Nerea Goti
ELGORRI IZURRITEA

AEB-etan alarma gorria piztuta, beldurra nagusi eta eskubideak kolokan

AEBetan sortu eta Alemaniara salto egin duen elgorri izurriteak alarma guztiak piztu ditu osasun arloko agintarien artean. Txertoa jartzeko dei egitearekin batera, immunizazioaren kontra dauden gurasoak estutu eta arazoaren errudun egin dituzte. Kutsaketa handiago baten beldur, eskubideak murrizteko deia da nagusi.

Txertoak bai ala ez? Galdera zaharra da, eta zaila erantzuna. Aldekoek eta kontrakoek kontuan hartu beharreko pisuzko argudioak dituzte eta ez du ematen erdiko soluziobide batera heltzeko aukera dagoenik, ez behintzat AEBetan piztutako eztabaida sutsua ikusita. Bertan duela hilabeteak agertutako elgorri agerraldi batek sutan jarri du eztabaida, gizartean beldurra nagusi den bitartean.

Administrazioan alarma gorria piztu duen izurritea pasa den urtarrilean sortu zen, Kaliforniako Dysneyland parke tematikoan agertutako lehendabiziko kutsatze kasuekin. Elgorria ia errotik desagertuta zegoen AEBetan, baina, bat-batean, ehun kasutik gora zenbatu dituzte hamalau estatutan. Ez hori bakarrik, Mexikon eta Kanadan ere kutsatze kasuak izan dituzte, eta gaixotasunak Alemaniaraino bertaraino egin du salto! Duela egun batzuk hango agintariek 18 hilabeteko ume baten heriotza baieztatu zuten.

Oraintsu sortu diren kasuez gain, iazko apirilean birusaren birsortze gogor bat izan zen AEBetan. Hala, 644 kasu baino gehiago izatera heldu ziren 27 estatutan. Bien bitartean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gogoratu du elgorria haurren heriotza arrazoi nagusietakoa dela eta gaixotasunari aurre egiteko segurua eta eraginkorra den txertoa egon badagoela.

Agertutako kasuen inguruan zabaldutako informazioaren arabera, Kalifornian kutsatutako gehienak txertatu gabeko pertsonak dira. Horregatik, bertako agintariek txertatzera deitu dituzte herritarrak. Gogoratu dute, gainera, txertaketa kanpainak orokortu aurretik elgorriak 4 milioi lagun kutsatu eta urtean 400 eta 500 heriotza bitartean eragiten zituela.

Barack Obama presidenteak ere esku hartu du eztabaidan, txertatzea defendatzeko. Audientzia handiko komunikabide batean egindako agerraldi batean onartu zuen txertoen aldeko eta kontrako arrazoiak egon badaudela, baina, jarraian, apustu argia egin zuen txertatzearen alde. «Zuen umeei txertoa ipini beharko zeniekete», adierazi zuen, hurrengoa gaineratuz: «Txertorik jasotzen ez dutenen kopuruak hazten jarraitzen badu, ahulagoak izango gara». Mezu bera zabaldu zuen Hillary Clintonek Twitter sare sozialean, eta oihartzun handia izan zuen. «Lurra borobila da, zerua urdina eta txertoek funtzionatu egiten dute», adierazi zuen.

John Boehner eta Mitch McConnell errepublikanoek mezuarekin bat egin dute. Polioa izan zuen McConnellek, eta, hala, argi azaldu zuen «polioaren biktima gisa, txertoen fan handia» dela. Boehnerrek haur guztiak txertatua izatearen beharra aipatu du, baina ez da legea aldatzearen alde azaldu.

AEBetan, txertatzea derrigorrezkoa bada ere, estatu gehienetan aurreikusita daude salbuespenak familiaren iritzi erlijiosoak edota filosofikoak kontuan hartuta. Askatasun hori dago orain jomugan, beldurraren ondorioz.

