Ainara Lertxundi
Entrevista
BatirtzeCabello
IRAKASLEA IRUÑEAN

«Jendeak Nepal bere agendatik kentzen badu, hondamendia izango da beraientzat»

Irakaslea ogibidez, Nepal ezagutzeko desira zuen aspalditik. Bertan zela, apirilaren 25eko lurrikara gertatu zen. Laguntza sare bat josten hasi zen orduan.

Batirtze Cabello irakasle nafarra Nepalen zen oporretan herrialdea suntsitu zuen lurrikara gertatu zenean, Tatopani herrian hain zuzen ere. Irakaslea Atarrabian, Nepalera hiru hilabeterako joan zen. Lurraren astindua bertatik bertara nabaritu zuen arren, hasiera batean ez zuen pentsatu hondamendia hain handia izan zitekeenik. Pixkanaka, beste bidaiari batzuen kontakizunari esker, lurrikararen gordintasunaz jabetzen joan ziren guztiak, eta, ahal bezala, nepaldarrei laguntza emateko asmoz antolatu ziren. Cabellok Facebooken “Nepal no oficial” orrialdea zabaldu zuen diru bilketa kanpaina bat abiatzeko helburuarekin. Jada 9.000 euro eskuratu ditu. Nepalen zela, ia 3.000 euro erabili zituen janaria erosten, eta bi herritan banatu zuen Topakhara hiriko musikari elkartearekin elkarlanean. Euskal Herrira itzultzean, hitzaldi andana antolatu ditu egoeraren berri eman eta laguntza beharraz ohartarazteko, montzoi garaia heldu baita jada Nepalera.

Zerk eraman zintuen Nepalera?

Apirilaren 9an abiatu nintzen. Himalaia mendikatea ezagutu nahi nuen, nire betiko ametsa baitzen. Nepalen hiru hilabete egoteko asmoa nuen. Annapurnako trekkinga egin nuen eta herrialdean barna bidaiatzeko asmoa nuen, bertako kultura eta giroa ezagutzeko. Aldi berean, gobernuz kanpoko erakunde txiki batekin harremanetan nengoen. Hori zen nire hasierako ideia.

Zer iruditu zitzaizun Nepalen aurkitutakoa?

Katmandura iritsi eta hurrengo egunean Pokhara hirira abiatu nintzen. Baimen guztiak eskatu ondoren, apirilaren 12an Annapurnako trekkinga egiten hasi ginen. Zoragarria izan zen. 800 metrotan hasi eta 5.416 metrotan bukatzen duzu. Paisaiari nahiz kulturari dagokionean, oso anitza da Nepal. Trekkinga bukatzeko bi egun faltan, lehenengo lurrikara gertatu zen, apirilaren 25ean. Nirekin zeudenak beraien enbaxadekin ipini ziren harremanetan. Nire burua apur bat galduta ikusi nuen une horietan. Pokharara jaitsi ginen eta lurrikararik gertatu ez balitz bezala zegoen dena. Eraikinak Katmandukoak baino sendoagoak dira eta hiria bera harri gainean eraikita dago. Katmandu, berriz, harea gainean eraikita dago eta uhin sismikoa azpitik pasatzean eraikinak bota zituen. Sentsazio benetan arraroa izan zen. Jakin badakizu zerbait larria gertatu dela, eta lurrikara bera sentitu duzu, baina ez genuen hondamendirik ikusi gure inguruan. Hiria normal-normal zegoen. Iaz, Ekuadorren nengoela, lurrikara bat izan baita. Ez nuen pentsatu ere egin Nepaleko lehen lurrikara hark halako txikizioa eragingo zuenik. Egun horretan, erabateko normaltasunez jokatu nuen; bazkaldu, siesta egin... Tatopani izeneko herrian geunden; tato beroa datokiko hizkuntzan eta pani ura. Arratsaldea bertako ur beroko termetan igaro genuen. Itzultzean, erabat jota zeuden Danimarkako gazte batzuekin topo egin genuen. Haiek gertatutakoa kontatu ziguten. Orduan hasi gienen benetan jabetzen egoeraren larritasunaz. Txileko bikote batekin, argentinar batekin eta Bartzelonako neska batekin nengoen. Lehenik eta behin, enbaxadara deitu genuen informazio eske. Bartzelonako neskak eta nik Gobernu espainolak Indian duen kontsularekin hitz egin genuen. Pokharara joateko esan zigun, leku segurua zelako; telefonoaren bateria beti kargatuta izatea eta janaria nahiz edaria eskuratzea gomendatu zigun. «Zorte on», esan zigun elkarrizketa amaitzean. Harrituta gelditu ginen bere erantzunarekin, batez ere gainontzeko kideen enbaxaden jarrera eta protokoloa ikusita. Latinoamerikako kideak Katmanduko hotel berean bildu zituzten eta, guri, aldiz, «zorte on» besterik ez zigun esan. Nafarroako mutil baten bitartekaritzari esker, Pokharako musikarien elkarteko kideekin harremanetan jarri nintzen. Hamabost musika taldek osatzen dute. Lan izugarria egiten ari dira kalean kontzertuak antolatuz. Ekainean zehar Nepaleko musika talde ospetsuenek kontzertuak emango dituzte Pokharan.

