Mikel Zubimendi

Abstentzionista koherente baten botoaren disputan

Badut lagun bat, bihotzekoa benetan, ni bezala, politikaren yonki bat dena. Euskalgintza antolatuaren jarraitzaile porrokatua baino, euskaltzale sanoa; presoekiko solidarioa, aterpea behar izan dutenentzat beti etxea zabalik eta gogoa prest izan dituenak. Independentista totala, identitate eta esentzien purutasunagatik bainoago askatasunaren aldeko jarrera bere-berea duelako. Oraindik ere, bizitzaren bideek elkarrengandik kilometro askora gauzkaten arren, gogoan sarritan biltzen naiz harekin Euskal Herriaz eta politikaz, huntaz eta hartaz, garagardoak pixepel, hitz egiteko.

Nire lagunak ez du sekula botoa eman. Atsegin dut, bat ez etorri arren, haren zintzotasuna eta argitasuna abstentzioaren aldeko bere jarrera partikularra esplikatzerakoan. Motz-motz adieraziz, berarentzat, abstenitzea konpromiso eta interes faltaren erakusle bat bainoago euskal jendearen buru-argitasunaren, berezko sen eta adimen sakon baten adierazpena da. Ez du uste abstentzioa gure bizitza sozialaren anomalia denik, ez gaixotasun indibidualista baten edo gure gizartearen desintegrazioaren seinale denik. Kurioski, justu kontrakoa dela dio.

Masiboki abstenitzen direnak –bere hitzetan, langileriaren eta populazioaren sektore ahulenak– beren interesen defentsan jarrera osoki koherentea hartzen omen dute. Eta horrela jokatzeko pisuzko arrazoiak dituzte. Dioenez, ez da soziologoa izan behar abstenitzeko pisuzko arrazoi horietako batzuk identifikatzeko.

Eskaintza dominanteen politikek, enpirikoki frogagarritzat jotzen duenez, epe labur eta ertainean, langile interesen kontrakoak dira, eta, ondorioz, aberatsak areago aberasten eta langileak areago pobretzen dituztela egiaztatu daitekeela dio. Bete gabeko hautes-promesak, elite ekonomikoaren eta politikoen arteko gertutasuna... horiekin elikatutako mesfidantza arrunt naturala da. Hautatuen artean, parlamentuetan-eta –hainbat udaletxetan ere gertatzen omen da–, homogenizazio soziala lotsagabea da, klasismo hutsa. Langileak oso gutxi dira, eta goi mailako koadroetan, sarri, populazio aktiboaren egiazko ordezkaritzarik ez dago. Klase herritarrenak ez bezalako soldatak, ondareak eta, beraz, interesak dituzten ordezkariz osatuta daude, oro har, erakundeak; alegia, goi klasekoak gainordezkatuta daude.

Hitzetan, diskurtso politikoei sarritan darien indarkeria; teorian, bidea elkarrekin egin behar duten alderdiek izaten dituzten borrokaldi fratizidak; eta haizea ezin berritu ahal duen kultura politikoa, horiek guztiak aipatzen ditu, baita beste arrazoi batzuk ere. Alabaina, izango dira ere, ziur, lagunari –eta niri, espazio (eta gaitasun) faltagatik, besteak beste– eskapatzen zaizkionak.

Bidasoaz bestaldeko hauteskunde kantonaletako abstentzio itzelaz jardun gara berriki eta botoa ematea derrigorrezkoa egitearen aldeko proposamenek hartu duten indarraz, hala nola Europako think tank sonatuenetako batzuek botoa ematearen «betebeharrari» muzin egiteagatik 1.000 euroko isuna jartzeko eginiko proposamenaz, baita ohiko politikaren sinesgarritasun faltari, zilegitasun urriari eman nahi dioten erantzunaz ere: zigorra eta jendearen infantilizazioa, abstentzioaren sustraien eta kausen inguruko hausnarketa kaskar baten ondorio dena, gotortutako elite politikoaren autokritikarako ezintasunaren seinale.

Zenbat euskaldun abstenituko den maiatzeko hauteskundeetan ez dago jakiterik. Zientoka mila izango direla, hori ziur. Nor bere kontzientziaren (ala kontzientzia eza) eta izerdiaren jabe, «pisuzko» arrazoi oso partikular eta errespetagarriak direla medio.

Boza emango dugunok ez ditugu «pisu» gutxiagoko arrazoiak. Eta botoak lortzeko, lana egiteko eta argudioak emateko arrazoi eta gogo faltan ez gaude, ez. Berriz geratu gara laguna eta biok hitz egiteko. Saiatuko naiz, saiatuko naizenez, EH Bilduren alde boto berri bat gehiago lortzen. Horixe baietz. •