru hori “garraio publikoan” inbertitu zedin lortu zuela, zehazkiago esanda, bezeroak kasino-hotel nagusien artean azkarrago mugitzeko monorrail sistema batean.

–Señores, Springfield no tiene elección, alcen sus manos y entraré en acción. –¡Monorraíl! ¡Monorraíl!¡ Monorraíl! Springfield hiriko azken proiektu zentzugabea izan omen zen monorraila, baina atala amaitzean oroitarazten digute ezetz: inora ez doan eskailera mekanikoak, makilatxoekin egindako etxe orratzak eta munduko luparik handienak inolako errentagarritasunik gabeko proiektuen zerrenda borobiltzen dute kreditu-tituluak hastear direla.

–El asfalto de la calle está destrozado. –Lo siento mamá el pueblo ha hablado.

Springfield asko dago inguruan, tamalez; baina ez gurean, zorionez. Ez baitugu ahaztu behar gauza horiek, telebistaren bestaldera gertatzen ez direnean, “Ebrotik behera” den metafora horretan gertatzen direla soilik. –Monorraila! Donostia-Bilbo 55 minutu. –Monorrailaaaaaa! Gasteiz-Donostia 55 minutu. –Monorrailaaaaaaaaaaa! Bilbo-Gasteiz 43 minutu. Gure monorraila. –Monorra... dought! •