joseangel.oria@gaur8.info
ERRUMANIA

Milaka herritarrek Karpatoetako basoak zaintzeko exijitzen diete agintariei

Europar Batasunean baso birjin gehien dituen herrialdea da Errumania, baina natura ondare hori galdu egingo da legez kontrako baso-soiltzeari amaiera ematen ez bazaio (ordu bakar batean hiru hektarea suntsitzen dituzte gaur egun, ekologisten arabera). Arrisku horri aurre egiteko neurriak exijitu dituzte milaka herritarrek kalean.

Errumaniako hirietan milaka herritar elkartu dira azken asteotan herrialdeak jasaten duen baso-soiltzeari aurre egiteko exijitzeko. Legez kontrako zuhaitz botatzea eta Austriako Schweighofer konpainiak omen duen «monopolioa» salatu zituzten manifestariek.

Kalera protesta egitera irten diren herritarren arabera, aipatu konpainiak legez kontra botatako arbolak ere erosi egiten ditu. «Bat eginda, basoak salbatuko ditugu», oihukatu zuten manifestariek Bukarest hiriburuan. Baita «Schweighofer kanpora» ere.

Herrialdeko hiru koloreko bandera hartuta zeharkatu zituzten hiriburuko kaleak, Gobernuaren egoitzaren aurrean gelditu aurretik.

Catalin Tobescu Nostra Silva elkarteko presidenteak nabarmendu zuenez, «ingurumenari dagokionez, legez kontrako zuhaitz mozketa da herritarren kezkarik handiena, inkesta guztiek azaltzen dutenez».

Basoetako radarra

Arlo horretan zertxobait aurreratu da Errumanian, Catalin Tobescu ekintzailearen arabera: «Iazko azken asteetan abian jarri ziren basoetako radarrek egur garraio guztiak ikuskatzen dituzte eta irregulartasunen berri ematen dute. Horri esker legez kontrako mozketek %50 egin dute behera. Asko murriztu da mozketen fenomenoa, baina sistema bera hobe daiteke emaitza hobeak lortu ahal izateko».

Europar Batasunean baso birjin gehien dituen herrialdea da Errumania. Baina azken urteotan kalte handia egin zaio ondare horri: hogei urte eskasetan 80 milioi metro kubiko egur moztu dira legez kontra, 5.000 milioi euroko kalteak eraginez, txosten ofizial baten arabera. Ipar-mendebaldeko Cluj-Napoca hirian mila lagun elkartu ziren orain hamabost egun Austriako Schweighofer konpainiarekiko agintarien «konplizitatea» salatzeko. Aipatu enpresak 470 milioi euro fakturatu zituen 2013an, sektorea erabat mendean edukitzeko.

Kamara ezkutua

Gratiela Gavrilescu Errumaniako Ingurumen ministroak agindu izan du Austriako konpainiaren kontu-ikuskapena egingo duela. Manifestariek, legez kontra egurra erosteaz gain, Errumaniako merkatuan «monopolio bat» osatu izana leporatzen diote.

Ministroaren adierazpenak iritsi dira EIA Ingurumenaren Ikerketarako Agentzia izeneko elkarteak bideo esanguratsu bat argitara eman eta gero. Kamara ezkutu baten bitartez, EIAko ekintzaileek Schweighofer konpainiako arduradunak grabatu zituzten, legez kontrako egurra erosten ari zirela. Saltzaileari hobariak agindu zizkioten konpainiako ordezkariek.

Konpainiak berak esan du dena gezurra dela, jakina, beraiek «Errumaniako legedia erabat errespetatzen» dutelako.

Baso Kodea

Ezin zuten kontrakoa esan, Errumanian negozio ezin hobeak egiten segitzeko asmoa baitaukate: horretarako zabaldu berri dute bosgarren lantegia, Catalin Tobescu Nostra Silva elkarteko presidenteak esan duenez.

