Albisteetan jendartean baino hilketa gehiago


Albistea jendartean politikoki parte hartzeko gakoak ematen dituen informazioa da. Ez da kasualitatea 2008ko krisialdi ekonomikoarekin batera hedabideek albisteak arintzea eta izua eragiten duten hilketen berri ematea. Hau da, langabeziaren beldurrez soldataren zenbatekoa gutxitu digutenean, hedabideek politikari erreparatzeari utzi diote.
A8 autopistan auto istripurik dagoenean, lehen orrian argazkia izaten du. Istripuak albiste dira? Informaziorik ematen dute? Istripuek argazki ikusgarriak ematen dituzte. Azken batean, istripuaren informazio osoa argazki horrek ematen du: «Oiartzungo supermerkatu batera auto bat sartu da» (2015/04/09, Eitb.com). Istripua azaltzen duen albistean, baina, ez dugu “zergatik” galderaren erantzunik aurkitzen, «zelan» baizik. Istripuen albisteek ez dute beharrizanik ekiditeko azalpenik ematen. Kazetaritza azken uneko albistea ematearekin lotzen bada ere, informazio soilak ez du gure jendartea azaltzen. Ignacio Ramonetek, “Le Monde Diplomatique”-ko zuzendariak, jaso bezala, «ikusteak ez dakar ulertzea». Istripuen irudiak ikusi arren, ez dugu ekiditeko gakorik ikasten, ez dakigu epaitegietan zer bide izango duten.
Istripuekin batera, lege-hausteek ere albistegiak hartu dituzte. Susana Soto Navarrok egiaztatu bezala, hedabideek gero eta lege-hauste gehiago erakutsi arren, gurean ez da aparteko hazkunderik izan, baina errealitateaz jasotzen dugun irudiak horixe baieztatzen du. Ez da egia azkenaldian sexu-eraso eta hilketa gehiago gertatzen ari direla. Etorkinekiko beldurra eragiten duen jokabidea da, kriminalitatea handitu den irudia ematen dutelako. Are gehiago, hilketarik gertatu ezean, hemerotekatik berreskuratu dituzte. “El Correo”-k, esaterako, orain hilabete, atal bati ekin dio: “Sucesos en la memoria”. Juan Carlos Aguilarrek Ada Otuya eta Jenny Rebollo hil ondoren, egunkariak jendartearen beldur horri eutsi dio: «El falso shaolín no es el único criminal psicópata que ha habido en Bilbao» (2015/05/15). “Sucesos en la memoria” atal berrian, “El Correo” Luis Gabriel Muñoz Izquierdoren eta Mikel Herman Belaustegigoitiaren krimenak gogoratzen hasi da. Hala ere, albistea ez da bi hiltzaileon gaurko egoera judiziala. Ez dakigu noiz aterako diren kalera eta ez dugu haien aurpegi eguneraturik ezagutu. Hiltzaileon izenak ere ez dira ezagunak. Zein da albistea, orduan? Virginia Acebes de la Huerta eta Aintzane Garai, hurrenez hurren, hil izana. Hau da, orain urte batzuetako albiste bera:
* «El asesino y violador en serie de Iturribide» (2015/05/15)
* «El asesino y violador del cuchillo de submarinista» (2015/06/01)
Hilketekiko justizia ez da kasuak ahaztea, hiltzaileen berri ematea baizik. Bestela, izen eta datu pilaketak dira, Siriako gudan hildakoen kopuruaren antzera edo bikotekidea hiltzen duten gizonen modura. Izen eta datu soilek hildakoekiko enpatia galtzea eragiten dute. Albistea ez da gertakaria bakarrik, gertatutakoa azaltzeko errealitatearen berri ematea ere bai.
‘The Guardian” egunkariak AEBetan poliziak azken urtean hil dituen 464 herritar afroamerikarren argazkiak lehen orrira ekarri ditu (2015/06/02), azken hilketaren berri zuzena eman barik. ‘The Guardian”-ek erakutsi du hilketen berri ematean ez dela kasu bakoitza aztertu behar, denek batera errealitatea azaltzen dutelako. Emakumeak hiltzea ez da kasualitatea, jokabide matxistaren azken urratsa baizik. Juan Carlos Aguilar hiltzailearen kasuan, adibidez, hedabideek ez zuten aipatu tratu txarrengatik bikotearengandik banandu zela eta ez duela harremanik seme-alabekin. Larriagoa da epaiketan bertan Aguilarren bikotekideak aitortutakoa jaso ez izana: sexurik izan nahi ez zuenean, bere alaba bortxatzeko mehatxua egiten ziola.
Albiste hutsek, irudi zirraragarriek eta «zelan» galderari buruzko xehetasunek gure errealitatea faltsutzen dute. Jendartean eragiteko gakoak eman behar dizkigute albisteek: ez garelako kontsumitzaile hutsak edo ikusle soilak, gure elkarbizitza erabaki gura dugun herritarrak baizik. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
