Gorka Zozaia
Kimikaria

Mareak mareatuta

Mareak mareatuta, edo, euskara jatorragoan, itsasaldiak zorabiatuta, erotuta, zoratuta, aspertuta, nekatuta, nazkatuta, gogaituta. Hiztegiak eskaintzen dizkidan hitz horiek guztiak ez dira gai urdaileko ondoeza azaltzeko. Azken urteotan, ez dira hiru pasa, mantra bilakatu zaidan esaldia errepikatzen baretu ohi ditut barrenak: «ongi etorri garai interesgarriotara!». Eta itsasaldia esan dut, baina berdin politika, ekonomia zein jendartea, berdin azterketa objektiboa edo subjektiboa izan, azken urteotan ia edozein hausnarketagai amaitzen zaigu soluziorik gabe eta ondorio orokor horrekin; «garai interesgarriak, zer egingo diogu ba!». Heldulekurik gabe, lasta bako ontzi lez, nolabait kontsolagarria gertatzen den esaldia, baina ankerkeriaz betea. Orain ulertzen dut, gero eta gehiago, gero eta argiago, Txalapartak argitaratutako Slavoj Zizeken “¡Bienvenidos a tiempos interesantes!” liburuaren kontra-azalean irakurritakoa; nola Txinan ez diren pertsona gorrotagarriak antzarak ferratzera bidaltzen, ez eta zainzuriak frijitzera, baizik eta garai interesgarriak bizitzera.

Ankerra da bizi dugun garaia; etengabeko mareo baten modukoa. Dena mugimenduan, dena aldakor, egun batzuk lasai, baina beste batzuetan goizean gora eta arratsean behera, marea bat bezalako mareoa. Joan den asteazkenean, adibidez, Guardia Zibilaren operazio batekin gosaldu eta auzoan 24 urtez bahitua izan den lagunari egindako harrerarekin afaldu. Gora, behera, gora, behera... Ez dira hiru urte pasa, baina nire urdailari gero eta gehiago kostatzen zaio dieta hau digeritzea. Antzarrak ferratzea... hori bai pagotxa! Udaberrian sartu berri, jendartean bezala naturan beha litekeen dialektika berbera; ekinozioa. Eguzki eklipsea joan den ostiralean, “mendeko itsasaldia” izendaturiko marea biziak asteburuan, ordu aldaketa gaur gauean eta gertaera guztion agertoki ohikoa diren eguraldi petrala eta urtaro aldaketari loturiko osasun gorabeherak.

Tira, egoera guztietatik argi printzak jasotzen jakin behar da, eta, urdailari eusteko modu bat ere badenez, ikasgai bat atera dut guzti honetatik; itsasaldiak zergatik eta nola ematen diren. Sekula bi aldiz pentsatu gabeko gaia izan dut orain artean; ohiko antropozentrismotik, leku guztietan hemen ematen den fenomenoa errepikatzen dela pentsatu izan dut. Noski, itsaso itxi eta txikietan gutxiago ematen dela banekien, baina zur eta lur gelditu naiz errealitatean urak gure planetan zelako gorabeherak dituen jakitean. Irudian jasotzen da zehazki: gris tonu ezberdinetan itsas mailaren gorabehera zenbatekoa den, eta lerroen bidez itsasgora bereko puntuak lotuz (lerro kotidialak, ingelesezko tide edo itsasalditik). Jakintzat nuen Eguzkiaren eta batez ere Ilargiaren erakarpenak igoarazten zuela ura bere norabidean, lerrokatzean marea biziak emanez eta hilak elkarzut direnean, eta intentsitate ezberdinaz astroen distantzia eta planoaren arabera. Ekuatoretik hurbil astroon eragina txikiagoa dela banekien (Lurraren errotazioaren ondorioz indar zentrifugoak indartsuagoak dira hemen eta itsasoa eta atmosfera batez ere lodiagotzen ditu, astroen eragina gutxituz), baina ez nengoen jabetuta fenomeno honen dinamikotasunaz eta kontinenteen garrantziaz.

Nire intuizioaren arabera lerro kotidialek meridianoen nahiko parekoak beharko lukete izan, eta ez irudiko saltsa hori. Baina Lurraren gainazalean dagoen ur geruza oso fina da (Lurra saskibaloia balitz, gainazaleko ur guztia pinpon pilota batean sar liteke!), eta kontinenteek erabat baldintzatzen dute tartean den ur masan eman daitezkeen oszilazioak. Izan ere, dinamikoki ulertu behar da astroek urarengan duten eragina, kulunka bati eragiten dion eskua bezalaxe. Hala, Ilargiaren eskuaren maiztasunari hobeto egokitzen zaio Ozeano Atlantikoaren kulunka, eta, Ozeano Barearena, aldiz, handiegia izanik, ez horrenbeste; horrexegatik da izen horren jabe. Gainera, itsaso zabalean itsasaldiak ez du ia gorabeherarik eta kostalde jakinetan hartzen du garrantzia, gurean kasu. Irudiak zer aztertu ugari eskaintzen du, eta gustatu zait jakitea kosta guztiak ez direla berdinak. Baina batez ere atera dudan ondorioa honakoa da: egoera jakin bakoitzean eragiteko badela oszilazio jakin bat, eta, gure mareoa, oszilazio horrekin ez asmatzetik datorrela, sinpleki. Garai interesgarriok ondo irakurri eta modu konpasatuan ekitea, horratx Kantauri hegi honetako erronka! •