Iratxe Urizar

Kaleratzen

Gure herrian hauteskundeek utzitako ondorioen gaineko analisiak beste batzuei utzita, Estatu espainolean gertatutakoaz ariko naiz. Zalantza izpirik gabe, gauzarik interesgarri eta zirraragarrienetakoa urte luzez beraien herri eta hirietan agintzen eman ondoren –askotan, gainera, gehiengo absolutuz– hainbat alkatek hauteskundeak nola galdu dituzten ikustea izan da. Aitortu beharra daukat, gainera, kanporatutako horien purrustadak eta guztiz tokiz kanpoko ateraldiak ikusten eta entzuten ibili naizela, ariketa morboso huts gisa. Horietako asko estatu mailako hiri handienetako, populatuenetako, alkateak ziren. Euren tokian, hiri eta herrien agintea hartzen hasi dira, pozik eta urduri, aukeratutako zerrendaburu berriak, asko eta asko gainera, gizarte mugimenduetatik datozenak, orain jasotzen duten komunikabideen atentziora ohituta ez daudenak.

Kanporatzeaz hitz egiten hasita, kaleratzeez hitz egitea beharrezkoa da. Hauteskunde kanpaina honetako gai zentraletako bat izan da, hemen eta han errepikatu dena. Izan ere, kaleratzeen kontrako mugimenduko aurpegi ezagunenetako batek hartu du Bartzelonako alkatetza. Gauzak nola egiten ari ziren ados ez zeuden eragileen arteko akordioak bultzatuta, gehiengoak babestuta atera da aurrera Adau Colau hautagaia. Zerbait bidezkoa ez dela sinisten duenean, emakume solidarioa dela, borrokarako prest dagoela, erakutsi du. Kaleratzeen ingurukoak izan dira Manuela Carmenaren lehen hitzak ere, Erreinuko hiriburuko alkate berria izan daitekeena. Epaile eta abokatu ohia da, eta, beste gauza batzuen artean, kartzelak hustearen aldekoa. Kargu berria hartu baino lehen argi esan du jada bere asmoa desjabetzeen aurkako komisio bat sortzea dela, eta, gainera, norabide horretan hainbat lankide ohirekin hitz egiten hasia dela aurreratu du: helburu nagusia, etxe gabe geratzeko arriskuan dauden familiei erantzuteko “B plan” bat abiatzea. Bere hitzetan, onartezina da kaleratze bat sinatzea kaleratutakoekin zer gertatuko den zehaztu eta aurreikusi gabe. Ezinezkoa da jendea besterik gabe kalean uztea (orain arte egiten zen bezala, hain zuzen). Sistema finantzarioak berak sortutako krisiaren ondorio latzenetako bati aurre egiteko proposamenak, azkenean, erabakiguneetan.

Andaluziako Junta ere hasi zen bere garaian horretan, desjabetzeen aurkako lege batekin, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota berri duena (Rajoy lehendakariak berak, denon interesean aritu beharra duen horrek, jarritako helegite bategatik). Izan da kapitalaren aurka etxebizitza bezalako oinarrizko eskubide bat defendatu nahi izan duen besterik ere. Syrizak gidatutako Greziako Gobernuak bizitzeko diren etxeetan kaleratzeak debekatzeko lege bat martxan jarri nahi izan du (2014ko abenduaren 31 arte izan zutenaren antzekoa), baina Europako Banku Zentralak atzera bota du.

Horrela bada, kaleratzeen aurkako mugimenduko kideek herritarren kontura aberastu diren horiek banan-banan nola botatzen dituzten zeharka begiratu besterik ez dut, inbidia puntu batekin. Nire ingurura begiratuta, izan ere, kaleratze horiek oso merke atera zaizkie batzuei. Nortzuk diren badakigu, baina dirua irabazten jarraitzen dute inolako lotsarik gabe. Ezer gertatuko ez zaiola ziur dakienaren lotsagabekeriarekin. Salbuespen garrantzitsu eta esanguratsuak ditugu, baina beste asko ez ditugu bota. Horrelako gai mingarri bati zentralitate osoa emango dion diskurtso baten falta sumatzen dut, benetako herri bultzada bat emango diona auziari. Eta kaleratzeen aurkako bozgorailu, ozen, benetako eta konprometitua (eta ez beste hainbeste aldarrikapenen artean galtzen dena) euskal instituzioak hartu dituzten indar ezkerreko eta abertzaleen esku ere izatea. •