Hitza ez da delitu
Disidentzia arriskutsua da, pentsamendua arriskutsua da, kultura arriskutsua da. Esanekoa ez izatea jazarpenaz ordain daiteke, mehatxuaz, kartzelaz edo heriotzaz. Atzo amaitu zen PEN International-eko Idazle Jazarrien Aldeko Batzordeak (WIPC, Writers in Prison Committee),eta ICORN erakundeak (International Cities of Refuge Network) Amsterdamen antolatutako bilkura, zeinek 40 lurraldetako idazleak eta kazetariak batu dituen lelo baten pean: “Creative Resistance: Stories from the Edge of Freedom”.
Teresa Todak, PEN erakundearen bi aldeetan egoteak ematen duen perspektibatik, txunditurik utzi ditu entzuleak bere esperientzia kontatzean. Euskal PENeko zuzendaritzako kidea izatetik PEN kasu bat izatera pasatu zen; lurralde zanpatuetako kazetariak eta idazleak babestetik, nazioarteko erakundeak babestua izatera alegia.
Europako erdigunean bertan, demokraziaren bihotzean, gobernu ustez demokrata batek egunkariak itxi, kazetariak torturatu, kartzelatu eta isilarazi nahi ditu, gobernuarekin disidenteak direlako aitzakiaz. Teresa Toda kalean dago jada, sei urteko zigor osoa espetxean bete ondoren, baina berak azaldu die mundu osoko kideei “Egin”-eko kasuagatik zigortutako beste pertsona batzuk oraindik ere kartzelan daudela, hala nola Jabier Salutregi egunkariaren zuzendaria eta Jexuxmari Zalakain Orain enpresako Kontseiluko kidea.
Kontatu du Todak maiatzaren 28an beste kazetari batek errenditu behar dituela kontuak Madrilgo Auzitegi Nazionalean, Iraitz Salegik alegia, zergatik eta bere lana egiteagatik. Beste hedabide askok bezalaxe, Salegik berak ere informatu zuen Ernai gazte antolakundeak 2013ko martxoan Urduñan antolatu zuela Gazte Danbada ekitaldi politikoa, non 7.000 lagun elkartu ziren. Ekitaldi publiko eta irekia izan zen eta horren berri eman zuten hedabide askok, baita Iraitz Salegik ere Topatu.info hedabide digitalean. Eta inputatu egin dute, haatik.
Amsterdamen aukera eduki dugu Zineb El Rhazoui emakume kazetariaren esperientzia entzuteko. “Charlie Hebdo” aldizkarian egiten zuen lan eta bizirik atera zen kasualitatez. Ordutik sasian bizi da, etxerik gabe, eta ez du lo egiten leku berean egun asko segidan, polizia babesa eduki arren.
Galdetu zaionean ea non dagoen adierazpen askatasunaren muga, ea balioak edo tradizioa, sinesmenak edo errespetua izan daitezkeen muga, argi erantzun du: «Badago eskubide bat libre hitz egiteko, baina inon ez dago eskubiderik iraindua ez izateko».
Gauza bera esan zuen Nick Clegg Erresuma Batuko lehen ministrordeak eta gauza bera uste dugu PENkide gehienok:
«Egunaren amaieran eskubidea izan behar dugu hurkoa iraintzeko. Ez gara guztiz libreak besteak iraintzeko askatasuna ez badugu, eta, gainera, inork ez du iraindua ez izateko eskubidea gizarte demokratiko eta zabal batean».
Euskal PENek ere hausnartu nahi izan du adierazpen askatasunaz eta umorearen bidez egiten den kritika satirikoaz, eta hausnarketa horren emaitza da Amsterdamera eraman duen “Basque Writing-11” aldizkaria, ingelesez (euskaraz ere topa daiteke bere webgunean, Euskalpen.eus).
“Charlie Hebdo”-ren aurkako erasoa eta euskal kazetarien aurkakoa, ordea, ez dira gauza bera. Komikilari frantsesak hil nahi izan zituztenak bi gizon armatu izan ziren, «Ala handia da» eta «Profeta mendekatu dugu» oihukatuz tiroka sartu zirenak.
Euskal kazetariak erasotzen dituena, ordea, bere burua demokratatzat duen gobernu bat da, eta Parisera joan zen gobernuburua bera ere “Charlie Hebdo”-ko hiltzaileak salatzera. Gobernuburu horrek Mozal Legea jarri du Estatuan eta, horren arabera, Estatu osoan ezarriko dira orain urte asko Euskal Herrian aplikatu diren jazarpen neurri berberak, Teresa Todak argi eta garbi, hainbat idazleren aurrean, azaldu duen bezala. •



