Aimar ETXEBERRIA KORTA
AUZO-ETXEA ERREZILEN

Alokairua ordaintzeko dirua ez den beste aukera batzuk ere badaudela erakutsi dute

Emantzipazio behar batetik abiatuta, garai batean medikuarena zen etxea auzo-etxe bilakatu dute Izaro Zinkunegi eta Eneritz Arzallus errezildarrek. Eraikina Udalarena izateak lagunduta, alokairua ordaintzeko eredu berri bat garatu dute: herria biziberritzeko egin dute lan, herritarren behar sozialei erantzunez.

Uruguai eta Mexiko arteko elkarrizketa batek piztu zuen proiektuaren lehenengo txinparta. Emantzipazio gose ziren bi gazteren arteko elkarrizketa izan zen, Errezilera itzultzean euren gurasoen etxeetara itzultzeko asmorik ez zuten bi gazteren artekoa. Eta hirugarren bat gehitu zitzaien segituan. Honek ere denboraldia egina zuen itsasoz bestalde eta gurasoen etxetik kanpo bizitzen jarraitu nahi zuen.

Segituan jarri zuten begia bere garaian herriko medikuarena izan zen etxean. Eraikina Udalarena izateak aukerak errazten zizkietela uste zuten, eta azken bost urteetan hutsik egon izana aitzakia perfektua zen eurentzat, Errezil biziberritzea baitzuten helburu. Gainera, aurretik ere ezagutzen zuten eraikina, jaietan, adibidez, bertan gordetzen baitute material guztia.

Garai bertsuan, gazte teknikari bat kontratatu zuen Udalak. Berarekin harremanetan jarri eta buruan zuten ideia partekatu zuten harekin Izaro Zinkunegi eta Eneritz Arzallusek. Aukera errealtzat ikusi zuen honek, eta orduan izan zen ametsa errealitate bilaka zitekeela sinesten hasi ziren lehen unea.

Auzo-etxe baten figura zeukaten buruan, filosofia bezala hartuta, antolatzeko modu baten gisa. «Herriarena den etxebizitza bat bezala ikusten dugu, bertan bizitzeko aukera izateaz gain herriari ekarpena egingo dion etxe bat bezala», adierazi dute Zinkunegi eta Arzallusek. Praktikan, eraikinaren zati bat da egun herritarrentzat erabilgarri dena. Bestea euren etxebizitzari dagokion zatia da. Bertan bizitzearen truke, eraikinaren erabilera herritarren nahi eta beharretara uztera konprometitu dira gazteak.

Herritarrekin, hasieratik

Pasa den urteko maiatza eta ekaina bitartean garatu zuten auzo-etxearen proiektua Zinkunegi eta Arzallusek, eta uztailaren lehenengo asteetan aurkeztu zuten Errezilgo Udalean. Aurkeztu eta pare bat asteren buruan plenoan onartua izan zen, eta, ondoren, herritarren aurrean aurkeztu zuten. Bilkura irekia egin zuten proiektuaren berri eman eta herritarren ekarpen eta iritziak jasotzeko, eta auzolanean ziren jada abuztuan, eraikina etxebizitza bezala egokitzeko lanean.

«Herritarren partetik, ekarpenak baino gehiago, babesa jaso genuen, auzolanean parte hartzeko borondatea», adierazi dute gazteek, nahiz eta aitortu bateren batek baino gehiagok bi gazteren «amets» gisa hartu zuela kontua: «‘Ongi, baina ea noraino iristen zareten’ esaten ziguten». Herritarren aurrean egin zuten aurkezpenean bertan, baratze bat jartzeko asmoa zutela eta ondoren herrian egiten ziren bazkari edo afariak bertako produktuekin egingo zituztela esan zutenean, guztiak barrezka hasi zitzaizkiela gogoratzen dute. Ordutik, geldirik dute baratzearen proiektua.

Auzolan guztia zero zabor filosofiarekin garatu zuten, materialak berrerabiliz. Hala, oraino erabiltzeko moduan zeuden baina erretiratzekotan ziren hainbat material auzo-etxera eraman zituzten herritarrek, Zinkunegi eta Arzallusen etxebizitza berria atonduz.

Gazteen hasierako asmoa eraikinera ikasturte hasierarekin batera sartzea bazen ere, teilatuaren egoera kaskarrak eta horrek proiektua garatu ahal izateko beharrezkoak ziren hainbat kontraturen izenpetzea atzeratu izanak abendu arte luzatu zuen bertara bizitzera joateko aukera.

Gazteak eta emantzipazioa

Auzo-etxearen proiektuaren helburu nagusia Errezilen biziberritze soziala da, mugimendua egotea herrian, ekintzak antolatzea. «Neurri batean egin da, baina ez dira bete itxaropen guztiak. Jendea proiektuaren parte sentitzea nahi genuen, baina jendea jasotzeko dago gehiago emateko baino», onartu dute gazteek. Hala ere, pozik dira egindako lanarekin, herrian erreferentzia izatea lortu baitute. «Batez ere emakumeekin eta umeekin egin dugu lan», diote.

