Nagore Belastegi
Nire kobazulo maitea

Arguedasko kobazulo-etxeak faltan botatzen dituztenen testigantzak bilduz

Iñigo Floristan zinema zuzendaria Nafarroako Arguedas herrikoa da. Bardeako paisaian ezkutatzen diren kobazuloak ditu orain aztergai. Aitona, herriko beste pertsona ugari bezala, kobazulo batean bizi zen. Duela 50 urte, eskuz arrokan egindako zuloak utzi eta pisu berri batzuetara eraman zituzten, indarrez.

Peter Vetsch arkitekto suitzarrak ospea irabazi zuen kobazuloak diren etxeak eraikitzeagatik, eta eraikuntza mota horretan aitzindaria dela esaten da. Dudarik gabe, baina, bere ideia aitzinean gizakien babesleku ziren leitzeetatik atera zuen, kobazuloetan tenperatura oso onak mantentzen baitira urte osoan zehar, eta, beraz, bizitzeko modu ekologiko eta erosoa eskaintzen baitute. Baina ez dugu hain atzera joan behar Vetsch kobazuloak etxe bilakatu zituen lehen gizaki modernoa ez zela izan frogatzeko. Izan ere, gizakiak inoiz ez du galdu haitzuloekin duen harremana, eta han-hemenka oraindik aurki ditzakegu arkitekto izan gabe harkaitzetan zuloak egin eta bertan bizi diren pertsonak. Gurean dugu adibide oso esanguratsu bat, Arguedas Nafarroako herrian.

Herria babesten duen paretatzarrean ikusten diren kobazuloek turistak erakartzen dituzte egun Arguedasen, bertakoek nostalgiaz begiratzen dituzten bitartean. Jada ez dira bertan bizi, orain bizileku arruntak dituzte, baina horrek ez du esan nahi euren kobazuloak ez dituztenik maite, herriaren historiaren parte baitira. Are gehiago, oraindik bizirik dauden herritar askoren lehenengo etxebizitzak izan ziren horiek.

XIX. mendearen erdialdean Arguedasko biztanleak Bardeako lurrak laborantzarako lantzen hasi ziren, eta, horrekin batera, gero eta jende gehiago pilatzen hasi zen herrian. Horietako asko txiroak ziren eta ez ziren gai etxeetako alokairuak ordaintzeko. Gainera, familia askok seme-alaba ugari zituzten eta etxeak ez ziren handiak, beraz, askatasun gehiago izateko nahia ere loratzen hasi zitzaien. Hala, “La Peña” izenez ezagututako harkaitz erraldoiari begira jarri eta bertan etxeak eraikitzeko aukera ikusi zuten.

Duela 300-400 urteko zuloak zeuden bertan, mairuek biltegi moduan erabiltzen zituztenak. Udaletxeari baimena eskatzea nahikoa zen bertan bizitzeko. Ez zuten inolako zergarik ordaintzen eta seme-alabek heredatu egiten zituzten etxeak. Pixkanaka moldatzen zuten harkaitza euren babeslekua osatzeko. Familia hazten zen heinean  logela gehiago zulatzea posible zen, eta, normalean, denak lerro zuzen batean egiten zituzten, ate edo gortina batez soilik banatuta. Gelaren bat handiegia izanez gero, lokatza, lastoa eta ura nahastuz lortutako materialarekin pareta berri bat eraikitzen zuten erdian.

Paretaren kanpoko aldean egiten zituzten gelak, horizontalki elkarren segidan, leihoak egin ahal izateko eta argi naturala baliatzeko. Hala ere, bazeuden bestelako gela batzuk ere, gordailu bezala erabiltzen zituztenak. Adibidez, mahatsa, ardoa, olibak eta olioa gordetzen zituzten bertan.

