Jean Sebastien Mora
HERVEL GOURDELEN HERIOTZA

Jihadismoa, Aljeriako Gobernuarentzat oraindik ere baliagarria den etsaia

Hutsune asko ditu Herve Gourdel mendi gidari frantsesaren bahiketa eta heriotzaren inguruan Aljerrek emandako bertsioak. Egileak makina bat datu eskaintzen ditu, agintarien bertsio ofiziala zalantzan ipintzeko. Bouteflika presidentearen ondokoen maniobrek ahalbidetu zuten tragedia, hipotesi baten arabera.

Herve Gourdel herritar frantsesa 2014ko irailean hil zen, Jund Al-Khalifa (Kalifa Herriaren Soldaduak) talde armatuak bahitu eta burua moztu ondoren. Ordutik, Aljeriako klase politikoari gertatutakoa argitzeko eskatu zaio behin eta berriz. Izan ere, erregimenak Kabiliako jihadistei nahi dutena egiten utzi diela uste da, amazigh mugimenduari kalte egiteko. Aldi berean, baina, jihadismoa baliatzen du erregimenak Aljeria nazioarteko terrorismoaren aurkako borrokan funtsezko bazkide gisa saltzeko. Urtarrilean Gourdelen gorpua frantses Estatura iristean ez ziren zalantzak bukatu, indartu baizik.

Arrastoak mendi bideetan

Kabiliako mendi bideetan ibilgailu blindatuek utzitako arrasto sakonak eta mendizale frantsesaren bilaketa lanetan kiskalitako materialak ikusten dira oraindik. Herve Gourdel mendi gidariari burua moztu ziotenetik sei hilabete pasa direnean, baina, Kabiliako mendietan kezka eta harridura dira nagusi oraindik ere. Erregimenak Aljeriako terrorismoaren aurkako eliteko tropak, 2.000 soldadu inguru, beste 500 marinel eta fusilariren laguntzarekin, Djurdjura mendikatean hedatu zituen. Hala ere, segurtasun indarrek bertatik 100 kilometro ingurura, hiriburua inguratzen duen nekazaritza eremuan, aurkitu eta hil zuten Abdelmalek Gouri, hau da, bere garaian AQMI Magreb Islamiarreko Al-Qaeda erakundea utzi eta Jund Al-Khalifako buru bihurtu zena, Estatu Islamikoarekin lotutako erakunde armatu berri hori zuzenduz. Ustez, bera zen Gourdelen heriotzaren arduraduna.

“El Watan” egunkariak eskainitako informazioaren arabera, Issers jaioterritik (Tizi Naith Aisha amazigeraz) lau kilometrora zihoan Gouri Peugeot Pathner auto batean beste hiru lagunekin batera: guztiak exekutatu zituzten. Harritzeko moduko datu bat: ESGN jendarmeriaren kuartelaren ondoan, metro gutxi batzuetara, exekutatu zituzten. Antzeko zerbait gertatu zen orain bi urte, 2013ko urtarrilean, In Amenasen. 29 jihadista hil zituzten orduan aljeriar indarrek, ustez nahiago zutelako amaiera hori epaiketa bat egitea baino. Gori eta bere kideen kasuan, exekuzioarekin frantsesek paraleloki beste ikerketa bat abian jartzeko aukera ere errotik ezabatzen zuten indar aljeriarrek. Parisko Fiskaltzako terrorismoaren aurkako taldeak ikerketa bat jarri zuen abian irailean, baina bi herrien arteko harremanetan tentsioa zen nagusi garai hartan: aurrera egin ahal izateko oztopo garrantzitsua. Handik hilabetera, Aljerko agintariek ezetz erantzun zioten Marc Trevidic epaileari 1996an Tibbherinesen hil zituzten zazpi fraide frantsesen buru hezurren laginak eskatzean.

