Antxon Illaro - ENEEK

Elikagai ekologikoak, planeta zaintzeko modu eraginkorra

Dagoeneko inork ez du zalantzan jartzen poloetako izotzak urtzen ari direla. Gero eta ezagunagoa egiten zaigu ere biodibertsitatearen galera areagotzen ari dela landare, animalia, narrasti eta intsektu espezie ugariren desagerpenarekin. Horiek eta beste asko aldaketa klimatikoaren erakusleak dira, ingurumenari ematen diogun tratu desegokiaren ondorio zuzenak, alegia. Ingurumenak daukan garrantziaren kontzientzia handituz doa, eta horren erakusle iragan berri den ekainaren 5a izan zen, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna. Urtero ingurumenaren babesera, bizitza ematen digun etxe handi honen zaintzara eskainitako eguna da aipatutakoa.

Planetaz arduratzeko modu eraginkor bat elikagai ekologikoak ekoitzi eta kontsumitzea da, elikagaiok naturaren ibilera errespetatuz ekoizten baitira. Izan ere, beren produkziorako ez da ez ongarri kimikorik, ez pestizida kimikorik, ez herbizidarik ez eta hazi transgenikorik erabiltzen. Eta horren ondorio, ekoizpen ekologikoak, ingurumena babestuz, kalitatezkoak eta osasuntsuak diren produktuak eskaintzen ditu. Ildo horri jarraituz, Galdakao-Usansolo Ospitalea eta Gurutzetako OSI Ezkerraldea Enkarterriko Unibertsitate Ospitalea mundu mailan ospatzen den Ingurumenaren Nazioarteko Egunera batu ziren berriro, ekainaren 5ean beraien menuak bertoko elikagai ekologikoekin prestatuz. Lehenengoak 2010. urtetik darama ekimen honekin bat egiten. Bigarrenak, aldiz, 2013tik. Elikagai ekologiko hutsez osatutako menuak eskaintzeaz gain, egunean zehar ingurumenaren zaintzarekin lotutako ekintza ezberdinak antolatu zituzten.

Kontuan hartzeko moduko erronka izan zen: Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak 850 menu eskaini zituen, 80 aldaera ezberdinekin, pazienteen beharrei erantzuteko. Kafetegiak berak ere elikagai ekologikoekin prestatutako menua eskaini zuen. Ospitaleko sukalde zerbitzuak, dietetikako zerbitzuaren babesarekin, elikagai ekologikoekin prestatutako plater tradizionalak eskaintzea izan zuen helburu, pazienteen zein kafetegiko bezeroen artean elikadura ohitura osasuntsuak bultzatu asmoz. Ahalik eta neurri handienean, tokiko ekoizleak izan ziren ziurtatutako produktu ekologikoak hornitu zituztenak (Arabako Lautadako garbantzuak, Karrantzako jogurtak, Zeberioko okela…).

Euskal osasun sarean, aitzindaria

Galdakao-Usansolo Ospitalea, bere aldetik, euskal osasun sarean aitzindaria da elikagai ekologikoekin lan egiterako orduan, 2010etik postre biologikoak eskaintzen baititu. Lehenengo ekimena Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta egin zuten 2010ean. Aurten ere, bosgarren urtez jarraian, 300 paziente ingururi menu ekologikoak eskaini dizkiete. Menua, noski, dieta ezberdinen arabera moldatzen dute. Kafetegiak ere hautazko menu ekologikoa eskaini zuen ekainaren 5ean. Galdakao-Usansolo Ospitalean Eurest enpresako dietista den Estefania Armentiak onartzen duenez, elikagai ekologikoak egokiagoak dira osasunarentzat, eta, gainera, horiek ekoizteko moduak ingurumenaren babesean laguntzen du. Amaia Llorente Ospitaleko Ostalaritza Zerbitzuko buruarentzat ere, ekimen honekin elikaduraren inguruko hezkuntza helarazi eta tokiko enplegua sustatzen laguntzen dute (gertuko nekazariei erostea lehentasuna da).

Llorenteren ustetan, produktu ekologikoak eskaintzea ospitaleak gizartearekiko duen konpromisoaren adierazle ere bada. Horrenbestez, Ospitaleak, gutxienez, plater ekologiko bat eskaintzen du hilean (ekoizleek eskainitako elikagai kopuruaren arabera gehiago ere izan daitezke). Fruta eta barazki ekologikoak ENEEKren ziurtagiria duen Mungiako ekoizle bati erosten dizkiote. Llorentek azaldu duenez, gainera, Galdakao-Usansoloko kasuan elikagai ekologikoen erosketak ez du aurrekontua garestitzen. Izan ere, hornitzaile ekologiko batekin modu iraunkorrean lan egiten dute eta denborarekin bientzat onuragarria den akordioa lortu dute.

Ingurumenaren Nazioarteko Egunean menu ekologikoak eskaintzearen ekimenak produkzio ekologikoak inguru naturalaren babeserako daukan garrantzia argi erakusten du. Gurutzetako eta Galdakao-Usansoloko ospitaleek, egindako apustuarekin, tokiko enplegua sustatu, ingurumenaren sostengarritasuna bultzatu eta elikagai osasuntsu zein zaporetsuak eskaintzen dituzte. Ekimena abiapuntu izan daiteke ospitaleak era iraunkor batean menu ekologikoak eskaintzen hasteko, bai egun puntualetan bai egunerokoan. Hori urte osoan zehar eginez, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ekainaren 5etik harago eramango litzateke. Planetaren zein gizakion mesedetan, egun guztiak bizi behar direlako ekainaren 5ak aldarrikatzen dituen baloreekin.