Beste modu bat
Hiri bat ezagutzeko modu ezberdinak daude. “Lonely Planet” gida jarraituz; turismo bulego bateko originaltasun gutxiko zirkuitu bati kasu eginez; edo, idazle eta letren iragana berpiztuz. Londresen gaude gaur. Kensington auzotik abiatzen gara, victoriar garaian eraikitako etxe baten aurrealdean dagoen plaka urdinean T.S. Elliot han bizi izan zela irakurtzen dugu. 1867. urtetik Londresko etxe askotan aurkitzen ditugu plaka urdin horiek, jende ezagunen bizitokia izan zirela adierazten dute. Auzo berdinean, pare bat etxebizitza-blokera, Ezra Pound poeta amerikarra bizi izan zen etxea dago, eta baita William Makepeace Thackerayena ere, “Vanity Fair”-en argitaratutako lan satirikoengatik ezaguna egin zena azken hori. Etxebizitza-bloke berdinean baita ere, avant-garde modernistaren idazlerik ezagunenetako bat, James Joyce, bizi izan zen.
Kensingtonetik Londres zentrora abiatzen gara, egungo parlamentuaren alboan, Westminster abadian, Poets’ Corner ezagunean geldialdi bat egiten dugu; beste hainbaten artean, Charles Dickens, George Elliot, W. H. Auden eta William Shakespearen ehortz tokia da. Segidan, Saint James’ Park gurutzatu eta Trafalgar Square atzean utziz, hainbat liburu denda ikoniko biltzen dituen Charing Cross Road kalera iristen gara. Han dago adibidez Londresko liburu dendarik zaharrena, Hatchards izenekoa. Bertan dago, baita ere, 1906. urtean ateak zabaldu zituenetik, Foyles denda ezaguna, liburu artean galdu nahi duenarentzat arratsalde oso bat pasatzeko primerako lekua.
Bloomsbury auzoa izango da hurrengo geldialdia. Bertan garatu zen “Bloomsbury zirkulua” deitzen zen intelektual taldea eta mugimendua XX. mende hasieran, orduan bohemio ukitua zuen auzoan; besteak beste filosofoek, idazleek eta artistek osatua, literaturan, ekonomian, erlijioan eta kritikan eragin handia izan zuten. Hor aurkitu ditzakegu adibidez Virginia Woolf, George Bernard Shaw eta Arthur Rimbauden etxeak. Virginia Woolf bizi izan zen etxea dagoen plaza, Tavistock Square, Edwardian garaiko etxe zoragarriez inguratua, Londresko nire txoko kutunenetako bat da.
Garagardo bat hartzeko geldialdia egingo dugu hurrena Bloomsburyren ondoan dagoen Fitzrovia auzoan, Charlotte Street kale ezagunean Fitzroy Tavern pubean, agidanez George Orwell eta Dylan Thomasek solasaldi asko partekatutako lekua.
Hiriaren iparraldera abiatuz, ezin utziko dugu British Library bisitatu gabe. Aurretik, ordea, Erresuma Batuko liburutegi handienera bidean, Charles Dickensek “Oliver Twist” liburua idatzi zuen etxearen aurretik pasatuko gara, egun museo bezala egokituta dagoena. Londres eta Paris bi ordu eskasean lotzen dituen trenak ateratzen diren St Pancras International geltokiaren alboan dago British Library; eraikin moderno bat kanpotik eta barnean altxor izugarria: gaur egun 150 milioi inguru ale gordetzen ditu, tartean jatorrizko lan asko, Jane Austen, Brotnes, Lewis Carroll eta Bronterenak adibidez.
Gure gaurko ibilbidearen amaierara iritsi aurretik beste bi geldialdi dauzkagu. Bunhill Fields hilerria lehenengoa: XIX. mendearen erdialdea arte bertan hobiratzen zituzten eliza britainiarrak onartzen ez zituen hainbat mugimenduren jarraitzaile zirenak, “inkonformistak”. Horien artean William Blake, John Bunyan eta Daniel Defoe. William Blaken hilobiaren gainean beti daude lora sorta ugari; “amodio librearen” aitzindaria izan zenak, lan asko egin zuen giza eskubideen berdintasunaren alde, ezkontza esklabotasun forma bat zela aldarrikatzen zuen, eta adulterio, prostituzio eta homosexualitateren aurka zeuden aurreiritzi eta mugak gainditzeko pauso garrantzitsuak eman zituen.
Eguna Shakespeare Globe entzutetsuan amaituko dugu, Tamesis ibaiari begira. 1599. urtean ireki zuten lehenengo aldiz hiru milatik gora ikusle jasotzen zituen antzerki lekua. William Shakespearek bere obra asko aurkeztu zituen bertan. Gaur egungo eraikina orduko lekuaren berregite bat baino ez da, laurogeita hamargarren hamarkadan hondeaketa-lan batzuetan aurkitu zituzten jatorrizko antzezlekuaren hondarretatik eraikia, Sam Wanamaker film zuzendari ezagunak finantzatuta. •