«Hamarkada beltza» gogoan

«Iraken 2013an sortutako Daesh muturreko mugimendu islamiarrak talde bat zuen Aljerian, baina armadak kide guzti-guztiak hil zituen borroka ezberdinetan. Kezkagarria, ezta?», adierazi du Hocine Malti juristak, Sonatrach petrolio konpainia publiko handiaren presidenteordea izandakoak. Izan ere, bere analisia indartzen duten elementuak ikusi ahal izan dira hasiera-hasieratik; «hamarkada beltza» gogora ekartzen duten elementuak. 1991z geroztik Aljeriak bizitako gerra zibilari esaten zaio «hamarkada beltza»: armada islamisten aurka, islamistek hauteskundeak erraz irabazi ondoren. Egun Egiptok bizi duen antzeko egoera.

Begi bistakoa zen segurtasun indarrek Kabiliako mendietan ez zutela Gourdelen bahiketarekin lotutako inolako terroristarik aurkituko. «Makina bat gerrillari atxilotu izan ditugu, baina bideoan mendi gidari frantsesaren burua mozten ageri diren horiek ez dute inolaz ere mendian ezkutuka ibili eta kobazulotan babesten diren gerrillarien tankerarik», esan zuen Habib Souaida Aljeriako Armadako Indar Berezietako ofizial ohiak. Berak idatzi zuen “La guerre sale” liburua, 1990eko hamarkadan jihadistei leporatutako zibilen sarraskietako batzuk armadak berak egin zituela salatzen duen ezinbesteko lana.

Souaidak bezala, Tikjdako biztanle askori sortzen zaizkio kezkak. Nabarmentzen dute bideoan ageri diren lagunek, Herve Gourdel belaunikatuta duten jihadistek, oso azal argia dutela, Aljerian oso arraroak diren Afganistango jantziak daramatzatela eta bakarren bat gizenegi dagoela. «Kabilian uda amaitzen denean, guztiok izaten dugu azala askoz ere ilunago, eguzkiaren eraginez. Terrorista horiek hirietakoak dira, urbanoak», adierazi zigun Aghiles eskualdeko gazte batek. Beste xehetasun susmagarri bat ere badago: bideoaren bigarren zatian zedroak ikusten dira atzealdean, Kabilian oso arraroa den zuhaitza. Beraz, beste nonbait grabatutako irudiak direla ondorioztatu behar da.

Herve Gourdel non bahitu zuten argitzeko garaian ere bertsio ezberdinak daude oraindik. “Al-Adath” arabierazko egunkariaren arabera, Gourdel eta bere lagunak jihadistek jarritako kontrol batera iritsi ziren, Tikjdara itzultzen ari zirela. «Eremu horretan ia ez da inoiz kontrol faltsurik izaten. Bahiketa ez zen kasualitate hutsa izan», dio Sofianek, Ait Ouabaneko 40 urte inguruko emakumeak, kontrola frantsesa harrapatzeko propio jarritakoa zela aditzera emanez.

Ikerketa eta zalantzak

Gourdelekin zeuden bost aljeriarrek Bouirako auzitegiko epaile baten aurrean deklaratzera joan behar izan zuten, baina aske geratu ziren, ordura arteko zurrumurruei amaiera emanez, jihadisten konplize ote ziren uste baitzuen herrialdean batek baino gehiagok.

«Bahiketa egin zuen komandoak oso informazio ona zuen: aste pare bat lehenago iritsi zen bertara, bertan prestatu zuen bahiketarako behar zuen guztia, Herve Gourdel bahitu eta berehala ihes egin zuen», esplikatu du Habib Souaidak. «Bi aukera baino ez daude: armada erabat ezgauza da edota norbaitek soldaduak mendira eramaten zituen besterik gabe paseatzera».

Urtarrilaren 15ean, Aljeriako agintariek Herve Gourdelen gorpua eta burua aurkitu zituztela esan zuten. Gorpua, puntu batean, eta, burua, beste batean. Takheldjit inguruko mendiko baso batean omen zeuden, emandako esplikazioak oso argiak ez badira ere. Mendi gidaria bahitu zuten lekutik 60 kilometro ingurura zeuden, Iferhounenen. Bertsio ofizialaren arabera, armadak atxilotutako jihadista batek emandako informazioari esker aurkitu zituzten gorpuzkinak, baina ustezko lekuko horren bestelako daturik ez dute eman agintariek.

