Etxetik botatzen gaituzten ahotsak


Bidaia idazleek –eta fikziozko zenbait pertsonaia bidaiarik– askotan galdetzen diete euren buruei zergatik abiatzen diren mundura. Orduan bidaiarien «aitzakien baratzea» lantzen dute –John Steinbecken hitzak dira–, baratze oparoa beti. Haurtzaroan atlasek txunditutako bidariak daude, eskualde fantastikoak ezagutzeko ametsa gauzatu nahi dutenak; planetari buelta ematea norbere barnera iristeko bide motzena dela uste dutenak; esploratzeko grina duten gazteak eta bizitutakoa hobeto ulertzeko beharra sentitzen duten zaharrak –askotan pertsona bera dira, biografiaren hasierako eta amaierako muturrak lotu nahi dituztenak–. Gogo sutsua sentitzen dute; zentzumenak, adimena eta bizitzeko indarrak potentzia osoan. Edo beldurra, asperdura, depresioa.
«Gizakiek betidanik entzun dituzte ahotsak, erosotasuna uztera bultzatzen dituzten ahotsak, eta inoiz ez dute argi izan zer egin; alegia, ez dakite ahots horien deiari entzungor egitea komeni zaien, ala bidaietan ere etxeko gau amaiezinen isiltasun tragiko berbera aurkituko ote duten», idatzi zuen Enrique Vila-Matasek ‘El viaje vertical’ nobelan.
“Moby Dick” abentura handia ere horrela hasten da, ospa egiteko beharra sentitzen duen pertsonaiarekin: «Dei nazazue Ismael. Duela urte batzuk, patrikan diru gutxi edo batere ez neukala, eta lehorrean nire interesa piztuko zuen ezer gabe, nabigatzera abiatuko nintzela pentsatu nuen. Malenkonia uxatzeko eta zirkulazioa hobetzeko daukadan modua da. Keinu triste bat jartzen dudala konturatzen naizen bakoitzean, nire ariman azaro heze eta euritsu bat hedatzen denean, zerraldo denda baten aurrean gelditzen naizenean (…), itsasora lehenbailehen irteteko garaia dela ulertzen dut. Pistola eta balaren ordezkoa da niretzat (…). Jabetzen ez diren arren, ia pertsona guztiek izan dituzte horrelako sentimenduak ozeanoarekiko». Natalia Ginzburgek, “Las pequeñas virtudes” liburuan, baleazalearen arrazoiak ulertzen ditu: «Erru sentsazioaz, paniko sentsazioaz, isiltasunaz sendatzeko, bakoitzak bere modua bilatzen du. Batzuk bidaiatzera doaz. Herrialde berriak eta jende desberdina ezagutzeko grina horren atzean, norberaren fantasmak uxatzeko itxaropena dago: planetako punturen batean gurekin hitz egin dezakeen pertsona topatzeko itxaropen sekretua».
Bidaia frakasoa dela diote batzuek: arazoei aurre egiteko gai izan ez eta ihesa aukeratzea, kilometro mordoa egin arren etxean geneukan horma beraren kontra talka egiten duen ihes beti frakasatua. «Gizakiaren desgrazia guztiak bere gelan lasai gelditzeko ezintasunetik datoz», idatzi zuen Blaise Pascalek.
Cees Nooteboom, aldiz, haserretu egiten da Pascalen esaldi hori behin eta berriz gogoratzen diotelako. «Bidaiariak etengabe jaso behar ditu etxean gelditzen direnen galderak», idatzi zuen “Hotel Nómada” liburuan. «Elkarrizketetan behin eta berriz galdetzen didate gauza bera, zergatik bidaiatzen duzu hainbeste, ihes egiteko modu bat al da? Neure buruarengandik ihesean nabilela adierazi nahi didate. Nortasun diaboliko, patetiko, hauskor bat irudikatzen dute, itsasora edo basamortura bultzatzen nauena. Egiazko erantzunak ikasketa eta meditazioarekin zerikusia du, jakin-minarekin eta harridurarekin, baina ez da hain ikusgarria».
«Baudelairen arabera, bidaiariak ilusio faltsuz beteta abiatzen dira», dio Nooteboomek. «Bidaiek ‘jakituria mikatza’ ematen diete, mundua txikia eta monotonoa dela aurkitzen dutelako, eta euren bizitzaren isla gordina bueltatzen dielako: ‘Izu-laborrizko oasi bat, basamortu aspergarri baten erdian’. Horrela ikusita, errealitateari ihes egiten diona etxean gelditzen dena dela esan daiteke, eguneroko errutinari lotuta, ezin duelako jasan bidaiak ematen duen jakituria mikatz hori. Niri berdin zait heroia nor den, garrantzitsuena da norberak bere arimaren aginduak betetzea, kosta lain kosta». •