Eskubideen babesa

Polemikaren erdigunean txertaketa kanpainak badaude ere, arazoarekin hainbat kontu azaleratu dira. AEBetako legedian oso kontuan hartzen da norbanakoen eskubideen defentsa. Horren eraginez, azken urteetan naturaltasun osoz onartu da txertaketen kontrako mugimendua, baita ez txertatzeko agertutako argudio erlijioso edo filosofikoak ere. Dirudienez, baina, txertoak errefusatzen dituzten guraso kopuruak nabarmen egin du gora azken hamarkadotan, eta ez soilik erlijioarekin lotutako arrazoiengandik.

BBCren agerkari digitalean Jaime Gonzalezek sinatutako artikulu baten arabera, AEBetan gero eta gehiago dira seme-alabei txertorik ez jartzea erabakitzen dutenak. Kalifornian bertan, azkenengo zortzi urteotan biderkatu egin da txertoak jasotzen ez dituzten umeen kopurua. Egoera horren ondorioz, zenbait ikastetxek ohartarazi dute dagoeneko taldearen immunizazioa ziurtatzeko beharrezkoa den %92-%95 kopurutik behera daudela.

Egoera ikusita, txertoak jartzearen aurka daudenengan jarri dira azkenaldian foku guztiak. Dirudienez, txertaketaren aurkako jarreraren hazkundean zerikusi zuzena izan zuen 1998an “The Lancet” aldizkarian Andrew Wakefield osagile britainiarrak argitaratutako artikulu batek; bertan, elgorriari, errubeolari eta hazizurriari aurre egiteko txerto hirukoitz birikoa autismoarekin lotzen zuen. Ondorengo ikerketa medikuek Wakefielden konklusioek oinarri zientifikorik ez zutela ondorioztatu zuten, baina, diotenez, «dagoeneko mina egina dago».

Dirudunak, txertoen aurka

Txertoen aurkakoen profilak ere zabaldu dira azken asteotan AEBetako prentsa artikuluetan. Aipatzen denez, Kalifornian seme-alabei txertorik ez jartzearen aldekoen kopurua altuagoa da diru sarrera altuko familien artean. Aldiz, zonalde pobreenetan, altuagoa da txertoak jasotzen dituzten haurren kopurua.

Hori horrela, Kaliforniako hegoaldeko zonalde aberatsenetan, txertorik jartzen ez duten haurren kopurua %50etik gorakoa da. New Yorken bertan, Manhattaneko dirudunen ikastetxeetan txerto guztiak jarrita dituzte ikasleen kopurua %80tik behera dagoela nabarmendu dute azken izurritearen harira kaleratutako artikuluetan.

Txertaketen kontrako mugimenduaren epizentroa, hori bai, Oregonen eta AEBetako mendebaldeko kostaldean kokatzen dute hainbat iturrik, egoera ekonomiko onean dauden komunitate progresistetan. Argitaratutako ikerketa baten arabera, txertoen aurkakoak elkarrengandik hurbil bizi ohi dira eta horrek oso kutsagarriak diren gaixotasunen zabalkuntza areagotzen du. Horrek egoera oso arriskutsuak sortzen ditu kasuren bat agertuz gero, batik bat urtebetetik beherako haurrentzat, adinekoentzat edota sistema immunologiko ahula duten pertsonentzat.

Txertoen aurkakoen artean, askotariko argudioak daude. Herritar asko, batez ere ezkerreko ideologiakoak, ez dira industria farmazeutikoaz fio. Eskuindarrek, berriz, ez dute begi onez ikusten Estatua euren bizitza pribatuan sartzea txertatzera behartuz.

Nina Shapiro Kaliforniako Los Angelesko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako irakasleak adierazitakoaren arabera, komunitate aberatsenetan ematen da gehienbat txertoen aurkako mugimendua. Pertsona horiek, gainera, garrantzi handia ematen diote bizimodu osasungarria eramateari. BBCri egindako adierazpenetan guraso horiek seme-alabei minik ematerik nahi ez dutela onartzen du Shapirok, baina fokua beste leku batean jartzen du: txertatu nahi duten edo ez erabakitzeko «luxua» duten pertsonak dira, bai euren egoera ekonomikoagatik bai bizi diren lekuarengandik.

