Norekin ezkondu


Txarragoa da gezurrak esatea, erretzea baino. Tabakoak behintzat pentsatzen laguntzen dit, bizirik irauteko arrazoi bat izan daiteke kasu batzuetan. Kezkagarriagoa iruditzen zait zakil bat buruan tabernaz taberna ibiltzeko beharra daukanaren desesperantza, adibidez, edo, bakarrik egoteari dion beldurragatik ezkontzea erabakitzen duenaren ausardia falta. Kontuan hartuta, gainera, txortan egiteko, gaur egun, ez dagoela aldaretik pasa beharrik. Apaiz batek ez dizu miraririk egingo, alkate batek edo epaile batek ere nekez. Bizitza osorako maitasuna zin egitea gauza bat delako, eta zin egin duzuna betetzea beste bat. Hobe gauzak aldez aurretik diren bezala onartuko bagenitu, atsekabe bat baino gehiago saihestuko genituzke horrela.
Eustat-ek emandako azken datuen arabera ezkontzek gora egin zuten 2014an Euskal Erdian. Ez dirudi, gainera, joera gehiegi aldatu denik ordutik. Sagardotegietara antolatzen diren safariekin batera, ezkongabeari zor zaion agur festa, definitiboki, tradizio bihurtzen ari da gurean, rankingeko buru izateko borroka estuan dabiltza biak ala biak. Aspaldi elkartu gabeko lagunekin parranda egiteko aitzakia gogokoenetako bat bihurtu dira despedidak. Nahi duena egiteko eskubidea galtzera doanak merezi duelako azken egun bat, nahi duena lasai egin ahal izateko. Berarekin doazen kuadrillakoena babes moralaren izenean egindako sakrifizio txiki bat baino ez da.
Lizentzia hori besapean hurbiltzen dira asko Gasteizera, Logroñora, Zarautzera zein Guardiara larunbatero. Inguru ezagunetik kanpo edozer egitea beti delako lasaigarriagoa, biharamunean, bezperan egindakoak gogoratzeko lanak dituzunean, kontzientzia arazorik ez edukitzeko laguntzen du distantziak kasu honetan. Inguru arrotzak, arroztu eta harrotu egiten du bat. Egunero zapaltzen dituzun kaleetan barrena zakil bat buruan duzula ibiltzea pentsaezina baita gehienontzat, aipatu salbuespena kenduta, noski. Zakilarekin pentsatzea gauza bat da, eta zakil bat buruan lotuta paseoan ibiltzea beste bat, askoz esplizituagoa.
Hauteskunde osteko egunotan ere, ezkontza usaina nagusi da kaleetan. Nor maitatu erabaki beharra dago lehenengo, nork maitatuko zaituen haztatzen hasteko gero. Denbora mugatua daukate alderdiek norekin elkartu aukeratzeko, arroza pasa dakieke bestela, eta arroz lehorrak, eztei ondorenean eliz portaletara hurbiltzen diren usoak kenduta, ez du inor erakartzen.
Fededun herria gara oraindik, argi utzi dute hauteskundeetako emaitzek. Nahiago dugu betikoa, bere inperfekzioan, gauza berriekin esperimentatzen hastea baino. Zakila buruan duela gobernatuko gaituen baten bat, kasurako. Noizean behin adarrak jarriko dizkigula jakinda ere, maitatzen jarraituko dugun ohe laguna. Segurtasun sentsazioa emango digun norbait, nahiz eta gero, bere bekatutxoak egin. Nahiz eta gero, gauzak okertzen direnean, etxera umore txarrean etorri eta egurra eman, inongo errukirik gabe. Denborak, eta gero eta bolumen altuagoan jartzen dugun telebistak, sendatzen du dena. Beldurrari diogun beldurrak egiten gaitu fededun. Barkatzeko gaitasuna eta muturren aurrean duguna ez ikusteko abilezia modu naturalean garatu dugu. Modu na-tu-ra-le-an, ezkontzea bera bezala. Egun batez baino ez bada ere, geure buruak printze-printzesa bihurturik ikustea. Egun bat nahi duguna egiteko, ez dugu besterik eskatzen, askatasun mugagabe hori, eta ondorengo ajea pasatzen lagunduko digun kilokada ibuprofeno.
Neuk ere nahiko nuke ezkontzaren batera joan egunen batean, daitort. Aukeran, “Gato negro, gato blanco” filmekoaren antzeko ospakizun baten alde egingo nuke. Danubio ertzeko ijito familia baten ezkontza zoro horietako bat, bafleetatik musika balkanikoa topera edukiko duena etengabe, alkohola eta drogak ugari eta kontrolik gabe mahai gainean… jende zoriontsua herri libre batean.
Nirekin ezkonduko den baten bat baino ez dut eskatzen hemendik, trukean ezer eskatu gabe maitatuko nauena, bezperako lurrina txiza usainarekin nahastean portaleko atea zabaldu, etxeraino besoetan eraman eta ohean sartuko nauen hautagaia. Hori eta lau urtean behin aldatzeko eskubidea. •

