Igitie, Arratiako Baserritar Agroekologikoen Elkartea

Dela lurra lortzeko zailtasunengatik dela nekazaritza lanak ez direlako erakargarrienak izaten gazteentzat, gaur egun zaila izaten da gazteak baserriratzen ikustea. Arratiako eskualde bizkaitarrean badago salbuespen bat. Azken lauzpabost urteetan, baserritar gazte berriak instalatuz joan dira, guztiak ere planteamendu komun batekin: agroekologiatik elikadura burujabetzaren alde lan egitea. Hartara, lehendik ere ekoizpen ekologikoa egiten zuten beste baserritarrekin batu eta Igitie Arratiako Baserritar Agroekologikoen Elkartea sortu zuten 2012ko udaberrian.
Baserritarren arteko elkarlana
Elkarri laguntzeko asmoarekin sortu zen Igitie. Arlo ezberdinetan kolaboratzea dute helburu nagusi: izan erosketa komunak egiteko, izan jakintzak partekatu eta arazo teknikoei irtenbideak emateko, merkaturatzean elkarri laguntzeko edota lan astunak egiteko auzolanak antolatzeko. Merkaturatzea lantzeko, maila ezberdinetan eragiten du Igitiek: kontsumo taldeen sorrera sustatuz, azokak antolatuz, eskola jantokien gaia landuz… Orokorrean, baserritar gazte hauek hiri eta herri handietan dauzkate kontsumo taldeak: Bilbo, Zornotza, Galdakao, Basauri…
Otzarak egiterako orduan produktu nagusiak barazkiak badira ere, bestelako ekoizpenak dauzkaten baserritarren jeneroa ere eskaintzen dute ortugileek (ogia, pasta...). Horrezaz gain, ortugileren batek produktu konkretu bat falta duenean, badaki beste ortugileengana jo dezakeela bere otzara osatzeko. Makineria eta azpiegiturak elkarbanatzeko plataforma ere bada elkartea. Gaur egun, eskualde osoko hamar baserritar inguru biltzen dira hileroko lehenengo astelehenean egiten dituzten asanbladetara. Azaltzen dutenez, Igitie ekoizleen elkartea da, baina batzuetan kontsumitzaileak ere inguruan izatea botatzen dute faltan.
Elkarteko kide batek aitortzen duenez, batzarretan baserritarrok dauzkaten beharrizan konkretuez aritzen dira gehienbat, «eta hor kontsumitzaileak galduta ibiliko lirateke. Baina konturatzen gara ekoizleok bakarrik ezin dugula gure mezua komunikatu, kontsumitzaileen laguntza behar dugu horretarako. Beste espazio batzuk sortzea da gure erronketako bat, non baserritarrek eta kontsumitzaileek elkarrekin lan egingo dugun. Saiatu izan gara, baina momentura arte ez dugu guk nahi beste oihartzuna lortu», adierazi dute norabide horretan.
Arratia mailan baserritar gehiago egoteko ere ahalegina egiten dute. Nekazaritza –eta abeltzaintza– lurrei dagokien erabilpena ematea aldarrikatzen dute. «Denok irabaziko genuke horrekin. Instituzioek lehenengo sektorea kontuan hartzea da nahi duguna. Hemen gaudela esateko ere sortu genuen Igitie».
Agroekologia gizarteratu
Azpimarratzen dutenez, baserritarren asmoa ez da dirua irabaztea soilik, «paisaia mantentzea eta, ingurumena zainduz, jendea elikatzea helburu berdinaren barruan daude. Argi dugu, baina, agroekologia Arratian egonkortzea gizarte osoaren lana dela».
Gizarteratzea gauza dadin, hitzaldiak, bideo emanaldiak, azokak eta bestelako ekitaldiak antolatzen dituzte urtero. Aitortzen dutenez, zaila da jendea erakartzea. «Agian jendea gureganaino ez hurbiltzearen arrazoia da ez dakigula nola egin. Dimako (Bizkaia) azokan bai lortu dugu hori, oso era errazean gainera: inauterietako tostada txapelketa antolatu genuen, eta herriko nagusiak izan ziren epaimahaikideak. Udazkenean kalabaza lehiaketa ere antolatu genuen, eta oso arrakastatsua izan zen. Herritarren parte hartze zabala lortu genuen ekintza sinpleokin».
Antolatzen dituzten azokak aurrerapauso bat izan dira elkartearen jarduera eta aldarrikapenak kaleratzeko. Saiakerak egin dituzte eskualdeko herri nagusietan, arrakasta maila ezberdinak lortuz. Argitzen dutenez, hiru urteko esperientziaren ondoren «azokak non funtzionatzen duten eta non ez esateko moduan gaude. Horrenbestez, etorkizun hurbilean Dima eta Lemoan bultzatuko ditugu, bi udalerri hauetan jaso baitugu erantzunik positiboena, bai biztanleriaren partetik eta baita gizarte eragileen partetik ere (eskola, udala, pertsona nagusien kolektiboa…). Kasu hauetan esan dezakegu, behintzat, azokek balio izan dutela baserritar eta herritarrak elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren inguruan batzeko», nabarmendu dute.
Bistakoa da proiektu kolektiboak gauzatzeko sortu zela Igitie. Momentu honetan, buru-belarri murgilduta daude baserrien bideragarritasunari lagunduko dion proiektu baten garapenean: kontserba begetalak egiteko azpiegitura baten finantzaketa kolektiborako kanpaina abiatuta daukate Interneten, www.goteo.org helbidean. Zeberioko Udalak (Bizkaia) abiatutako Nekazalgunea programaren baitan, udalerrian instalatu nahi diren baserritar berriei lurrak eta etxebizitza alokairu duinetan eskaintzeaz gain, kontserbak egiteko eraikina ere eskaintzen da.
Mota honetako azpiegitura bat hornitzeak suposatzen duen inbertsio handiei aurre egin ahal izateko, Nekazalgunea programako baserritarrek eta Igitie elkartekoek elkar hartu dute, eta finantzaketa kolektiborako kanpaina martxan jarri dute. ENEEK berak ere parte hartu du kanpaina honetan, izan ere, baserritar ekologikoek dauzkaten gabezien artean, kontserba ekologikoak egin ahal izateko azpiegituren gabezia da bat.
Zeberion prestatzen ari diren Maskilu Kontserbak egitasmoari esker, baserritarrek beraien ekoizpena eraldatzeko aukera izango dute, izan bazkide moduan zein zerbitzua kontratatzen duen norbanako bezala. Aurrerapauso garrantzitsua baserrien bideragarritasunarentzat eta eskualdearen elikadura subiranotasunarentzat.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
