BBC
ETIOPIA

Auzolanari esker basamortua berdatu dute Abr’ha Weatsbahako herritarrek

Orain 30 urte inguru ezagun egin zen Tigray Etiopiako probintzia bertako gosete ikaragarriaren eraginez. Orain bertako egoera erabat aldatu da, herritarrek egindako lanari esker: basamortu zati bat nekazaritzarako lur emankor bihurtu dute, erreminta zaharrak erabilita. Gerrillari ohi batek zuzentzen du herritarren ahalegina.

Abr’ha Weatsbaha izeneko herria ilunpean dago oraindik. Laster argituko du. Bazter guztietatik etorritako jendea biltzen ari da. Pertsona batekin topo egin baino lehen, bere hitzak entzuten dituzu. Batzuk kantari doaz, beste batzuk oso ozen hizketan.

Turutak aspaldi jo du 18 urtetik gorako herritar guztiak bertara daitezen. Milaka urte dituen errituak agindu bezala, lanerako gauza diren 18 urtetik gorako herritar guztiek lagundu behar dute: hogei egun egin behar dituzte lanean komunitatearen alde. Auzolana.

Guztien helburua, «basamortua otzantzea», bizitzerik ez dagoen lekua aldatu eta gizakiok aurrera ateratzeko moduko egoera sortzea. «Horrela egiten zituzten gauzak Axumiteko erregeek orain 2.000 urte inguru», jakinarazi dio Zablon Beyene gidariak kazetariari.

Garai bateko erremintak

Erremintak ere garai hartakoak direla dirudi: palak, pikatxoiak, hagak eta, batez ere, gizakien eskuak. Besterik ez dute behar eremu malkartsu bat harkaitzez egindako terraza bihurtzeko, euria egiten duenean bertan gera dadin. Era horretan lortu dute bildutako ura pixkanaka lurrean sartzea, eta gauza guztiak suntsitzen dituzten uholdeak saihestea.

Abr’ha Weatsbaha Etiopiako iparraldean dago, Tigray probintzian. Eremu horren berri 1980ko hamarkadan izan zuten Mendebaldeko herritar gehienek, Michael Buerk BBC kate britainiarreko kazetariak bertan zuten gosete ikaragarriari buruz hitz egun zuenean. «Lurrean infernuaren tankera gehien duen lekua da», esan zuen.

Bertatik iritsitako irudiak izugarriak ziren, gaur egun ere munduko leku askotan errepikatzen diren horietakoak. Baina gizartea ez zegoen hain ohituta orain 30 urte. Garaiko gizartean eragina izan zuen Buerken lanak eta Bob Geldof musikariak bultzatuta Tigrayri laguntzeko ekimenak sortu ziren. Ezagunena, Live Aid izeneko bi kontzertu erraldoiak.

Laguntzaren zain bizi

Geldofek berak “Do They Know It's Christmas?” (Ba al dakite Eguberriak direla?) izenburuko abestia idatzi zuen. Ba al zekien musikari irlandarrak Tigrayko herritarrak munduko kristaurik zaharrenen artean daudela?

Edonola ere, geroztik Tigray esatea iheslariak, miseria, gosea eta nazioarteko laguntza esatea izan zen luzaroan. Bertakoak, mendebaldar askoren ikuspegiaren arabera, sufritu besterik ez dakiten gizakiak ziren, kanpokoen laguntzarik gabe aurrera ateratzeko gauza ez direnak.

Baina gaur egungo Tigrayn gauzak asko aldatu dira eta milaka lagunek (3.000 gutxienez) erabaki dute ohea utzi eta lanera joatea. Kidane emakume indartsuak kazetariari aditzera eman dio kamera alde batera utzi eta «benetako lanean» hastea komeni dela, ondoan dituen emakumeek egiten duten moduan. Gizonezkoak ere lanean ari dira: izerditan dauden gazte gihartsuak zein oinik gabeko gizon zahar bat. Lanerako prest ikusten du bere burua eta hankaondoen gainean eserita harkaitzak botatzen dizkie aldapan behera, terrazak egiten ari diren lagunei.

