Estalkiaz


Iragan maiatzaren 18an zabaldu zen Donostiako Trinitate plazako frontoia estaltzeko arkitektura lehiaketa. Orain epaitza emango ote den ikusteke dago, gutun azalen irekiera sine die atzeratu baita. Xehetasun teknikoez harago (halako ideia-lehiaketa batean parte hartzeko esperientzia demasekoa eskatzea eta soilik 15 eguneko epea ematea ez da zentzuzkoa), eztabaida interesgarria piztu da estalkiaren aldekoen eta aurkakoen artean, ondare eraikiaren inguruko esku-hartze ugarirekin gertatu bezala.
Parte Zaharreko auzotarren eskaria da frontoia estaltzearena. Ia 30 urte baitaramatzate auzoan espazio estali duin bat aldarrikatzen, kirolerako zein bestelako ekitaldiak euripean antolatu ahal izateko. Gure alde zaharrak baitira ekipamendu eta espazio publikoen gabezia historiko handiena duten auzoak. Horrexegatik estali dira Euskal Herriko hainbeste frontoi azken urteotan: erabilgarritasunagatik.
Hala ere, eskaera sozialki etiko horrek estetikarekin egin du topo. Arkitekto batzuek defendatutako estetikaren ulerkera jakin batekin, zehazkiago: autore-obra jenial eta ukiezinarena. Estetikoa baino, estatikoa den ikuspegia. Plaza baten erabilera bizi eta aldakorraren gainetik argazki izoztu eta ustez miragarri bat ezarri nahi duena, kultura aitzakia gisa erabiliz. Baina babestu nahi den ondare mota ez da historian zehar gizartearen adimen kolektiboak hainbat geruza gainjarriz modu anonimoan eraikitakoa, baizik eta Artista (letra larriz) indibidual baten bat-bateko burutazio bikain eta errepikaezina. Horrenbestez, talentuaren erditze aparteko hori zertxobait eraldatzen duen guztia gaizki ikusiko da.
Trinitate plazaren «jatorrizko» proiektu bikaina aldarrikatzen dutenek alde batera utzi dute Luis Peña Gantxegi arkitektoa ez zela hutsetik abiatu hura proiektatu omen zuenean (proiektuaren planoak ez dira oraindik aurkitu eta Santos Etxebarria delineatzailearen papera funtsezkoa izan zela onartuta dago). Izan ere, leku hartan bazegoen plaza bat jadanik (hura okupatzen zuen kartzela 1890ean eraitsi zutenetik), bazegoen frontoi bat jadanik (orain dagoen berdina, hain zuzen ere, 1931tik bertan dagoena), bazegoen bolatoki estali bat jadanik (1956an eraikia, frontoiarekiko elkarzut, egun dagoena bezalatsu), eta bazegoen mailaditxo sotil bat jadanik (1936a baino lehenago eraikia). Pascual Marín eta Arturo Delgadoren argazki historiko ederrak ikustea besterik ez dago.
Hortaz, 1963an inauguratutako plazaren «jatorrizko» egoera berreskuratzea eskatzen denean, argi izan behar da Peñak 30 urteko erreboteko frontoi bat desitxuratu zuela (pareta bat botaz eta beste bat moztuz), baita bost urteko euskal estiloko bolatoki bat eraitsi ere. Aurretik zegoen ondarea ukitu egin zuen, beraz, baita sobera ukitu ere, emaitza bikaina erdietsiz, hala ere. Orduan, zergatik suposatu behar dugu aldez aurretik oraindik egin ez den estalki berria estetikoki kaskarra izango dela?
Egunotan entzundakoa: «Dudarik gabe, Peña lehiaketa honetara aurkeztuko zatekeen gaztetan». •


