Ibarretxerena ez bada, zein da Urkulluren ondarea?
Erakundeen kudeaketa okerraren gaineko sumoak direla-eta EAJren eta EH Bilduren arteko harremanak gaiztotu egin dira, eta antza horrek Euskal Herrian dagoen erronka ikaragarriak beharko lukeen elkarrizketa politikoa kaltetu egin dezake. Ez du aterabide erraza auziak, ez bailitzateke zuzena ezkerreko independentistei omertà eskatzea, baina, aldi berean, arazo horietan itota gelditzea arduragabea litzateke, garatu beharreko prozesu politikoak posizioa hartzea eskatzen baitu.
Eta egia esan, eztabaida politikoan, bistan da definizio eta konpromiso eza dela batzuentzat eremu erosoena. Esanguratsuak izan dira Urkullu lehendakariak azkenaldian “Euskal Bidea” proposamena estigmatizatzeko eginiko adierazpenak. Jakina, EAJk ez ditu EH Bilduren proposamenak ontzat eman behar, baina bideari berari, aukera soilari aldez aurretik horrelako hitz borobilekin eraso egiteak badu irakurketa politiko kezkagarri bat.
Xelebrea ere bada, ezker abertzaleak –bidaide berriak lagun– inoiz baino proposamen pragmatikoagoa egin baitu. Iraultzailetzat –zentzu txarra emanez, nonbait– jo du Urkulluk proposamena, abiapuntua bera ukatzeko asmoz, badaezpada ere. Xelebrea da, bai, eta halaxe erakusten du, esate baterako, Ibarretxeren Gobernuko bozeramaile izandako Miren Azkaratek orain dela aste batzuk “Deia” egunkarian idatzitako artikuluak. Akaso orain, Urkulluren hitzen ondotik, ez luke gauza bera idatziko, pasarte hauetan bederen: «Aitortu behar dut esperantza apur bat sentitu dudala azken hilabeteetan EH Bilduko arduradunen adierazpenak irakurri, eta Ficoba erakustazokan ‘Euskal Bidea’ aurkeztean esanak entzunda. Prest agertu dira lankidetzarako ez bakarrik erabakitzeko eskubidearen aldeko lanean, baita gizarte-arloan ere, erakundeetan; are, gobernuak osatzeko ere».
«Esperantza horrekin batera –zioen segidan Azkaratek– haserrea ere sentitu dut XXI. mendean Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz aldarrikatu dituen ideiak berriak balira bezala eta plazaratzen lehenak eurak balira bezala ikustean. ‘Eskubide guztiak herritar guztientzat’: zer zen, bada, 2001eko Kursaaleko Adierazpenaren oinarrietako bat, Printzipio Etikoa, hain zuzen ere? Euskal lurraldeen egoera juridiko-administratibo desberdinak abiapuntu harturik, ‘hiru erritmo eta abiadura’, lurralde bakoitzak etapa eta prozedura propioak izan ditzan. Zer zen, bada, Estatutu Politiko Berrirako Proposamenak zioena? ‘Euskal herritar gisa bizitzeko eta euskal herritar gisa nola bizi nahi dugun hautatzeko erabakitzeko eskubidea behar dugu’. Zer izan zen, bada, Eusko Jaurlaritzak lehenik eta Eusko Legebiltzarrak, ondoren, gehiengo osoz onartu zuen Kontsulta Legearen oinarria eta funtsezko aldarrikapena? Euskal identitatea babesteko eta garatzeko ez ezik, euskal herritarren ongizatea bermatzeko eta handitzeko egitura juridikoa litzateke Euskal Estatua (nori entzun ote diot behin eta berriz baieztapen bera?)».
Azkaratek, ondoren, esperantzak «hegaldi laburra» izan duela zioen. Izan ere, hauxe zen artikuluaren izenburua: «Kereilak eta salaketak, konfiantza eta elkarlana sustatzeko estrategia».
Edonola ere, mami politikoari dagokionez, adierazgarria da EH Bilduren proposamenean Ibarretxeren ondarea ikustea. Zein da, orduan, Urkullurena? Gai garrantzitsua izango da etorkizun politikoari begira. Ez zein alderdi politiko den hegemoniko argitzeko –bost axola horrek orain–, zein ideia izango diren hegemoniko baizik. Ibarretxeren programatik hasi eta EH Bilduren azken proposameneraino bil ditzaketenak edo...
Horiek horrela, interesgarria izan zitekeen (izan daiteke) EAJren eta Sorturen harremana fase berri batean sartzea. EAJk berak hordagoa bota zuen, Sabino Aranaren jaiotzaren 150. urteurrenaren ingurumarian: adostu dezagun gatazkaren ondorioen gaineko agenda, eta gero helduko diogu bide orri politikoari. Azken urteotan Sorturekin hitz egindakoarekin alderatuta, planteamendu aldaketa zen. Halere, Sortuk baiezkoa eman zion EAJri.
Eta zer pasa da? Berriro ere EAJ deseroso sentitu dela, bidea hasteak –dela “Euskal Bidea”, dela gatazkaren gaineko agenda bateratua, dela dena delakoa– urratsak egitera behartuko lukeelako, eta, nonbait, oraingoz bederen, nahiago duelako mugitu gabe segi, ezker abertzaleari exijituz eta exijituz. •

