«Navarrísima» baten gogoetak
Zerbaiten kontra elkartzea, zerbaiten alde beharrean (zerbaiten edo norbaiten), tristea izan daiteke. Baina zerbait hori (edo norbait) kalte egiten ari bada, kendu egin behar da lehenengo, gero zerbait berria sortzeko. Zauritik tantaka-tantaka galduz goazen odola gelditu behar den gisan azala biziberritzeko, eta mamia.
Hauteskundero bezala, zenbaki, kolore eta sigla dantzari begirik kendu gabe egon ginen eta, lehenbiziko aldiz, ez ginen haserretu Nafarroarekin, lehenbiziko aldiz, harro sentitu ginen emaitzez. Orain arte beti Gipuzkoa aldera begiratzen genuen “inbidia” puntu batekin eta eurekin identifikatzen ginen gehiago. Bortzirietako irla honetan, gipuzkoarrentzat nafar burugogorrak eta nafarrentzat “giputxiak” izanik, badugu aukera hori, nahi dugunean batekoak ala bertzekoak izatekoa. Baina, azken batean, beti gara nafarrak, “navarrísimo”-ak, UPNkoak bezala. Orain, inoiz baino gehiago.
Izan ere, azkenean ireki eta aireztatuko dira Gobernuko leiho eta ateak! Zer ez ote da aterako bertatik, saguzarrak eta apoak lehenengo eta hortik aitzinera... 80 urte badira itxi usaina handitzen doala, gero eta itoago, gero eta itoago... Bertzerik ezagutu ez dugun zenbat belaunaldi garen konturatu naiz eta jada ez daudenek hartuko luketen pozaz oroitu naiz, poz horretaz poztu naiz, eta hemen gaudenoi zabaltzen zaigun aukeraz. Egunetik egunera errealagoa da, poliki eta izugarrizko euforiarik gabe gauzatzen ari da. Eta, hau idazteko unean behintzat, ez da bertze munduko zalapartarik erortzear den erregimenean, Nafarroa Alemania prenaziarekin konparatu duen Yolanda Barcinaren adierazpenak salbu. Erori den seinale, agian. Erori, zerbait berria sortzeko. •



