Iratxe Urizar

Bortizkeria? Baina nondik etorria?

Egun hauetan, Ameriketako Estatu Batuetako hainbat gertakari ageri dira prentsan. Egunkari batzuetan besteetan baino gehiago, baina hortxe da kontua: badirudi «iskanbilaren bat ala beste» egon dela, polizia batek gazte bat akabatu duelako; jendea erdi-zoratu ei da eta dena erretzeari ekin dio, dendak eta etxeak arpilatu ditu, eta arazoa kontroletik kanpo omen dago. Kontu serioa dela ematen du, tankeak ere ikusi ditugu eta! Oraingo honetan, Baltimoren izan da. Orain hilabete gutxi, udaran, Fergusonen izan zen. Egia esan, ezer gutxi genekien bi hiri horiei buruz, eta orain, aldiz, albistarien nazioarteko ataleko protagonista dira. Erreboltak, istiluak, herritarrak korrika, eta horien parean, polizia, polizia ugari, gerrarako jantzita goitik behera. Etxean geratzea agindu dute. Zirraragarria. Egia esan, neurri horrek salbuespen-egoerak ekartzen ditu gogora. Guardia Nazionala ere deitu dute, kaleetan zehar patruilatu dezan: estatu bakoitzak duen «milizia» antzeko bat da, eta estatuko gobernadorea da haien buru; miliziakideak, berriz, boluntarioak dira, eta, hortaz, ulertzen da ez direla militar profesionalak. Hori bai: edozein armadak izan ditzakeen baliabideak dituzte (munizioa, eta abar). Uniformeak ere, halakoxeak. Hango irudiak ikusita, ematen du Baltimoren gerra gordinean murgilduta daudela. Herritarrak kontrolatzera deitu dituzte; alegia, hiriak dituen 600.000 biztanleak kontrolatzera.

Komunikabide handienen goiburuetan, CNN, New York Times eta antzekoetan irakurri daitezkeen horietan, kaosaz eta gerraz ari dira. Tokiko prentsara hurbilduta, ordea, gauzak oso bestelakoak dira. Bertan, herritarrek sare sozialak erabiltzen dituzte tokian-tokian informatzeko. Informazio horietan, milaka eta milaka lagunen manifestaldiez ari dira: hiriko eta inguruetako mugimendu sozialek deituta, hainbat alorretako elkarte bildu dira, elkarrekin protesta egiteko; nazkatuta daude, egun batean bai eta hurrengoan ere bai entzuten baitute poliziak beste gazte bat erail duela. Gaztea, beti beltza; poliziak, zuriak.

Hala eta guztiz ere, beste behin zarata da nagusi, berri apoteosikoek eta irudi latzek eragindako zarata. Zarata, ezer ulertzen uzten ez duena. Bertan esandakoa entzuten uzten ez duena. Injustizia baten aurrean batu, eta horri aurre egiten dion jendea erakusten ez duena. Herria ez da inon ere ageri: elkarren ondoan jarrita, modu antolatuan, poliziaren indarkeriaren aurka posizioak hartu dituen herria, hain zuzen ere. Horren ordez, kaosa, eta segurtasunaren eta beldurraren izenean armaz jositako soldaduak, hiria okupatzen. Hori gertatu zen Fergusonen, New Yorken eta beste hainbat hiritan. Manifestaldi jendetsuetan biltzen diren ahots horiek, datuekin eta argudioekin egiten diote aurre poliziaren indarkeriari. Asko dira, zenbakiei begiratuta, polizia-etxean hildakoak. Edota kalean, poliziek tirokatuta eroritakoak.

Baina, muinera etorrita, ezin ahaztu dezakegu zein izan zen errebolta hau piztu zuen txinparta, ez dugu ahaztu behar nola hil zen Freddie Gray gaztea, ez baitzen besterik gabe hil: bizkarrezurra hautsita zuen. Berri askorik ez dugu jaso, ordea, hori egin zioten poliziei buruz. Ez dugu topatu polizia-indarkeriagatik kondenatutako polizien kopuruari buruzko daturik ere. Eta poliziak duen zigorgabetasun hori da, azkenean, larriena, hiri osoa sutan, haserre bizian jarri duena. Manifestaldiak ez dira amaituko armaz jositako soldaduak bidalita, inpunitateak bere horretan jarraitzen badu. Bidaltzen den mezua zigorrik ezarena bada, nekez bukatuko dira horrelako hilketak.

Beraz, ez dezagun iparra galdu. Gertatu dena da herritarrak bildu egin direla, komunikabide nagusiek argazki hori erakutsi ez badute ere. Alde berean daude Baltimoren protestaka ari direnak, Fergusonen egon zirenak eta espetxe-politika ankerraren aurka ari direnak. Mumia Abu Jamalen askatasunaren aldeko elkarteek, esaterako, bat egin dute Baltimoren ari direnekin. Izan ere, indarkeria hori ez da kaleetan bakarrik ematen, espetxe-politikan ere arrazakeria baita nagusi: zigorrak ezartzeko orduan, horiek ere arrazistak direla salatu izan da, eta, presoen ezaugarriei so eginez, ondorioztatu dezakegu uste horiek ez direla ustelak. Batzuetan, zifrek, berez hitz egiteko ahalmena dute: kopuru altuak, sistemaren bortizkeriarenak, eta baxu baino baxuagoak, bortizkeria horren aurkako zigorrenak. •