IKUSMIRA

LIBANOKO GERRAREN URTEURRENIK EZ SIRIAN

Libanoko gerraren 40. urteurrena izan da asteon. 1975eko apirilaren 13an entzun ziren lehen tiro hotsak. 15 urte luze iraun zuen libanoarren arteko guda zibilak. 15 urte, 150.000 hildako eta 17.000 desagertu. Nazioarteko eta eskualdeko potentziek gerra hau baliatu zuten lehia geopolitikoan. Ordaindu, ostera, libanoarrek ordaindu zuten. Zedroen herriko komunitateek batak bestearen kontra ekin zioten. Sunitak xiiten aurka, drusoak kristauen kontra, kristauak palestinar errefuxiatuen aurka... guda lerroan zein zeinen aurka zegoen jakitea zaila bilakatu zen askotan.

Drama hura ez errepikatzeko hautua egin dute libanoarrek, musulman zein kristauek. Baina beldurrez ikusten duten Siriakoa, ondoko herrialdeak hartu baitu lekukoa. Siriakoa ez da oroimena, errealitate krudela baizik. Han ere denak denen etsai. Noiz arte? Noiz izango da oroimen hutserako urteurrena?

Dabid LAZKANOITURBURU