Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Inposizioari aurre egiteko moduak

Dagoeneko LOMCE legea eragina izaten ari da Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailan, eta Lanbide Heziketan. Lehen Hezkuntzako maila horietan Ingurune ikasgaiak aldaketa formalak izan ditu, bi ikasgaitan banatu dute-eta: Natura eta Gizartea. Aurrerantzean Erlijio ikasgaiak notarako balioko duenez, gurean Balio Sozial eta Zibikoak izeneko pisuzko ikasgaia egin beharko da haren ordez.

Ebaluazioa izango da LOMCEren inposizioaren ardatz nagusia, Estatuak agindutako edukiak menderatzen direla bermatzeko kontrol sistema, alegia. Espainiako Estatuak inposatutako edukien %50 ebaluatuko dira hain justu. Ebaluazioa errebaliden bidez gauzatuko da, eta, hala, ebaluazio sistema hezkuntza zentralizatzeko funtsezko baliabide bilakatuko da. Heziguneari eskatuko zaio haurrari kalifikazio numeriko bat jartzeko. Bestalde, gainditzen ez diren ikasgaien arabera, ikasleek errepikatu egingo dute edota hurrengo ikasturtera igaroko dira; hau da, ikasgai batzuk pisuzkoak izango dira eta besteak ez.

Eusko Jaurlaritzak erabaki du ikasturte honetan kanpo azterketa bakarra ezartzea, 3. mailakoei, hain zuzen. Ezagutarazi ez diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 ikastetxetan egingo dute azterketa eta ez dio eragingo ikasleen espedienteari. LOMCEk agindu bezala, tokian tokiko administrazioak diseinatuko du azterketa. Erabaki dutenez, azterketaren emaitzak ez dira jendarteratuko.

Lanbide Heziketak ere pairatuko ditu aldaketak. Maila berri baten sorrera ezarri du LOMCEk, Oinarrizko Lanbide Heziketa, DBHn ezinean dabiltzan ikasleak jasotzeko. Orain arte 16 urtetik gorako ikasleak joaten ziren hastapen eskoletara; aldaketarekin 15 urterekin joango dira. Nafarroan martxan dago aldaketa eta Jaurlaritzak ordezko formula bat jarri du abian: Prestakuntza Iragankor Integratuko Programak. Jaurlaritzak iragarri du, gainera, ez duela bultzatuko DBHko 3. mailatik Lanbide Heziketarako saihesbide hori.

Legeak aukera emango die enpresariei prestakuntzaren zati bat nolakoa izango den eta nork emango duen erabakitzeko, hezkuntza erabat merkantilizatu eta instrumentalizatuko den beldurra harrotuz. Nafarroako Hezkuntza kontseilariak begi onez ikusi du Madrilgo Gobernuak diseinatu duen hezkuntza legea. Jaurlaritza, bere aldetik, 2013ko udazkenean aurkeztu zuen “Heziberri 2020” curriculum berria lantzen ari da. Hasiera batean LOMCEri aurre egiteko baliatu nahi zuen. Berehala, ordea, legea bete beharraren izenean, haren tarteko nola bilakatzen ari den ikusten ari gara.

«Heziberri 2020» egitasmoaren helburuetako bat beste hezkuntza lege bat bultzatzea da. Izan ere, 1993ko Hezkuntza Publikoaren Legea ataka estu bilakatu da hiru lurraldeetako hezkuntzarentzat, eta bai egungo errealitateak bai jendartearen zati handi batek agortzear den legea gaindituko duen lege bat eskatzen dute. Legealdia amaitu aurretik ipiniko omen dituzte zutabeak. Ikustear dago herri gisa behar dugun hezkuntza eredua erabakitzeko eta eraikitzeko, eta Espainiako eta Frantziako estatuen inposizioen gainetik bidea egiteko, baliagarria izango den. Bien bitartean, hezkuntza eragileek beren jarrera agertu dute: batzuek, irmo, eta, besteek, berriz, epel. Nork bere posizioak hartu ditu, interesei eta komenientziei erreparatuz batik bat. Askok hauteskundeetan ipinita dute itxaropena, PPk Gobernua galtzeak amaiera emango diolakoan LOMCEri, amets txar gisa lausotuz.

Hezigune askotan, zorionez, egunero aniztasunari, sormenari, pentsamendu kritikoari, inklusioari, euskarari eta euskal nortasunari leku egiten saiatzen ari dira. Horra hor erantzun ederra ezartzen ari zaizkigun hezkuntza erreformari!

Zer pentsa ematen du. Gai izango ote gara oraingo honetan nork bere zilborrari begiratzeari utzi eta elkarrekin herri gisa behar dugun horretan azpimarra eta ahalegina jartzeko? •