Eta horrela bururatu zitzaizun Facebook sare sozialean orrialde bat zabaltzea dirua biltzeko.

Facebooken orrialde bat zabaldu nuen, “Nepal no oficial” izenburupean. Bertan grabatutako bideoak, laguntza eraman genuen herrietako argazkiak... topa daitezke. Orain, Euskal Herrian nagoela, Nepaleko egoeraren berri emateko antolatu ditudan hitzaldien gaineko informazioa ere jartzen dut, eta bertako kontaktuek irudiak eta argazkiak bidaltzen dizkidate, jendeak ikus dezan zer egiten ari garen emandako diruarekin. Kontu korronte bat zabaldu nuen. 9.000 euro lortu ditut jada. Besteak beste, NUPeko langileek, Tafallako txistulari eta dantzariek, Eunate ikastetxeko irakasle eta ikasleek, nik lan egiten dudan ikastetxeko lankideek eman dute dirua. Baita norbanako askok eta askok ere, noski.

Nola bideratu duzu diru hori?

Bada, ia 3.000 euro Nepalen bertan nengoela gastatu nituen. Arroza, dilistak, olioa, mantak, babesgarriak... erosi eta banatu egin genituen, gehienbat bi herritan. Familia bakoitzari janari poltsa bat banatu genien, guztiei berdina. Herriko batek, herritar guztien izen-abizenak idatzita zituen zerrenda batean eta banan-banan deitzen joan ginen, familia bera bi aldiz pasa ez zedin. Oso pozik gelditu ziren laguntzarekin. Joan ginen bigarren herrian etxe guztiak erorita zeuden. Hiru asterako janari nahikoa eraman genien. Hiru nepaldar, Granadako mutil bat eta ni geunden. Herritarrek oso pozik hartu gintuzten, ordura arte jaso zuten laguntza txikiagoa izana baitzen.

Handik jakinarazi didatenez, kanpin dendak eta bestelako babesgarriak behar-beharrezkoak dira etxerik gabe gelditu direnentzat, montzoien denboraldia iritsi baita. Bestalde, Pokharako musikari elkarteari komunak erosteko dirua bideratu diot. Garbitasun ezaren ondorioz, kolera bezalako gaixotasunak oso erraz zabal daitezke. Hori gerta ez dadin, komunen beharrean daude. Egian esan, hamaika gauza behar dituzte.

Nola jokatu dute oro har Nepalen lurrikara gertatzean zeuden atzerritarrek?