Altzari gehiegi ez zituzten, eta ahalik eta funtzionalenak izan zitezen saiatzen ziren. Adibidez, paretetan taketak sartzen zituzten, eta, horietatik, askotariko gauzak zintzilikatzen zituzten. Baina etxe mota hauek zerbaitengatik onak baziren, urte osoan tenperatura atsegina mantentzeko gai zirelako zen batez ere; udan fresko zegoen etxea, eta, neguan, epel.
1940ko hamarkadan 52 familia bizi ziren kobazuloetan; maizterren menpe bizi nahi ez zuten familiak. Etxe horietan elkarrekin eraikitako zoriontasuna frankismoak zapuztu zuen. Izan ere, agintari frankistek kobazuloak husteko erabakia hartu zuten duela 50 urte, 1965ean. Horien ordez, Venecia auzoko 80 etxe eraiki zituzten, kobazuloetan bizi zirenek aloka zitzaten. Kobazuloetan bizi izandako herritar haien bizitza ez zen berriro berdina izango.

Herritarrik pobreenak

Urteurren hori gogora ekartzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte Arguedasen eta horien artean indar gehien hartu duenak Iñigo Floristan zinemagile gazteari enkargatutako filma da. Hasiera batean dokumental objektibo bat egiteko intentzioa zuen, baina planak guztiz aldatu zitzaizkion konturatu zenean testigantzek berebiziko garrantzia zutela. Horiek izango ziren bere filmaren oinarria. “Mi casa, mi cueva” sentimenduz betetako film dokumentala da: 47 minututan Arguedasko kobazuloen arima berpizten saiatzen da.

«Dokumentala hasi nuenean ez nuen daturik eta horregatik ikuspuntu objektibo bat eman nahi izan nion, datu teknikoak bildu eta gordetzeko. Kobazuloetan bizi ziren pertsonak elkarrizketatu nituen –zaharrak dira, badago bat 103 urte dituena– eta konturatu nintzen ez zuela inporta zenbat metro zituzten kobazuloek, nola pintatzen zituzten edo nola eraikitzen zituzten, baizik eta nola bizi ziren bertan. Gidoia aldatu behar izan nuen goitik behera, eta pertsona horien bizipenetara gerturatu nintzen», aipatu zigun.

Informazioa biltzen hasi zenean konturatu zen oso irudi gutxi zeudela. Alde batetik, leizeetan bizi ziren pertsonak oso pobreak ziren, eta ez zuten kamerarik. Bestetik, gaizki ikusita zegoen gainontzeko bizilagunek pertsona horiek grabatzea. Beraz, bideorik ez dago eta argazkiak ere ez dira oso ugariak.

Floristan berak ere kobazuloekin badauka harreman zuzena, bere aitona bertan bizi izan baitzen. «Berak beti oroitzen zuen zein ondo bizi ziren eta zein zoriontsuak ziren, beraz, proiektua eskaini zidatenean, berehala onartu nuen». Bere aitona ere kobetako biztanle izateak lanak erraztu dizkio, gaiaren inguruko nolabaiteko sekretismoa ere badagoelako herrian. «Dokumentalarekin hasi nintzenean inork ez zuen nirekin hitz egin nahi, kobazuloetan bizitakoak hain pobreak zirelako ezen marjinatuak zirela. Inork ez zuen gogoratu nahi noizbait beraiek ere kobazuloetan bizi izan zirenik. Baina esaten nienean nire familia ere kobazulo batean bizi izan zela eta duintasunez eta errespetu osoz jorratuko nuela gaia, pixkanaka animatzen joan ziren», azaldu zigun zuzendariak.

Filmean ikusten da nola pertsonaiak hunkitu egiten diren iraganeko garaiak oroitzean. «Bizitza zaila izan zuten, eta, hala eta guztiz ere, aurrera egin zuten; eta hori bizilagunei esker izan zen. Beraiek kontatu zidaten familia handi bat osatzen zutela, eta, norbaiti zerbait falta bazitzaion, ondokoak ematen ziola. Emakume batek esaten zidan oraindik ere estimu hori diela garai hartan berekin bizitako lagunei».

Pobreak izan arren, beraz, bazuten irribarre egiteko arrazoirik ere. Baina agintari frankistek uste zuten bizimodu hori ez zela duina, eta, etxebizitzak ikusi gabe ere, bertatik alde egitera behartu zituzten familiak. Zuzendariaren esanetan, biztanle zaharrenak, 70-80 urteren bueltakoak, ez ziren pisu berrietara moldatu eta leizeetara itzuli ziren orduko autoritateari planto eginez. «Segur aski bizi kalitatea hobea izango zen pisuetan, baina ez zen beraiek erabaki zuten bizimodua», azpimarratu zuen.