Beste behin, Estatu frantseseko hedabide guztiek ontzat eman zuten informazio ofiziala, kinkan ipini gabe, nahiz eta funtsik gabeko elementu asko ageri diren. «Zein da gorpua leku batetik bestera eraman eta ezkutatzearen interes estrategikoa?», galdetzen du Lounis Aggoun kazetari eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak. «Aljeria estatu ultrapoliziala da. Ez dago DRS zerbitzu sekretuen kontrolpetik kanpo dagoen eremurik. Nola mugitu zuten terroristek gorpua puntu batetik 60 kilometrora dagoen beste batera, 2.000 soldadu baino gehiago inguruan zituztela?».

Urtarrilaren 24an herriratu zuten Herve Gourdelen gorpua. Parisko Fiskaltzako Terrorismoaren Aurkako Dibisioak autopsia egina du. Oraindik ez dira emaitzak ezagutzera eman, baina ikerketa ezagutzen duten iturriek esan dute kasu nahasia dela, Thibbirineko fraideen kasua gogora ekartzen duena.

Estatua eta Kabilia

“Hamarkada beltza” bete-betean zela, herritar askok pentsatzen zuten Aljeriako Armadak eremu jakin batzuk propio uzten zituela «zaintzatik kanpo». 1997an, Aljeria diplomatikoki baztertuta geratu zen nazioartean, zalantzaz betetako erasoetan zibilak eta herri osoak sarraskituak izan ondoren. Kasu askotan jihadisten erantzukizuna frogatuta dagoela ukatu gabe, Lounis Aggounek bezala begirale askok nabarmendu zuten honakoa: «GIA Talde Armatu Islamiarrak infiltratu asko izan zituen garai hartan, Aljeriako zerbitzu sekretuek hor ipinitako agenteak». Agente horiek manipulatu zituzten talde jihadistak, ekintza basatienak egin zitzaten, bertsio horrek aditzera ematen duenez.

Egun Bouteflikaren erregimenak abian jarritako berradiskidetze politikak Hassan Hattab GSPC Predikazio eta Borrokarako Talde Salafistaren sortzailea bezalako jihadista ezagunak aske uztea eragin du. Uneotan, gainera, «zerbitzu sekretuen laguntzailea» da, ofizialki. Eta hori ez da onartzeko modukoa, begirale askoren arabera.

Erregimenak jihadisten mehatxua astintzen jarraitzen du, terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiarekin nazioarteko laguntzari eusteko, eta ez negoziorik ez onurarik ez galtzeko. Aljeriak independentzia eskuratu zuenetik 50 urte pasa direnean, petrolioak eragindako irabazien banaketa gutxiengo baten mesedetan egiten da oraindik. Eta horrek ustelkeria kronikoa eragiten du. Duela aste batzuk ezagutzera eman da Aljeriako 400 bezero inguruk zituztela kontuak HSBC banku britainiarrak Suitzan duen egoitzan.

Aljeriako eliteak bere posizioari eusten ondo asko dakiela askotan erakutsi izan du. Arabiar Udaberria lehertu zenean ere (Tunisiako iraultzak arabiar herrialde guztietan eragindako mobilizazio prozesua), Aljerian ia ez zen manifestaziorik izan. «Erregimenaren biziraupena ulertu ahal izateko kontuan hartu behar da edozein joeratik irabaziak ateratzeko gauza dela. Baita joera horiek menderatzeko gai ere», adierazi du Mendhi Lazar Pantheon Sorbonne Unibertsitateko katedradunak.

2011ko abenduaren 6an Aljeriako Batzar Nazionalak onartu zuen Alderdi Politikoen Legeak berak ere, ofizialki FIS Fronte Islamiarra hauteskundeetara aurkeztu ez zedin egindakoa, egoera politikoa bere kontrolpean edukitzen lagundu zion erregimenari. Orain, berriz, «Herve Gourdelen heriotza dela-eta, 1990eko hamarkadaz geroztik, eta gehiago oraindik 2001eko irailaren 11ko erasoen ondoren, horrenbesteko arrakasta izan duen kontua atera du berriz ere erregimenak mahai gainera: Mendebaldea ‘islamiar barbaroen hordetatik’ babestuko duen ezkutu izan nahi du», Hocine Maltik egiten duen irakurketaren arabera.