Parlamentua mozketak murriztea helburu duen lege bat eztabaidatzen ari da, Baso Kodea. Holzindustrie Schweighofer konpainiak Gobernuak proposatutako lege proiektuaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, baso baten %30era mugatzen baitu enpresa batek moztu dezakeen zuhaitz kopurua, eta hori ez da konpainiaren gustuko.

«Badakigu Baso Kode berriak ere bere gabeziak dituela, baina lehenbailehen onartu behar da, horrenbeste zuhaitz bota ez dezaten», adierazi du Crisanta Lungu Errumaniako Greenpeaceko ekintzaileak.

Errumaniako «birikak»

Karpatoak dira Errumaniako «birikak», bertakoen arabera. 1.500 kilometroko luzera duen mendikateak 8,5 milioi hektarea baso zituen 1989an (herrialdeak duen azaleraren %38), aro komunista bukatu zen garaian. Orain, berriz, 6,3 milioi hektarea (Errumaniako azaleraren %26,7) baino ez ditu. Beraz, basoek beren azaleraren %26 inguru galdu dute.

EcoAssit gobernuz kanpoko erakundeak emandako datuen arabera, baso horietan 6.000 hartz, 1.500 katamotz eta beste abere asko bizi dira. EIA Ingurumenaren Ikerketarako Agentziak jakinarazi du baso-soiltzeak mehatxatutako eremua Europa osoan bioaniztasun gehien dutenetako bat dela.

Hedabideek herritar askoren esperientziak eskaini dituzte azken asteotan. Ionut Dragomir 50 urteko gizonak Karpatoetan dagoen Busteni herrian etxe bat erosi zuen, Bukarest hiriburuko zalaparta atzean utzi eta lasaiago bizitzeko asmoarekin. Turistentzat gidari lana egiteko asmoa zuen. Baina deforestazioak mehatxupean dauka bere ogibide berria. Bere etxetik gertu dauzka Bucegiko parke nazionala, Piatra Craiuluiko mendikatea eta Peles izeneko gaztelua, Errumania osoan bisitari gehien hartzen dituen lekua. «Tamalez, paisaia dotore eta paregabe honetako basoetan zuloak ikusten dira, legez kontra zuhaitzak bota dituztenek utzitakoak», esplikatu du Dragomirrek. Bere ustez, bertako herritarrek botatzen dituzte zuhaitz horiek, «negu luzeari aurre egin ahal izateko egurra behar dute-eta».

Romsilva konpainia

Baina beste herritar batzuek zuhaitzak bota eta egurra saldu egiten dute, gidariak kontatutakoaren arabera. «Eta basozainek ezin dute gauza handirik egin, oso gutxi baitira eremu handi hau zaintzeko, eta, gainera, oso gutxi kobratzen dute, hilean 300 euro inguru», Ionut Dragomirrek jakinarazi digunez.

Greenpeace nazioarteko erakunde ekologistak egin dituen kalkuluen arabera, orduero hiru hektarea baso inguru suntsitzen dira. Fenomenoaren inguruko 50 salaketa inguru egiten dira egunean. Ekologistek Romsilva konpainia publikoari leporatzen diote egoeraren erantzukizuna, Errumaniako basoen erdiaren ardura duen enpresak «baliabideak atera beste helbururik ez duelako». Basoa zaindu beharko luketenek ez dute batere laguntzen, Greenpeacekoaren ustez. «Gorj probintziako 500 biztanleko herri txiki batean, funtzionarioek herritarrei esan zieten hobe zela zuhaitzak botatzea, turistak erakartzeko bertako edertasuna baliatzea baino», Crisanta Lunguk salatu duenez.

Aristokrazia nahastuta

Romsilva konpainia publikoaren esku ez dauden basoak jabe partikularren eskuetan daude. Baina kasu horretan ere zalantza gehiegi dago, ez baitago batere garbi Estatuarenak ziren eremu horiek nola eskuratu zituzten jabe berri horiek.

Ikerketa ofizial bat abian da eta nahastuta dauden pertsonen artean Paul Errumaniako printzea eta Victor Ponta lehen ministroaren aitaginarreba ageri dira.