Egon


Hau esperimentu bat da. Esperimentu bikoitza. Esperimentua niretzat lehenik eta behin, eta esperimentua zuretzat, irakurle, plazer baduzu. Zutabe hau idazten dudanean, normalean, ero moduan aritzen naiz, Interneten datuak kontrastatzen, loturiko berriak gainbegiratzen, hamaika fitxa zabalik, sekula deskantsurik hartzen ez duen telefonoak bibratzen duen bakoitzean pantailan zer agertuko begirada txikiak albora botatzen, eta, gainera, irratia edo telebista «hondoko musikatxo» hori eskaintzen. Gaur ez. Sukaldeko mahaian jarri, ordenagailuaren wifia deskonektatu, eta leihoko bista eta erloju baten tik-tak hotsa ditut kanpo-estimulu bakar.
Zuk, irakurle, ez duzu, noski, berbera egin beharrik. Nahikoa litzateke, egia esan, artikulu hau hasi eta buka jarraian irakurtzea. Bitartean telefonoari edo beste edozein estimuluri kasurik egin gabe. Ez da oso irakurketa luzea eta ez luke oso zaila izan behar, baina posible da amaitzerako sentsazio arraro bat izatea minutu (gutxi) hauek soilik gauza bat egiten emateagatik. Izan ere, aldi berean mila gauza egitearen aroan sartuta gara, eta, ohartzerako, egin eta egin, egoten ere ahazten ari zaigu. Gazteen artean modu nabarmenagoan ematen den arren, edozein garraiobidetan –baita oinez ere– lepoa makurtuta dabilen oro harrapatzen du moda berri honek. Orduro hogei bat aldiz aldatzen omen dugu egiteko batetik bestera: irakurgai batetik argazki batera, bideo batetik lagunari mezutxoa idaztera... Kontua da zerbaitetan ematen dugun dedikazioa arina izatea, ahalik eta zeregin gehien egiteko. Eta hala ibiltzen gara, egin eta egin, denetik egiten, aldi berean, baina, benetan, funtsean (edo funtsezko) ezer ere egin gabe.
Eta moda berri deitu diot fenomeno honi, baina ez da moda bat. Ez da uneko fenomeno estetiko bat, azaleko aldaketatxo batzuk eragiten dituen gaztetxoen apeta bat. Esparru anitzetako ikerlariak gero eta gehiago kezkatzen dituen fenomenoa da, aldaketa sakona eragiten ari dena dagoeneko, eta aurrera begira ilunez beteriko ortzimuga uzten duena. Era berean, esan dezadan aurpegi anitz dituen fenomenoa ere badela, hemen «pantailaren kultura» eragiten ari den irakurketa sakonerako gaitasun galerari erreparatu nahi badiot ere, horixe baita gaiaren inguruan irakurri dudan azkena, Tufts University AEBetako unibertsitateko Maryanne Wolf neurozientzialari kognitiboaren eskutik (saretik deskonektatuta jarraitzen dut, e? Aurrez harturiko apunteak dira! Zuk ere berdin jarraitzen baduzu, zorionak! Karkar). Wolfen aburuz, irakurketa digitala gure garuna kortozirkuitatzen ari da, irakurketa sakona, kritikoa eta analitikoa oztopatzeraino. Gure garuna plastikoa eta aldagarria da, eta, Wolfen ustez, bere garaian ahozko kulturatik idatzizkora eman zen moduko jauzi sakon baten aurrean aurki gaitezke. Orduan Sokrates berak egin bezala, gaur egun ere gaitzesten dugu heltzen ari den paradigma berria, ezagutza frogatu, aztertu eta barneratzeko desegokitzat jotzen dugulako. Ildo horretatik datoz ikerketa gehienak ere: kontzentrazio gaitasuna galtzen ari garela, informazioa hobe atxikitzen dugula testu bera paperean irakurriz pantailan baino, asko irakurtzen dugula baina soilik azaleko irakurketak direla, modu sinplista eta zatikatuan pentsatzen dugula gero eta gehiago, ideia sakon eta konplexuak formulatzeko gaitasuna galtzen ari garela...
Zalantzarik gabe, nik ere bat egiten dut kezka horrekin. Nire inguruan eta nire buruan bertan ere pairatzen dut aldaketa azkar horren sakontasuna (dagoeneko azkazalei hozka ari naiz...). Baina egia da ere Sokratesen kezkak erlatibizatu egin litezkeela egungo ikuspegitik; hots, paradigma berriarekin ere egongo dela ezagutza sakona, konplexua jasotzerik eta aztertzerik... Baina hori momentuz ezin dugu jakin. Aldiz, jakin badakigu, edo nik gutxienez oso argi dut, hobe pentsatzen dela unean uneko kontu arinekin, urgentziekin, arreta galdu gabe. Denbora hartuz, eta ez denborak gu harrapatuz. Eta bide batez, egiten dugun hori guztia dastatuz, galtzen utzi ordez bertatik edanez, disfrutatuz! Autobusean sartu eta sakelakoari ordez kanpoaldeari begiratzea, liburu bat irakurtzea, gelditzea, egotea... Ez dakit esperimentua nola joan zaizuen, ni behintzat bizirik atera naiz, doi-doi bada ere... Baina, benetan, atera tarte bat egin eta egin artean, eta egon, merezi du eta! •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