Kobak hustu eta egun gutxira hedabideetan kobazuloak suntsituko zituztela iragarri zuten. Zorionez kobazulo horiek ez zituzten betiko itxi, eta horri esker, Arguedasek duen erakargarri nagusiena dira egun. Herrira gerturatzen diren turista asko kobazuloak ikustera doaz.
Ondorengo belaunaldiek ere harremana izan dute eraikuntza hauekin, baina ez dira behar bezala zaindu eta egoera kaskarrean zeuden. «Txikitan etxolak eraikitzen genituen eta oroitzen dut oiloak ere izan genituela. Zaharragoak erretzera joaten ziren, eta kuadrilla elkartzeko gune moduan erabiltzen zuten. Nire arreba gazteak 13 urte ditu eta pasa den udan bertan ibiltzen zen jolasean. Uste dut kobei ez zaiela merezi duten garrantzia eman herrian, eta, ez badira zaintzen, azkenerako desagertu egingo dira».

Hori dela eta, Arguedasko Udalak bizpahiru eraberritzeko erabaki hartu zuen. Urte honetan bertan, herritarren laguntzarekin iraganean zuten itxura berreskuratu dute, eta, ordutik, bisitari asko gerturatu dira. «Dokumentalean lanean hasi nintzenean oso gaizki zeuden, beldurra pasatu nuen, bazirudielako erori egin behar zirela. Nire ustez, orain bisitak  kontrolatu egin behar dira, eta sarrera bat kobratu, ez herria aberasteko baizik eta ondare hori zaindu ahal izateko. Guztira, La Peñan 150 koba inguru daude, urte askotan zehar zulatutakoak».

Valtierrako kobak

Ondarearen zaintzaren adibide moduan, Arguedastik bi kilometrora dagoen Valtierra aipatu zigun zuzendariak. Bertako kobak erdigunetik gertuago daude, eta, agian horregatik, herritarrek gehiago zaindu izan dituzte. Gainera, jabetza pribatukoak ziren, hau da, bertan bizi zirenak kobazulo horien jabeak ziren bere garaian, eta horrek norberak bere etxea zaintzea ekarri zuen. Bertan dauden galerietako bat Valtierrako Udalak eraberritu zuen eta hotel bat eraiki zuen. Lehiaketa publiko bidez kudeatzen dute. Landetxe baten modukoa da eta etxebizitza desberdinetan banatuta dago, taldeka joateko aproposa delarik. «Nik hiru urtetan egin nuen lan bertan eta zoragarria da», baieztatu zuen Floristanek.

Arguedas eta Valtierrako kobak ez dira Nafarroan dauden bakarrak. Dokumentalaren harira jendea gerturatu izan zaio zuzendariari esanez bere herrian ere kobak daudela eta zergatik ez dituen filmean aipatu. Hala jakin zuen Corella, Alfaro edo Fustiñana bezalako herrietan ere badaudela mota honetako etxebizitzak. Hala ere, horien berri aurretik jakin izan balu, ez luke dokumentala aldatuko, izan ere, «Arguedasko Udalak egindako enkargu bat da, nire herriko kobazuloen ingurukoa, nire herriko memoria historikoari buruzkoa».

Lan gogorra baina polita

Iñigo Floristanentzat oso positiboa izan da dokumentala egitea, nahiz eta zailtasun ugari izan dituen. «Nik zinema eta ekoizpena ikasi ditut, eta aukera hau atera zitzaidan kobak hustu zituztenetik 50 urte pasa diren aitzakiarekin Arguedasen dugun erakargarri hau sustatzea erabaki zelako. Jende asko etortzen da kobak ikustera. Arguedaskoa izanik bertako istorio bat kontatzea logikoa zen», onartu zuen.

Lana eskaini ziotenetik pasa den maiatzaren 31n “Mi casa, mi cueva” Nafarroako Filmotekan estreinatu zen arte, urte eta erdi pasatu da, eta ia lan guztia berak bakarrik egin behar izan du oso aurrekontu txikia zuelako beste norbait kontratatzeko. «Hasiberria naizenez akatsak egin ditut, eta filma ikusten dudanean konturatzen naiz.. –zioen aurrera begira horiek saihesteko prestutasuna erakutsiz–. Gainera, artxiboko irudi gutxi nituenez, ez da erraza izan istorio bat kontatzea. Zentzu horretan, testigantzak oso garrantzitsuak izan dira».