Cornelleko Unibertsitateko Immunologia Departamentuko irakaslea den Cynthia Leiferren ustez ere oker daude guraso horiek. «Gaurko gurasoek ez dituzte gaixotasun horiek ezagutu, eta, beraz, ez dakite zer gerta daitekeen», nabarmendu du. Bere esanetan, «harrigarria» ere bada egoera: berez adituen aholkuak jarraitu beharko lituzketen heziketa maila altuko pertsonak dira txertaketa programei ezetz esaten dietenak. Leiferren ustez, onargarria da edozein prozedura medikuk arriskuak dituela dioen mezua hedatzea, baina, hori bai, betiere argi eta garbi utzita ematen diren txertoak seguruak direla eta aski aztertuak izan direla.

Beste planteamendu ezberdin batzuk ere azaldu dira eztabaidaren erdian. Virginian egoitza duen Txertaketa Informatuaren Zentro Nazionalean, adibidez, «onespen informatua» bultzatzea aholkatzen dute. Diotenez, txertoen aurreko erreakzioak ez dira guztiongan berdinak, eta, beraz, «ezin da aurreikusi egin dezaketen kaltea». Era berean, erakunde horren ustez, goizegi da oraindik azken elgorri izurritearen erantzukizuna txertaketaren kontra dauden gurasoena dela esateko, iaz AEBetan izan ziren kasu asko helduetan eman baitziren. Iritzi horren kontra azaldu dira osagileak orain gutxi egindako inkesta batean. Guztira 3.000 mediku inkestatu dituzte, eta, %92aren ustez, Dysneyland parke entzutetsuan hasiera izan duen elgorri izurritearen erantzukizuna seme-alabak txertatu ez dituzten gurasoei egotz dakieke.

Osagileen artean, muturreko jarrerak ere hedatu dira, eta, hala, badira komunikabideetan txertaketaren kontrakoak gogor salatu dituztenak, «ezjakin hutsak» edota «zientziaren aurkakoak» direla esanez. Izurritearen aurreko alarma eta haserrea pediatriako kontsultetara ere zabaldu da zenbait kasutan. “Los Angeles Times” egunkarian argitaratutako albiste baten arabera, John Goodman eskarmentu handiko pediatrak ez zuen zalantzarik izan txertatuta ez dauden umeen familiak onartuko ez dituela jakinarazten duen kartela jartzean. Erabakia argudiatzeko honakoa esan zuen: «gainontzeko haur guztientzat arrisku argi eta zuzena dira».

Mediku askok nabarmentzen dutenez, ez da bidezkoa talde txiki batek gainontzeko herritarrak arriskuan jartzea. Ez hori bakarrik, txertoen kontrakoek kontuan hartu beharko lituzkete haur txikiak eta arazo immunologikoak dituzten lagunak. Egoeraren aurrean, AEBetako hainbat mediku erakundek esku hartu behar izan dute diskriminazio egoerak ekiditeko.

Alemanian, derrigortzearen alde

AEBetan dagoen eztabaida berotzen hasi da azken egunetan Alemanian ere. Berlinen, 450 elgorri kasu antzeman dituzte urte hasieratik, Alemania osoan 2014an izandako kopurua baino gehiago. Zifrek alarma guztiak piztu badituzte, orain gutxi izandako gertaera batek erabakiak hartzera bultzatu ditu agintariak. Berlinen bertan, mila ikasle baino gehiago dituen bigarren hezkuntzako ikastetxe batek ateak itxi behar izan ditu orain gutxi elgorri kasu larri baten ondoren.