Bada, ordea, nahi izan baina lortu ez duten kontu garrantzitsu bat: gazteen emantzipazioan sakontzea. Ez dute gazte gehiago proiektura gerturatzea lortu, baina jakitun dira horretarako baldintza gutxi ematen dituela Errezil bezalako herri txiki batek. «Hemen ez dago alokairuan bizitzeko ohiturarik. Jendea baserrian bizi ohi da, eta, adin batetik aurrera, kalera jaisten dira edo beste etxebizitza bat eraikitzen dute baserri zaharraren alboan», azaldu dute. Bada, auzo-etxearen proiektuak emantzipatzea nahi duen gazte batentzat aproposa izaten jarraitzen duela uste dute. «Hona bizitzera etortzeko baldintza bakarra proiektuan parte hartzea da», azpimarratu dute.

Gaur arte egindakoa baloratzeko hainbat hartu-eman izan dituzte Udalarekin, baina baita herritarrekin ere. Balorazio moduko bat egin zuten pasa den urtarrilean, egin dena eta egin gabe geratzen dena aztertzeko. «Herritarrek ekarpen dezente egin zizkiguten, ekintzen inguruko proposamen zehatzak batez ere», azaldu dute Zinkunegi eta Arzallusek. Bilkura haren ondorio izan zen inauteriak Errezilgo Guraso Elkartearekin batera antolatu izana, baita Korrika 19ren baitan herrian antolatu ziren ekintzak ere.

Proiektuaren etorkizuna kolokan

Sei hilabete igaro dira jada Zinkunegi eta Arzallus medikuarena zen etxean bizi direnetik, eta gutxi falta da proiektua onartu zela urtebete egiteko. Inflexio puntu batean aurkitzen dira, beraz. Udalarekin egin zuten hitzarmenean urtebeteko epe muga jarri zuten proiektuaren etorkizunaz jarduteko. Zentzu horretan, aitortzen dute zalantzak dituztela maila pertsonalean, eta horrek auzo-etxearen proiektua baldintzatzen duela, inor ez baita gerturatu proiektuarekin jarraitzeko asmoarekin. «Ez dugu erreleborik ikusten», diote atsekabez.

«Egia da gauza batzuk lortu direla, sare bat egin dela», aldarrikatu dute. Mediku-etxea etxebizitza bezala izaten jarraitzearekin, ordea, zalantzak dituzte, baina ez hainbeste proiektuarekin. Jakinaren gainean dira Udal Gobernu berriak apustu berezia egiten duela proiektuan, eta gustura dira alde horretatik.

«Guretzat izugarria izan da egindakoa ideia bururatu zitzaigun momentutik. Uruguaitik bueltatu eta ilusio bat zen, eta auzolanean harreman berri asko egin ditugu. Herriari ere hainbat ekarpen egin dizkiogu. Bereziki emakumeen sarea lortu da», dio Zinkunegik. Arzallusek ere ildo beretik hitz egiten du: «Hasierako amets hartatik proiektua egikaritzea lortu izana bakarrik... Nik auzolana aipatuko nuke. Azpimarratzekoa da jendeak jarri zuen interesa eta borondatea».

Bestalde, harro agertzen dira gisa honetako proiektu bat Errezil bezalako herri txiki batean garatu izanagatik. «Errezilen gauza berriek beti atzerakoa ematen dute, eta gure proiektua errealitate bilakatu izana jada asko da; soilik jendeak esatea ‘etxe horretan bi neska gazte zoro bizi dira, amaren etxean bizitzea baino gauza hobeagorik ez dutenak’ asko da guretzat», aldarrikatu dute.

Badakite jendeari kosta egin zitzaiola hasieran proiektuaren nondik norakoa ulertzea, baina egoerak buelta handia eman duela uste dute. «Umeek ere badakite gaur egun garai batean medikuarena zen etxean bi neska gazte bizi direla, eta, nahiz eta momentuan ulertu ez, etorkizunera begira eragina izan dezakeen zerbait da», adierazi dute. Hala nahiko lukete behintzat.

Egindakoa proiektatu asmoz

Udalarekin egin zuten hitzarmenean zegoen beste puntu bat eginiko lana biltzea zen, ondoren dokumental formatuan proiektatu ahal izateko. Bada, «frustrazio» txiki bat dute arlo honekiko, ez baitute material nahiko bildu gisa honetako zerbait egin ahal izateko. Euren «frustrazio» handienak baratzearena eta dokumentalarena direla onartzen dute. «Irudiak hartzen hasi ginen, baina dokumental bat egiteko adina material ez daukagu...», azaldu dute.

Auzo-etxearen proiektua aurrera eramateaz gain, beste hamaika saltsetan murgilduta dauden bi gazte izateak denari nahi luketen bezala ez heltzea ekarri die. Dena den, eginiko lanak izan du oihartzunik inguruko herrietan. Adibidez, Azpeitiko Bizi! ekimeneko kideek interesa agertu dute euren proiektuarengan, eta Arzallusek hitzaldi bat eskaini zuen gaztetxean; datozen egunetan beste mahai-inguru batean parte hartzekoa da, Beasainen; eta hedabide ezberdinetan ere elkarrizketatuak izan dira... «Errezildik kanpo oihartzuna izan du kontuak», azpimarratu dute.