Irudiak bilatzen denbora luzea eman ostean, estreinaldiaren egunean Iruñeko neska bat berarengana gerturatu zen argazkiz betetako gutun-azal bat emateko «Guztiak sartu nahi nituen filman! Baina esan didate ezer ez aldatzeko», kontatu zigun zinema zuzendariak, hunkituta.
Aurreprodukzioan egindako lanaren berri ere eman zigun Floristanek. Hiru hilabete eman zituen kobazuloetatik bueltaka, ea zer egin zezakeen pentsatzen. Elkarrizketak, berriz, bi edo hiru astetan egin zituen. Zailtasunik handiena adinekoek berak behar zuena kontatzea izan zen. Izan ere, ezinezkoa egiten zitzaion euren diskurtsoa bideratzea. Horregatik, nahi zutena kontatzen utzi zien, eta, ondoren, ia ordubeteko elkarrizketak adi-adi aztertu zituen muntaketa lanari ekin aurretik. Zuzendariak ekoizpena eta arte eszenikoak ikasi zituen, unea iristean bere lanak bere kabuz egin ahal izateko. Horregatik izan da gai ia laguntzarik gabe lan hau aurrera eramateko. «Ia profesionalak» diren lagunek ere esku bat bota diote, zuen aurrekontuarekin ezin zuelako besterik egin. Hala ere, oso pozik dago emaitzarekin.

Filmean parte hartu dutenen artean Floristan abizeneko pertsona ugari daude, eta horrek atentzioa deitu digu. «Nire arrebatxoak, Lucia Floristanek, esaten zidan zer zegoen ondo eta zer gaizki, zer ulertzen zen eta zer ez. Ez dauka filtrorik... Teresa Floristan ez da nire familiakoa, baina herrikoa da. Madrilen dagoen kazetari gazte bat da. Berari elkarrizketak prestatzeko laguntza eskatu nion; ondo etorri zitzaion ikasteko. Eta Floristan abizeneko bestea nire aita da, Carlos Floristan. Berari esker lortu dut elkarrizketatuekin harremanetan jartzea. Nik ez nituen ezagutzen. Nola ezagutuko ditut ba 89 edo 103 urteko pertsonak?», esan zigun barrezka.
Hasiera batean Arguedasko Udalak proposatu zion film dokumental luze bat egiteko, baina, azkenean, berak erabaki zuen 47 minutuko lan bat nahikoa izango zela. Izan ere, bere ustez oraindik asko gelditzen zaio ikasteko eta ez zuen bere lehenengo film luzea hain goiz egin nahi.

Gainera, bere opera prima egiteko unea iristen denean, beste profesionalekin batera aritzea gustatuko litzaioke, hau da, aurrekontu handiago batekin ekoizle edota argazki zuzendari bat kontratatu ahal izatea, eta ez berak bakarrik lan horiek guztiak egitea. «Hori dela eta, erabaki zuen 47 minutuko lana kobazuloei indarra emateko nahikoa izango zela». Etorkizunera begira, ordea, itxaropentsu dago: «Orain politikan aldaketak ematen ari direla, agian etorkizunean aukera gehiago izango ditugu kulturaren arloan».

Estreinaldiaren egunean ez zuen gehiegi espero, bertaratutakoek lanarekin disfrutatzea bakarrik, baina azkenean herritarren esker ona ere lortu zuen trukean. «Niri ez zitzaidan inporta jende asko egotea, baina bertaratzen zen jendeak interesa izatea nahi nuen. Une batean aretotik atera behar izan nuen elkarrizketa bat egiteko, eta, berriro sartu nintzenean, lehendabiziko lerroan bakarrik zegoen lekua. Pozgarria izan zen Arguedasek bere iragana ezagutzeko interesa duela ikustea, ikusleak hunkituta zeudela egiaztatzea». Sentimendu horrekin kobek bizirik iraungo dute betiko.