Horren harira, pasa den asteburuan bertan, Hermman Gröhe Osasun ministroak “Die Well” egunkariari egindako adierazpenetan «arduragabetzat» jo zituen txertoen kontrakoak. «Beren jokaerarekin ez dituzte euren seme-alabak bakarrik arriskuan jartzen, baita gainontzeko umeak ere, tartean arrazoi medikuengatik txertatzerik ez dutenak ere». Ministroaren mezuarekin bat eginez, osasun arloko agintariak elgorriaren kontrako txertoa aholkatzen ari dira, segurua dela eta osasun publikoak ordaintzen duela nabarmenduz.

Bien bitartean, derrigorrezko txertaketa ezartzeko aukera aztertzen ari dira agintariak lege bidez. Gobernu federala prestatzen ari den medikuntza prebentiboko lege proiektuak, adibidez, ume bat haur eskolan onartzeko gurasoei derrigorrezko txertoen gaineko aholkularitza ematea jasotzen du. Hori bai, Osasun Saileko arduradunek horrekin ez dela nahikoa adierazi dute jada.

Angela Merkel kantzilerraren CDU alderdian zein gobernu koalizioan den SDP alderdi sozialdemokratan derrigorrezko txertaketaren aldeko ahotsak sortu dira, haur eskoletan eta ikastetxeetan familiei zuzendutako informazio kanpainek funtzionatzen ez badute. Ezkerrak eta berdeek, aldiz, gurasoek seme-alabengan eragina duten erabakiak hartzeko duten autonomia defendatzen dute. Hori bai, familiei gaixotasunen arriskuez eta txertoen onurez informazioa helaraztearen alde daude.

Pediatren elkarteak konstituzioaren aldaketa exijitzen duen txertaketaren aldeko jarrera agertu du, horrek eragin ditzakeen zailtasunen jakitun izanagatik. Metodo prebentibo eraginkorra dela uste dute, zenbait kasutan gaixotasun larriak errotik ezabatzeko ezinbestekoa. Elkarteak adierazi duenez, elgorria erradikatzeko txertaketa umeen %95era heldu behar da gutxienez, eta hori ez da lortuko gurasoei emandako aholkularitza hutsarekin.

Txertatu gabeko haurren kopuruak Australian ere sortu du kezka. Objekzio filosofiko eta erlijiosoak tarteko, azken hamarkadan nabarmen jaitsi da immunizatutakoen kopurua. Hainbat zonaldetan txertatutako haurren kopurua %85etik behera dago. Adituek nabarmendu dutenez, zonalde horietan handia da izurrite arriskua.

Kanadako kasuan, zenbait zonaldetan haurrak eskolan matrikulatu ahal izateko derrigorrezkoa da zenbait txerto jarrita izatea. Konstituzioak, halere, salbuespenak onartzen ditu seme-alabak immunizatu nahi ez dituzten gurasoentzat.

Immunizazio mailen jaitsiera mundu osoan da kezka iturri. Adituen esanetan, epidemiak, jaitsi beharrean, hazi egin dira herrialde garatu gehienetan, eta Estatu frantsesean edota Britainia Handian 90eko hamarkadako mailetan daude egun.

Gurasoak epaitegietan estatu frantsesean

AEBetan, Alemanian, Australian, Kanadan... alarma gorriak piztu ditu elgorri izurriteak, eta, hala, pil-pilean jarri du txertoei buruzko eztabaida mundu mailan. Estatu frantsesa da horren adibide. Esanguratsua da oso, adibidez, Estatu frantseseko bikote baten kasua, txertoei ezetz esateagatik auzi konstituzional bat zabaldu baita.