Pokharan geunden atzerritar gehienok laguntza antolatzeari ekin genion lurrikararen ondotik. Ni, esan bezala, aipaturiko musika elkartearekin hasi nintzen elkarlanean, baina nire egoera berean zeuden atzerriko beste bidaiari batzuk ere antolatu egin ziren. Beraiekin batera eltxo sareak erosi nituen, esaterako, eta horiek kamioietan antolatu genituen gero banatzeko.

Beharrezko materiala erosterik ba al zenuten?

Pokharan denetarik zegoen, deus ere gertatu izan ez balitz bezala. Lurrikararen eragina oso eskasa izan zen. Bertako azoketan denetatik zegoen. Musikariekin joan nintzen lehenengo aldian, bertan egin genituen erosketak. Bigarren aldian, beste herri batera joan ginen bertako ekonomia sustatzeko.

Ia bi hilabete igaro dira lehen lurrikaratik. Hori gutxi ez eta montzoiak gainean dituzte. Zure hizketaldietan laguntzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu duzu, denbora pasa ahala gertatutakoa ahazteko arriskua baitago.

Laguntza handia behar dute. Babesa da lehentasuna. Hiru hilabetez montzoiek gogor jotzen dute herrialdea eta ezin dira egon babeslekurik gabe.

Noiz arte mantenduko duzu Facebookeko orrialdea zabalik?

Nire asmoa hitzaldien bidez laguntza beharra eta Nepalen egindako lana gizarteratzea da, eta, zergatik ez, laguntza zuzenean eskatzea. Bide asko zabalik daude laguntza bideratzeko. Nirea oso bide pertsonala da. Kasualitatez egokitu zitzaidan Nepalen egotea lurrikara gertatu zenean. Gorputzak nepaldarrei laguntzea eskatzen dit. Jendeak dirua ematen duen bitartean izango dut zabalik orrialdea. Suposatzen dut iritsiko dela une bat non ez dudan diru sarrera gehiagorik jasoko. Orduan, agian, amaitutzat emango dut. Baina oraindik jendea laguntza ematen ari da. Mugitzeko eta dirua ahalik eta azkarren bidaltzeko beharra dute nepaldarrek. Lagundu nahi duenak aukeratuko du egokien iruditzen zaion bidea. Niri, laguntza zuzenaren bidea aproposena iruditzen zait, bertatik bertara bizi izan dudalako egoera. Laguntzaren oso zati txikia iritsi da Nepalera eta Gobernuak oztopoak ipini ditu. Horregatik, zuzenean laguntzea azkarragoa eta eraginkorragoa da. Norbaitek lagundu nahi badu, zuzenean egin dezala gomendatuko nioke, ahalik eta bitartekari gutxien erabiliz, alegia. Pokharako musikarien elkarteak beharren diagnostikoa egiten du, eta, horren arabera, beharrezkoa erosi eta zuzenean banatzen du. Hori da protokoloa. Ez du zentzurik zuk pentsatzea gauza jakin baten beharrean daudela eta benetan hala ez izatea.

Lurrikarak lurrikara, zer mezu helarazi nahiko zenieke irakurleei?

Hitzaldiak mezu positibo batekin amaitzen ditut. Nepaletik iristen zaizkigun irudi guztiek lurrikararekin zerikusia duten arren, zonalde askotan ez du eraginik izan, hortaz, ez dago bertara joateko arriskurik. Turismoak berebiziko garrantzia du Nepaleko ekonomian. Jendea Nepalera bidaiatzera animatuko nuke. Jendeak herrialdea bere agendatik kentzen badu, hondamendia izango litzateke Nepalentzat. Beraien hitzetan, laguntzarik onena bertara joaten jarraitzea da. Urte asko beharko dituzte lurrikarak txikitutako herriak berreraikitzeko, baina beste zonalde batzuk ez ditu kaltetu. Benetan sinesten dut herri eder bat ezagutzeko benetako aukera daukagula.