A zer astea!
Matematikak edo zenbakien pilaketa gehiegizkoak ondoeza edo zorabio moduko bat eragiten digu pertsona sentibera askori. Hauteskunde biharamunean sufritu egin nuen horrenbeste portzentaje eta kopuru potoloekin. Baina, zorionez, hirugarren egunerako hasi ziren egunkarietan literatura politikoa egiten.
Gurean eta “Berria”-n irakurri nituenetatik Iñaki Zubimendiren batekin eta Fermin Munarrizen “Cómo llamar a los que votan a corruptos” izenekoarekin gogoratzen naiz, edo euskaraz Petxarromanen bat eta Idurre Eskisabelen “Zaborraren garrantziaz” ditut gogoan. Azken honek jendarte ereduei edo herritar izatearen paradigmei buruz egiten zituen gogoetak maila handikoak iruditu zitzaizkidan. Badakit badagoela beste literatura politiko mota bat, Madril aldean azkenaldi honetan oso modan dagoena, hagiografiatik oso gertu dabilena. Pablo Iglesiasi lauzpabost biografia edo elkarrizketa liburu idatzi dizkiote, esate baterako, eta Juan Carlos Monederori ere beste bat. Manuela Carmenak ere idatzi du berea, “Porque las cosas pueden ser diferentes”. Katalunian salduenen artean dabilena, Teresa Forcada moja beneditarraren eta Esther Vivas aktibistaren artean egindakoa.
Fenomenoa zabala da. Munduko beste punta batean, Reykjaviken, Jon Gnarr izeneko komiko ezagunak pertsonaia bat asmatu zuen bere telebistako programan; Tony Blair eta Groucho Marxen nahasketa gisa defini zitekeena. Arrakasta izan zuen, alderdi bat sortu zuen (Alderdi Hobea) eta hiriko alkatetza eskuratu zuen. Hark ere badu bere liburua, “Nola iritsi nintzen alkate izatera”. Eta luze jarrai genezake.
Gurean ez du literatura genero honek uzta handirik eman aspaldian, baina Martin Garitanok agindu du legealdiko kronika bat idatziko duela eta hori hagiografia bat baino interesgarriagoa izan daiteke. Astea, politika gora eta politika behera, gogorra zihoan eta politikatik at ere bizitzarik ba ote zegoen jakiteko Mursegok (Maite Arroitajauregi) eta Harkaitz Canok Literaturia ekitaldien irekiera gisa Zarautzen eman zuten “In vino veritas” ikuskizuna ikustera joan eta txundituta atera nintzen, eta ni bezala beste asko, ikusi genuenarekin, gutxitan lortzen baita emanaldi hibridoetan (musika eta poesia kasu honetan) halako konplizitaterik artisten artean eta uztarketarik generoen artean.
Politikan zer gerta ere, artea helduleku gisa hortxe daukagula pentsatuz joan nintzen igandean Bilbora Ibilaldiko petoa jantzita egun-pasa egitera (zenbat janzten duen peto batek), baina Athletici buruz hitz egiten eman genuen egun santu osoa. Bilbon eguna pasata, ia konbentzitu ninduten ez politikak eta gutxiago arteak, futbolak irekiko duela euskal bidea. •