Orain dela hiru urte, Marc eta Samia Larere Auxerreko Zigor Auzitegira deitu zituzten egun 3 urte dituen euren alaba nagusia ez txertatzeagatik. Gurasoek difteriaren, tetanosaren eta poliomelitisaren aurkako txerto hirukoitza jartzeari ezetz esan zioten, eta «behar legalak» bete ez dituztela diote frantses epaitegiek, alabaren «osasuna arriskuan jarri» dutelakoan. Bikotearentzat bi urteko espetxe zigorra eskatzen dute, baita 30.000 euroko isuna ere. Marc eta Samiak, aldiz, hartutako erabakia defendatzen dute, derrigorrezko txertoek substantzia toxikoak dituztela argudiatuta. Zigor Kodearen, Osasun Publikoak derrigorrezko txertaketa betetzeko duen beharraren eta 1958ko Konstituzioaren azken atalean jasotako «osasun eskubidearen» artean mugitzen da auzia. Emmanuel Ludot familiaren abokatuak, aldiz, ez txertatzea ere «osasun eskubidea» badela defendatzen du. Gaineratzen duenez, aipaturiko txertoa Europatik aspaldi desagertu ziren hiru gaixotasunen kontrakoa da, eta, gainera, ez da ahaztu behar txertoak eragin ditzakeen kalteak.

Prozesuan zehar Ludotek txertoek izan ditzaketen bigarren mailako ondorioetan jarri du arreta. Azaldu duenez, «esaten digute txertoa doakoa dela eta arazorik izatekotan familiek konpentsazioa jasoko dutela. Oso ondo, baina horrek ez ditu gure seme-alabak egoera naturalera itzultzen». Ludotek auzitegiaren aurrean adierazitakoaren arabera, gurasoek erabakitzeko aukera izan beharko lukete, eta eskubide hori onartuta egon beharko litzateke Estatu frantsesa bezalako errepublika batean. «Txertaketa salbuespena izan beharko litzateke, ez obligazioa», planteatu du. Gobernuaren argudioak, berriz, askoz teknikoagoak dira, eta aski ezagunak. Derrigorrezko txertaketak gizartea gaixotasun larrien aurrean babesten duela gogoratu du, baita Osasunaren Mundu Erakundearen arabera urtero 3 milioi heriotza ekiditen dituztela txertoek. Marisol Touraine Osasun ministroak zorrotzago mintzatu da: «Norbanakoaren askatasuna osasun publikoan eta herritar guztien segurtasunean bukatzen da».

 

Txertoa: gorputza babesten duen sastada?

AEBetan ez ezik, Euskal Herrian ere bizi-bizi dabil txertoen inguruko eztabaida azken urteotan. Horren harira, GAUR8k aurreko edizio batean aldekoen eta aurkakoen ahotsa jaso zuen, Julian Bereziartua eta Silvano Baztan medikuen laguntzaz.

Bereziartua mediku azpeitiarra «txertoen defendatzaile sutsua da». Medikuntza orokorra ikasi zuen eta zirujau gisa aritu izan da lanean. Duela 50 urte baino gehiago ikasketak bukatu ondoren artatu zituen lehen gaixoak oso gogoan ditu, polioz kutsatutako haur jaioberriak. Polioak eragindako infekzioak eta paralisiak aurrez aurre ikusteak «sekulako mina» eragin zion. Lanean hasi eta urtebetera aurkitu zuten polioren aurkako txertoa eta «izugarrizko aurrerapauso» gisa bizi izan zuen horren asmakuntza. Harrezkero, txertoak erabat defendatzen ditu.

Mediku gehienen antzera, zientzia du erlijio. Eta azken mendean, zientziak txertoen onurak ondo baino hobeto frogatu dituela deritzo: «Historian zehar, batez ere, txertoek eman dute beren fruitua. Milioika pertsona salbatu dituzte eta baliagarriak direla erakutsi dute».

Zientziak txertoak defendatzen dituen moduan, bere ustez, gaur egun horien kontra duguna «suposizioak» besterik ez dira; «dakigunarekin maneiatu beharrean gara eta txertoak defendatzen jarraituko dut».

