Iraungitze data
Ekainaren 13an da San Antonio eguna, mundu guztiak daki santu honen bueltan ospatzen direla festak Euskal Herriko hainbat txokotan, Ereñozun, Errezilen edo Urkiolan adibidez. Hau irakurtzen ari zarela imajinatu, ohiturak dion bezala, Urkiolako meteoritoaren inguruan bueltaka ari direla Euskal Herriko neska zahar eta mutil zahar guztiak. San Antoniori eskatzeko senar edo emazte on bana, abestiak dion bezala. Baina noiz jartzen zaio pertsona bati eta bereziki emakume bati “neska zahar” etiketa?
Zenbat urte nituen galdetu zidan orain gutxi 70 urteren bueltako gizon batek. 29 egiteko nituela esan nion. Bigarren galdera ea mutil-lagunik banuen. Ez zen bere buruan beste aukerarik sartzen nonbait. Erantzun hori nire baitarako gorde eta ezetz erantzun nion. Gizonak irribarretsu jarraitu zuen: «Urtebeteko epea duzu orduan nobioa bilatzeko, 30 urtetik gorako emakumeak gizonoi ez zaizkigu gustatzen». Berriz ere isilik geratzea hobe zela pentsatu eta irribarre egin nuen. Ez nion esan bera bezalako bat ondoan izatekotan hobe nuela bakarrik egon edo ea bere emazteak oraindik 30 urte zeuzkan.
Badirudi gizarte honetan 30 urteren bueltan bikoterik ez izatea delitua dela. Bereziki emakumeontzat. Ai gu gaixook, babestuko gaituen inor gabe. Bakarrik egotera kondenatuak. 30 urtera arte eskaparatean gaudenak, 35 urtera arte beherapenetan eta 40 urterekin almazen ilun batean gordeak eta baztertuak. Inongo printze urdinek ez gaituelako aukeratu bere gazteluko neskame izateko. Ez diogulako nonbait San Antoniori senar on bat eskatu behar beste aldiz edo Urkiolan ez ditugulako mareatu arte bueltak eman. 30 urtetan jarri zidan iraungitze data 70 urteko gizonak, baina ez da adin kontua horrela pentsatzea. Nire adin bueltan ere sumatzen baititut iraungitze data horrekin kezkatutakoak eta niri begira hori pentsatzen dutenak. Ustez gaindituta behar zuten ideiak eta aurreiritziak 2015eko San Antonio egunean oraindik ez dira iraungi. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
