Iratxe Esnaola
Informatika ingeniaria

Gaztetxoak, smartphoneak eta arauak

Gurasoekin smartphoneen gaia lantzen dudanean, barita magiko bat eskatuko balidate bezala sentitzen naiz sarri. Barita magiko bat, kasu askotan, smartphonea pare bat urte lehenago eman zietenean. Eta barita magiko bat, gaztetxo bakoitza mundu bat denean, baita guraso bakoitza ere. Eta zer esanik ez gaztetxoaren eta gurasoaren arteko harremana. Zaila da, hortaz, saio horietan eskatzen zaizkidan gomendio guztien aurrean erantzuna eskura izatea, ezagutzen dudan bakarra planteatzen didaten testuingurua edo gertakizuna baita, eta ez gaztetxoa, ez gurasoa, ezta euren arteko harremana zein klabetan eraikita dagoen ere.

Edozein kasutan, badira, modu orokor batean, smartphonea ematen zaien unean negoziatu daitezkeen arau batzuk. Baina oso garrantzitsua da une horretan bertan adostea arau horiek, ez behintzat ondoren. Arauek bi helburu izan behar dituzte nire ustez: erabiltzaile arduratsua izatea, eta smartphonearekiko menpekotasuna saihestea. Eta arauen gehiengo handi batek erabiltzaile arduratsua izateari erantzuten dio, eta era berean, menpeko ez izatea arduratsua izatearen eskutik dator.

Batetik, smartphonearen jabetzak, jabetzaren terminoetan arautu behar bada, hasiera batean gurasoena izan behar luke, eta nolabait maileguan ematen zaio gaztetxoari. Horregatik, smartphonearen SIM txartelaren gakoa eta pantaila desblokeatzeko gakoa edo patroia gurasoek ezagutu egin behar dute, eta aldatzen bada, aldaketaren berri izan.

Era berean, smartphonean instalatzen diren aplikazio guztien berri izan behar du gurasoak, instalatu aurretik, noski. Horretarako, konfiantza badago, gaztetxoak aplikazioa instalatzeko nahia adieraztearekin nahikoa da. Funtzionamendu hori egokia ez bada, badira aplikazioen erabilera gako bidez kontrolatzen duten aplikazioak, SmartAppLock kasu. Smartphonearen gaineko kontrolak gurasoena izan behar du, bere erabileraren nondik norako guztien berri izanez. Hasiera batean, gaztetxoaren intimitatea urratzeko asmorik gabe, elkarrizketak eta edukiak begiratzeko aukera izan beharko luke gurasoak.

Smartphoneak komunikazio kanal asko irekitzen ditu. Baina ez da aurrez aurre esateko gai ez garena adierazteko bidea. Azkarragoa agian bai, baina ez du ordezkoa izan behar. Mina egiteko ere ez da erabili behar, ez zuzenean, ez zeharka. Enpatia ezinbestekoa da, smartphonearen erabileran ere. Ez lituzkete birbidali behar jasotzen dituzten zurrumurru eta edukiak, beste norbaitentzat iraingarriak badira.

Smartphoneak kamera izango du. Modu erraz batean atera eta igo ahalko ditu argazki eta bideoak. Baina argazkiak bidali edo sare sozialetan partekatuko baditu, hausnar dezala partekatu aurretik. Ez dago bizitza osoa Interneten dokumentatzeko beharrik. Bizitzaren esperientziak bizi egin behar dira eta memorian erregistratzen dira, eta gerora gogoratzeak egingo ditu gero eta handiago. Hausnar dezala, partekatzen duen argazki ororen gaineko kontrola galdu egingo baitu, partekatu duen unean bertan. Pribatutasun totalik ez du inork, baina zaintzea eta gehiago ez galtzea bakoitzari dagokio.

Pribatutasunaren haritik tiraka, smartphonearen zenbakia informazio pribatu gisa ulertu behar da. Ez zaio edonori eman behar. Eta ez da sare sozialetan argitaratu behar. Ildo berean, smartponea ezagunekin komunikatzeko tresna bat da, komunikazio kanala edozein aplikazio dela ere. Eta gurasoen dei eta mezuei beti erantzun behar zaie.

Gaztetxoa erabiltzaile arduratsua bilakatzeko hainbat arau izan daitezke aurreko horiek guztiak. Baina arduratsua izatea, menpekotasunik ez izatea ere bada. Eskolara ez eramatea hobe, guraso edo arduradunekin komunikatzeko beharrik ez badu behintzat. Iluntzean edo adostutako orduan, smartphonea gurasoen eskuetan geratuko da, hurrengo egunera arte.

Funtsean, unean uneko eta lekuan lekuko esperientziak bizi eta gertakari horiekiko interesa eta jakin-mina izateak, biziago sentiaraziko du. Smartphone gabe ateratzen ikastea ere ez legoke gaizki, eta erabakiarekin lasai egoten jakitea. Smartphoneak bizitza eman eta kendu egiten baitigu uneoro. Helduoi ere. •