Kabiliaren demonizazioa

2002ko otsailean, “Liberte” egunkariak Ahmed Merah jihadista ohiaren artikulu aparta argitaratu zuen. Aljeriako zerbitzu sekretuetako agente bihurtutako jihadistak orduan idatzi zuenez, «Kabilia herrialdeko botere klanen arteko gerra eremu bihurtuta dago». Handik astebetera, pozoituta hil zuten Merah.

Herve Gourdel bahitu zutenean, “El Watan” egunkariak ez zuen uste Kabilia «terroristen gotorleku» bihurtuta zegoenik, «bertan, ideologikoki, herritarrak erabat kontrakoak baitira».

Ez da ahaztu behar eskualde horretan amazigera dela ama hizkuntza bertako 6,5 milioi lagunentzat, gehien-gehienentzat bederen. Eta ez dutela onartzen «Aljeriaren batasun nazionalaren oinarriak balore arabiarrak eta musulmanak izatea». Horrexegatik kabiliarrak beti izan dira fundamentalisten eta jihadisten aurkakoak.

Gaur egun ikusten ditugun makina bat faktorek aditzera ematen dute erregimenaren maniobrak daudela Kabilian gertatzen ari denaren atzean. Amazigh mugimendua kaltetu eta ahulduko lukeen intentsitate baxuko gatazka armatu bat eragiteko gauza izan ez denez, aginteak Kabilian kanpoko jihadistak elkar daitezen baldintzak sortu ditu. «Aljeriak ekonomikoki baztertu egin zuen Kabilia eta bere irudia zikindu baino ez du nahi», salatu du Kamira Ait Sid feministak, MAK Kabiliako autonomiaren aldeko mugimenduko kideak.

Kabilia baztertu nahi izana aspaldiko kontua da. Pentsa, kolonizazioaren aurretik nortasun nazionalik ez zegoenez, “Aljeria” kontzeptua bera frantses kolonizatzaileek asmatutakoa da. 1962an Aljeriako nazioa definitu zutenean elementu frankofono eta judu guzti-guztiak ezabatu egin zituzten, baita amazigh nortasuna bera ere, arabiar eta musulman elementuak nabarmentzeko. Hori dela eta, 1980an Amazigh Udaberria lehertu zen. Aljerrek herrialdearen batasuna suntsitzea leporatu zion herritarren mugimenduari eta oso gogor erreprimitu zuen. Baina askatasun gosea areagotzea baino ez zuen lortu erregimenak. 1998an Matoub Lounes abeslaria hil zutenean, eta, batez ere, Kabilian 2001ean izan ziren borroken ondoren (apiriletik ekainera bitartean 100 hildakotik gora izan ziren), herritarren mobilizazioak indartu egin ziren. 2001eko ekainaren 14an, milioi bat amazigh inguruk Aljerreko kaleetan protesta egin zuten, demokrazia exijitzeko, Poliziaren indarkeria salatzeko eta hizkuntza aniztasunaren errespetua aldarrikatzeko.

Baina herriak eskatutakoa bete beharrean, Estatuak Kabilian zituen segurtasun indar guztiak atera egin zituen bertatik, eta ekonomikoki erabat baztertu egin zuen eskualdea. Emaitza da gaur egun dugun egoera: datu ofizialen arabera, eskualdea AQMI Magreb Islamiarreko Al-Qaeda erakundearen babesleku bihurtu da eta bertan 80 pertsona bahitu dituzte 2005az geroztik. Eta oso zabalduta dagoen ustearen kontra, Pirinioen garaierarik ez duten mendi horietan dozenaka errepide egin dira 1962az geroztik: Kabilia ez da gaur egun independentziaren gerra garaian zen leku erabat isolatu hura.

Parisi abisua?