Txertoak hildako mikroorganismoekin, indargabetutakoekin edo haien zatiekin prestatzen dituzte. Horiek ipiniz gero, txertoen aldekoen arabera, gorputza indartzen da eta defentsak sortzen ditu; beraz, zailagoa da gaixotasuna hartzea. Aste eta hilabete gutxi dituztenean ipintzen zaizkie txertoak haurrei, «jaioberritan, amak ematen dizkion defentsak galdu ahala». Izan ere, haurrek gutxika galtzen dituzte defentsak eta sei hilabete betetzen dituztenean, erraz har dezakete edozein gaixotasun larri, orduan baitaude ahulen, amaren defentsak galdu ondoren.

Txertoek sortu ditzaketen aurkako erreakzio larrienen artean ditugu sukarra edo alergia. Horregatik, eragin kaltegarriak kontrolatzeko, txertoak erietxean edo osasun zentro batean jartzeko aholkatzen da.

Umeari txertorik jartzen ez bazaio eta gaixotzen bada, Euskal Herria bezalako inguru batean, gaixotasun gehienek sendabidea dutela uste du Bereziartuak. Umea gaixotzen denean, indartsu egotea da gakoa, «arraroa litzateke era horretako gaixotasun batengatik hiltzea», nabarmendu du. Dena den, bere iritziz, hobe da era horretako arriskurik ez hartzea eta txertoak ipintzea.

Zientziak eta teknologiak aurrera egiten duten heinean, bestelako gaitz fisikoak zein psikologikoak ekiditeko txertoak ikertzen ari dira.

Ikara gaixotasunari

Silvano Baztan mediku iruindarra, berriz, txertoen aurka dago. Bere kontsultara doazen gurasoei «gaixorik egoteari eta gaixotasunei diegun ikara gainditzen» ahalegintzeko aholkatzen die. Txertoa ipintzeko erabakia hartuz gero, beren seme-alabek duela zenbait hamarkada ohikoak eta arruntak ziren gaixotasunak pasatuko dituztela jakinarazten die eta erabaki horren erantzukizuna hartu behar dutela esaten die.

Medikuntzako doktorea izan arren, bere burua sendatzaile gisa aurkezten du, hamasei urte baitaramatza botikarik erabili gabe. Bere iritziz, haurrek berez dituzten baliabideak nahikoak dira naturan dauden germenen kontra egiteko. Txertaketa kanpainen bidez, ordea, umeei germenekin kontaktuan egotea galarazten zaiela eta sistema immunologikoari horien aurka egiteko gaitasuna txikitzen zaiola azaldu du. «Hori oinarrizko akatsa da».

Txertoek gaixotasunak ekiditen dituztela argi du Baztanek. Hala ere, umetan hainbat eritasun jasatea, batez ere exantematikoak, ona ere badela iruditzen zaio. Haurren egoera emozionalean, fisikoan eta psikikoan nabaritzen ditu onurak, gainera. Gaur egun Euskal Herrian dugun bizi kalitatearekin, umetan hartu daitezken gaixotasun gehienak konplikazio gehiegirik gabe gainditu daitezkeela uste du. Txertoek eragiten duten hipersentsibilizazio egoerak ere hainbat alergia sor ditzakeela azaldu digu sendatzaile iruindarrak.

Txertoak baino gauza beharrezkoagoak daudela defendatzen du Baztanek. Erakundeen boterea beste era batera erabiltzeko gaitasuna izango balu, orduak emango lituzke munduan dagoen gosea eta higiene eza desagerrarazteko. Bere ustez, munduan osasunaren gaineko interesa gailenduko balitz, txertoak aurkitzen baino, gizakiontzat beharrezkoak diren elikagaiak, ur edangarria eta garbitasuna zabaltzen emango litzateke denbora. Mediku iruindarraren arabera, gaixotasunak eta heriotzak oinarrizkoak diren behar horiek asetzen ez direnean sortzen dira. Horiek ekiditeko badu alternatiba, ordea: gizakia erdigune gisa aintzat hartzen duen gizarte sistema eraikitzea.