Aba Hawi 58 urteko gizona da aparteko ahalegin hau zuzentzen duena. Ez da gizon garaia eta gaur egun tripa txiki bat dauka, gerrillari izan zen garaian eduki ez zuena. Bailarako punta batetik bestera bere telefono mugikorra eskuetan duela joaten da, bakoitzari zer egin behar duen azalduz. Norbait gaizki ari bada, bizkarra ukitu eta tona erdiko arrokak nola erdibitu esplikatuko dio.

Gerrillari ohi nekaezina

Aba Hawi ezagutzen dutenek esaten dute garai batean Tigrayren independentziaren aldeko mugimenduan esku hartu zuela armak hartuta. Gaur egun, baina, nahiago izaten du «nekazari soila baino ez naiz» esatea.

Edonola ere, Hawiren zuzendaritza oso garrantzitsua izan da eguzkiak horrenbeste zigortzen duen eskualdea goitik behera aldatzeko. Nekaezina dirudi gizonak. Hamar urte daramatzate lanean eta epe horretan mendi askoren magaletan terrazak eraiki dituzte. Lan horiei esker, orain ez dute lurzorua horrenbeste zulatu behar ura aurkitzeko. Garai batean 15 metroko sakonerara iritsi behar zuten horretarako, eta gaur egun 3 metro zulatzea nahikoa izaten da. Ondorioz, lehen basamortu ziren 38 hektarea orain lur emankorrak dira. Nekazariek urtean hiru uzta jasotzen dituzte: artoa, piperrak, tipulak eta patatak, batez ere.

Eukaliptoak eta akaziak ere aldatu dituzte eta, zuhaitzek hazteko aukera izan dezaten, ardiak, ahuntzak eta bestelako ganadua ezin dira bertara bazkatzera eraman.

Aba Hawi oso harro dago bere komunitateak egin duen lanaz. Arroila sakonak nola aldatu dituzten erakusteko irrikatan dago. Eguzkitan bide luzea oinez egin ondoren, berak erakutsi nahi duen lekura iristen dira Hawi eta kazetaria. Laku bat dirudi, baina urtegi bat da. Ura berdea dela dirudi. «Tankerako 85 presa egin ditugu orain arte», hasi du esplikazioa. «Hemen ikus dezakezu nola funtzionatzen duten presa hauek. Gordailu txiki horiek bete egiten dira euritea iristen denean, eta lurpeko urak elikatzen dituzte lehortea hasten denean. Orain inguruetako nekazari guztiek dute beren putzua», jakinarazi du gerrillari ohiak.

Bere hitzei indar gehiago emateko, hondarra hartzen du lurretik eta haizeak eraman dezan uzten du. «Orain hamar urte, horrelakoa zen gure lurra. Orain, berriz –landareen artean ikusten den gauza urdin eta dirdiratsu bati begira–, martin txoriak ere baditugu basamortuan bizitzen». Txori txikiak, lan handi baten adierazle moduan.

Arrakastak ere bere arazoak eragiten ditu. Baita Abr’ha Weatsbahan ere. Inguruetako bailaretako herritarrak bertara etortzen dira, beren oasi zatiaren bila. «Hona etorri beharrik ez lukete izan behar», esan du Aba Hawik. «Tigrayko barruti guztietan erabili behar da lan komunitarioa terrazak egiteko, baina ez dute horrela egiten. Agian bertako buruak ni bezain konprometituta ez daudelako», adierazi du apaltasunez, bizkarra jasotzen duen bitartean.

Gosea iraganeko kontu bat bihurtzeko bidean da Abr’ha Weatsbahan, baina herritarrak hurrengo ametsa margotzen hasiak dira. Aba Hawik esan duenez, «jendeak orain argindarra nahi du». Lan gehiago egin behar. Baina bidea zabalik dago. Hawi ez da Jainkoa kontu hauekin nahastearen aldekoa: «Jainkoa hemen zegoen lurra txarra zenean ere. Eta bertan jarraitzen du. Baina, Jainkoak, bere buruari laguntzeko gai denari baino ez dio lagunduko», borobildu du ideia, gerrillari ohi eta nekazari izateaz gain, filosofo puntu bat ere baduen gizonak.