Ulertzekoa da frantses Estatuko hedabideek Aljerren diskurtso ofiziala besterik gabe eskaintzea, horrela komeni zaielako. Baina ulertezina da Gobernuak eta bere zerbitzu sekretuek Herve Gourdelen bahiketa eta hilketan helburu politikoak zituen talde jihadisten infiltrazioa egon zitekeela ez pentsatzea, burutik ere ez pasatzea.

Frogatuta dago frantses Estatuko agintari politikoek 1994az geroztik bazekitela GIA erakunde armatua Aljeriako zerbitzu sekretuek infiltratuta zutela. Eta horrela izaten jarraitu zuela 1995eko Parisko RER tren geltokiaren aurkako atentatuaren ondoren ere (zortzi pertsona hil ziren GIAk bere gain hartutako eraso hartan).

Zergatik, edo zertarako, hil dute orduan jihadistek mendi gidaria? Begirale batzuek aipatzen dute Marc Trevidic epaileak Aljer hiriburura 2014ko urrian egin behar zuen bisita. Tibhirinen 1996an hil zituzten zazpi fraide frantsesen buruhezurrak aztertzera joan behar zuen Trevidicek, eta, irakurketa horren arabera, hiltzaileek epailea beldurtu nahi zuten.

Beste begirale batzuek gogora ekartzen dituzte Aljeriak nazioartean izan dituen presioak, Magrebeko herrialde hau baita Libiara soldaduak bidaltzeko aukera erabat baztertzen duen bakarra. Baina aurreko hipotesiarekin gertatzen den moduan, ez daukagu hori egiaztatzerik, iturri zuzenik gabe.

Gauza bat oso argi ikusten da. Aljeriako erregimenaren barruan botere borroka bat dago gaur egun; alde batetik, armada eta, bestetik, DRS zerbitzu sekretuen buruak. Petrolioaren salneurriak behera egin duenez, horien artean banatu beharreko pastela txikiagoa da, guztien kaltetan.

Aljeria «sistema politiko militarizatua da», Majid Benchikh jurista eta Amnesty International erakundeko ordezkariaren arabera. Herrialdeak independentzia eskuratu zuenetik, Aljeriako agintea beti egon da armadaren eskuetan. Militarrek Estatuaren instituzio guztiak gainbegiratzen dituzte. Hauteskundeetan «aukeratuak» izan diren presidenteek beti egin izan dute militarren boterea murrizteko ahaleginen bat. Horrela egin zuen 1992an hil zuten Mohamed Boudiafek ere.

Baina egun hiltzen ari dira FLN Nazio Askapenerako Fronteko 1962ko belaunaldiko kideak. 2013ko urtarrilean, In Amenasko sarraskiaren ondoren (37 bahitu izan ziren 29 jihadista hil ziren erasoan), zenbait jeneral garaia baino lehenago erretiratu egin zituzten. Hori izan zen porrotari emandako erantzuna.

Labankadak jauregian

Geroztik Chakib Khelil Energia ministro ohia ustelkeria eskandalu batean nahastuta dabil. Bere aurkako nazioarteko atxiloketa agindu bat indarrean dago. Bouteflika presidentearen ondokoa izanik Khelil, jazarpenak aditzera ematen du gobernukideen arteko gatazka bat dagoela atzean.

Benjamin Stora historialariaren ustez, «sistemaren bizkarrezurra den hierarkia militarraren ordezkaririk gorena Mohamed Lamine Mediene Toufik jenerala da, 1990eko irailaz geroztik ukiezina zena. Baina joan den otsailaren 3an, aurrekaririk ez duen agerraldi batean, Amar Saadani FLNko idazkari nagusiak oso gogor hitz egin zuen Toufiken aurka. Egun batzuk geroago, Toufiken senide den Abdelkader Ait Ourabi Hacene DRS zerbitzu sekretuetako jenerala erretiratu egin zuten, epailearen aurrera eraman aurretik».

Agintarien adierazpenen atzetik Bouteflikaren ondokoen maniobrak sumatzen dira, Parisen sostengua duten mugimenduak. Testuinguru horretan baino ezin dira ulertu Herve Gourdelen bahiketa eta hilketa ahalbidetu dituzten baldintzak.