Ramon Sola

Garaiezina zirudien nafar erregimenaren arrastorik ez

Non demontre daude Nafarroako erregimenaren arduradun eta zaleak? Buruan dabilkit galdera hauteskundeen ostean, bai eta hauteskundeen aurretik ere eskuin espainiarzalearen jarrera baldarra ikusita, M24koa haientzako «bataila guztien ama» zenik sinistea kosta egiten baita. «Erresistentzia garaia inauguratuta gelditzen da», irakur daiteke Navarra Confidencial webgunean, aldarri moduko batean. Baina salbuespena da mezua: orokorrean, isiltasun susmagarria baino ez. Non daude eta zertan?

Espero ez zuen agertokia bat-batean gainera etorri zaie UPNri eta enparauei. Ezin esan ustekabe osoa izan denik, erregimenaren zutabe guzti-guztiak herdoilduta zeudela, eta horietako asko hondatze bidean, aspaldi antzematen zen eta. Hala ere, errazegi eman dute amore, eta horrek hausnarketarako hainbat hipotesi zabaltzen ditu. Bata, erregimena ez zela guztiok uste genuen bezain sendoa; bi familiaren arteko talka (Sanz eta Barcina ikur) nabaria izan da UPNren barruan, baina bakoitzaren «bezero sareak» ere elkarren aurka nor baino nor ibili omen dira azkenaldi honetan. Bigarrena, kalkulu akats galanta egin dutela: bazirudien, horrela zioten-eta inkesta gehienek, gutxigatik bazen ere botereari eutsiko ziotela, baina, aldiz, gutxigatik, ia den-dena galdu dute. Hirugarrena, oraindik kartutxo guztiak ez dituzte erre: 1996an Nafarroaren eta EAEren arteko erakunde komun iraunkorra abiatu bezain laster Javier Otano gobernuburuaren Suitzako kontu korrontea kutxatik atera zuten bezalaxe, oraindik ere karta ezkuturen bat gordeta ote duten zalantza izan bada. Laugarrena, aurrekoa baino oraindik zertxobait makiavelikoagoa: Nafarroako aurrekontuen gainetik dauden hipoteka erraldoiak direla-eta (AHT, «itzalpeko bidesariak», Navarra Arena, Los Arcosko zirkuitua, Senda Viva, Osasuna, Volkswageneko BEZaren afera, eta abar amaiezina), kudeatzeko ardura galtzea ez da hain gauza tristea.

Ikusiko dugu zein den zergatia, baina begi bistako kontua da su amataezina ematen zuenak kea baino ez dirudiela orain, eta hori ere azkar-azkar desegiten ari dela. Non dira, bada, hainbeste urtez garaiezin jo ditugun boteregune horiek guztiak? Opus Dei, CEN, UGT eta CCOO, ‘‘Diario de Navarra’’, Volkswagen bera? Ez dira inondik ageri ez urte luzez erregimenaren ikur izan diren prohombre horiek (Antonio Catalan enpresaria, esaterako), ez eta ezkuturik sumatu ohi ditugun errekete modernoak. Adierazgarri samarra da bataila erabakigarriaren zama guztia politikoki hain arina zen Javier Esparza hautagaiaren bizkarrean utzi izana. Bitartean, Yolanda Barcinaren nora eza agerikoa izan da, Madrildik egungo Nafarroa nazien aurreko Alemaniarekin alderatu duenean; mandatari ahalguztiduna zen gertuko garaietan laster barkatuko zioten akatsa, baina, orain, galtzaile dela, bortizki etorri zaio aurka. Enrique Mayak ere bere neurria eman du, herriak hautatutako zinegotziak udaletxetik at utzi dituenean, kale gorrian. Eta Miguel Sanz bera ere mutu; bada albiste.

Zalantzak eragin ditzake gobernu alternatiboaren osaketak eta geroko bilakaerak, baina ez da gutxiagokoa bloke espainiarzalearen etorkizunari dagokiona. Porrotaren shock hutsa baina sakonagoa ematen du bere krisiak. Eta, neurri batean, ulergarria da. Erregimena deitzen genuen hori ez da inoiz boteregunetik kanpo jardun: agintea eskuetan zutela jaio, ugaldu eta hil dira hiru belaunaldi jarraian. Erresistentziaren kontzeptua oker aipatzen dute orain, benetako erresistentzia orain arte egindakoa izan baita, ez besterik. Gezurrez eta beldurrez baliatu dira hamarkada hauetan guztietan: «Nafarroak erabakitzen du» zen gezurra; «que vienen los vascos», mamua. Ondo ba. Etorri dira jada «baskoak», ia gobernu guztietan daude, eta nafar herritarrei hitza eta erabakia emango dieten bakarrak beraiek direla gero eta argiago dago. Mozorro horiek gabe, biluzik dira. Gehiengo berriak fin eta tentuz jokatuz gero, gainbeheran etor liteke sasinabarrismoa? Bai, baliteke. Asmatuz gero. •